Alexis Tsiprasek dimisioa eman du, bozetan emaitza txarrak izan ostean

Greziako lehen ministro ohiak goratu egin du bera buru zela Syriza alderdiak egindako bidea

Alexis Tsipras Syrizako buruzagi ohi eta Greziako lehen ministro izandakoa, atzo, Atenasen. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Syriza ezkerreko alderdiak emaitza txarrak izan zituen aurreko igandean, Greziako Parlamenturako hauteskundeen errepikapenean, eta alderdi horretako lider Alexis Tsiprasek adierazi zuen buruzagi kargua militanteen esku utziko zuela. Bada, alderdiaren zuzendaritzarekin bildu zen atzo, eta Tsiprasek dimisioa eman zuen. Hala adierazi zuten Greziako hedabideek, alderdiko iturriak aipatuz. 2015etik 2019ra, herrialdeko lehen ministro izan zen Tsipras, eta, igandeko bozetan, duela zortzi urtekoetan lortutako botoen erdiak ere ez zituen bereganatu Syrizak.

Kyriakos Mitsotakis buru duen ND Demokrazia Berria eskuindarra nagusitu zen, nabarmen, igandeko hauteskundeetan, eta, aurreko legegintzaldian egin bezala, gehiengo osoarekin gobernatu ahal izango du. Hori zen, hain zuzen, Mitsotakisen asmoa, eta horregatik erabaki zuen maiatzaren 21eko bozak errepikatu zitezen bultzatzea. Lehen bozen aurretik, hain zuzen, Tsiprasek espero zuen gai izango zela koalizio aurrerakoi baten buru izateko. Baina emaitzek erakutsi zioten ez zuela modurik izango horretarako.

Atzo oposizioko lidergoa hartze aldera alderdiaren buruzagitza berritzera deitu zuen arren, Tsiprasek defendatu egin zuen azkeneko hamarkadan indar politikoaren buruzagitzan egindako lana. Hedabideek jaso zutenez, Tsiprasi iruditzen zaio lortu dutela Ā«ezkerreko alderdi txiki batĀ» zena gobernuan egondako alderdi baten, hau da, Pasok hegemonikoaren gainetik jartzea.

2004an sortu zuten Syriza, eta, urte bakan batzuk geroago, 2008an, mundu zabalean piztutako krisi ekonomikoak gogor jo zuen Grezia. Alderdiak abagune hori baliatu zuen bozkatzaileak erakartzeko, eta oposizioko indar nagusia izan zen 2012tik 2015era. Gobernura iritsi zen, baina, hain zuzen, Tsiprasek berak egin behar izan zituen, lehen ministro zela, troikak eskatutako murrizketa ekonomikoak, eta greziarrek ondo gogoan izan dute hura, txarrerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.