Ali Khamenei omentzen hasi dira Iranen

Herrialdeko lider gorena zenaren hileta ospakizunak egingo dituzte ostegunera bitartean. Agintariek espero dute asteburuan 15-20 milioi pertsona inguru joango direla hura agurtzera Teheranen.

Ali Khameneiren irudi bat gaur, Teherango Mosalla meskitan. Han omenduko dute. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Ali Khameneiren irudi bat gaur, Teherango Mosalla meskitan. Han omenduko dute. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 3a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Memorandum bat sinatuta egonagatik AEBek eta Iranek arre eta iso jarraitzen duten honetan, Ali Khamenei Irango lider gorena omentzen hasi dira gaur Teheranen. Agintariek hiriburua blindatu dute, eta espero dute bihar eta etzi 15-20 milioi pertsona inguru helduko direla hara, 1989tik aurtengo otsail bukaerara arte herrialdeko agintari erlijioso gorena izandakoa agurtzeko asmoarekin.

Hasteko, Mosalla meskitara eraman dute gaur Khameiren gorpua. Hilkutxaren gainean Irango bandera jarri dute, eta, hango Atzerri Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gaur hainbat herrialdetako ordezkariek omenduko dute. Ekitaldia ateak itxita egingo da, eta parte hartuko dute Shehbz Sharif Pakistango lehen ministroak, Georgiako presidente Mikheil Kavelaxvilik, Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak, Txinako Herri Batzar Nazionaleko Batzorde Iraunkorreko presidenteorde He Weik, baita Afganistango, Errusiako, Indiako eta Libanoko gobernuetako ordezkariek ere, besteak beste; guztira, 100 herrialde inguruko ordezkariek.

AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenean hil zuten Khamenei, otsailaren 28an. Teherango agintarien esanetan, lider gorenaren alaba zaharrena, biloba bat, suhi bat eta errain bat ere hil zituzten orduan. Lider gorenaren seme Mojtaba ere hiltzen ahalegindu ziren eraso hartan. Bizirik atera zen, baina, Teheranen beraren arabera, larri zauritu zuten. Aitaren lekua hartu zuen, baina geroztik ez du agerraldi publikorik egin.

Khamenei hil zutenetik lau hilabete baino gehiago pasatu diren honetan antolatu dituzte hileta ekintzak, eta ostegunera arte iraungo dute. Bihar eta etzi, herrialde osotik iritsitako herritarrek aukera edukiko dute Mosalla meskitan lider gorena omentzeko. Aurreikusirik dolu publikoko ekintza hori oso jendetsua izango dela, bihartik astelehenera bitartean itxita egongo dira hiriburuko bulego publiko eta pribatuak, agintariek hala eskatuta. Trafikoan murrizketak ezarriko dituzte, eta, aldi berean, garraio sare publikoa indartuko dute, baita eskolak, meskitak eta kirol instalazioak baliatu ere, lider gorena agurtzera joaten direnek ostatu hartzeko.

Praktikan, erreferendum bat

Lider gorena zena ez ezik, egun berean hil zituzten haren senideak ere omenduko dituzte asteburuan Teheranen. Eta Irango agintariek batasuna erakusteko baliatu nahi dute hori guztia. «Martiriak agurtzeko jendetza egotea, hori bera, praktikan erreferendum baten modukoa izango da errepublika islamiarrarentzat», adierazi du Mohammad Saidi aiatolak gaur, ostiraleroko otoitzean, Qomen, hango hedabideek jaso dutenez. Agintariek gogoan dute errepublika islamiarren sortzaile Ruhollah Khomeini aiatolari 1989an egindako hileta, eta espero dute orduan baino jende gehiago joango dela Teheranera. 

Dena den, hiletako ekintzak ez dira mugatuko hiriburuan antolatu duten omenaldira. Astelehenean, Qomerako bidea hartuko du hilkutxak. Hiriburutik 160 kilometro ingurura dago, eta herrialdeko gune erlijioso nagusia da. Asteartean Qomen edukiko dute hilkutxa, eta asteazkenean Irakera eramango dute, Najaf eta Kerbala xiiten hiri santuetara, hain zuzen. Ostegunean, azkenik, atzera Iranen, lur emango diote Khameneiri Maxaden, jaioterrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA