Mosku eta Pekin elkarrengandik urrun daude geografikoki, 6.000 kilometro ingurura, baina mugakide dira Errusia eta Txina, eta zera erakutsi dute gaur Vladimir Putin eta Xi Jinping presidenteek: mugakide izateaz gain, adiskide eta aliatuak ere badirela bi potentziok. Dagoeneko gordeak dituzte Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen bisitaren harira joan den astean altxatu zituzten bandera marradun eta izardunak, eta Errusiako banderekin apaindu dute Pekingo Tiananmen plaza; Xik hortxe egin dio harrera bere lagunari, Herriaren Areto Handiaren atariko eskaileretan. Bi herrialdeen arteko lankidetza sendotu dute hainbat akordio sinatuta, nazioarteko harremanez mintzatu dira, eta energia sektorea ere izan da bilerako ardatzetako bat.
Txina baita Errusiari petrolio gordin gehien erosten dion herrialdea, haren esportazioen erdiak gutxi gorabehera; gas naturala, gas natural likidotua eta ikatza ere badira aintzat hartu beharreko lehengaiak. «Noski, prest gaude erregai horien guztien etenik gabeko hornidura modu fidagarrian eta egonkorrean bermatzeko Txinako merkatuari, zeina geroz eta azkarrago ari den hazten», esan du Putinek. Are, Kremlinek ohar batean iragarri du bi presidenteak bat etorri direla energia sektoreari dagokion «itun garrantzitsu» bati buruz, baina ez du horri buruzko xehetasunik eman.
Errusiatik heltzen zaion energiaz aparte, Txinak Persiar golkotik, Ormuzko itsasartetik, inportatzen ditu petrolio gordinaren %40 eta gas naturalaren %30, nahiz eta Iranek eta AEBek norbere kasa ezarritako blokeoek kolokan jarri duten lehengai horien hornidura. Nazioarteko gatazkak hizpide, Xik ohartarazi du «kinka larrian» dagoela Ekialde Hurbila, eta, haren iritziz, «onartezina» izango litzateke gerra are gehiago gogortzea, hain justu kontrakoak emango lukeelako modua energia hornidura eta nazioarteko merkataritza «egonkortzen» laguntzea: «Behar-beharrezkoa da etsaikeria guztiak etetea».
Putinek nabarmendu du «nazioarteko ordena justu bat» garatu behar dutela Moskuk eta Pekinek, irizten baitio «berebiziko» zeresana dutela. Ez du inolako gatazkarik zuzenean aipatu, baina esan du badirela munduko koiunturari eragiten dioten «zenbait faktore kaltegarri». Anfitrioiak ere salatu du agerikoa dela «alde bakarreko hegemoniarako joera», eta erantsi du, bi herrialdeak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak eta potentzia «handiak» direnez gero, bien arteko lankidetza estrategikoari «luzera begira» erreparatu behar diotela «munduko gobernantza zentzuzkoago bat» lortzeko, Txinako Xinhua agentziak kaleratu duenez.
Adierazpen bateratu bat ere kaleratu dute Putinek eta Xik; keinu hori bada bi herrialdeen arteko harreman estuaren erakusle —joan den astean, Trumpek eta Xik ez zuten halakorik sinatu—. Horretan, ohartarazi dute «geroz eta konplexuagoa» dela munduko egoera, eta badela arriskua «oihaneko araua» gailentzeko. Hori bai: «Porrot egin dute, kolonialismo garaiko izpirituak bultzatuta, hainbat estatuk nazioarteko auziak beren kabuz kudeatzeko egindako saiakerek, baita mundu osoari beren interesak inposatzeko eta beste herrialde batzuen garapen subiranoa mugatzeko ahaleginek ere».
Txinako presidenteak adierazi du konfiantza dela bi potentzien arteko hartu-emanaren ezaugarririk «bereizgarriena». Horren harira, luzatu egin dute Pekinen eta Moskuren arteko Auzokidetza Onaren, Adiskidetasunaren eta Elkarlanaren Ituna; 25 urte beteko ditu aurten. Xiren esanetan, dokumentu hori izan da «adiskidetasun iraunkorra eta koordinazio estrategikoa lortzeko oinarria». Errusiako presidenteak berak eta Jiang Zemin ordu hartako Txinako presidenteak sinatu zuten, 2001ean, merkataritza harremanak indartzeko eta multipolartasuna bultzatzeko asmoz.
Ahmadineyad zen israelen eta AEB-en apustua
Israelek eta AEBek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenean, otsail amaieran, beren asmoa zen Mahmud Ahmadineyad herrialdeko presidente izandakoa (2005-2013) jartzea agintean. Hori kaleratu du gaur The New York Times egunkariak, AEBetako iturri ofizialak eta buruzagi ohiaren bazkide bat iturri gisa aipatuz. Aiatolen sistemarekin kritikoa zen, eta etxeko atxiloaldian zegoen. Erasoaldia hasi zenean bonbardaketa bat gertatu zen bere etxearen ondoan, eta, informazio horren arabera, orain ez dago argi non dagoen. Bestalde, Teheranek jakinarazi du gaur azken 24 orduetan 26 ontzik zeharkatu ahal izan dutela Ormuzko itsasartea.
Bestalde, nazionalitate errusiarra duten herritarrek ez dute bisa erakutsi beharrik Txinara joateko, baldin eta bidaia 30 egunekoa edo gutxiagokoa bada. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, Guo Jiakunek, iragarri du gaur emandako prentsaurreko batean 2027 amaierara arte luzatuko dutela neurri hori. 2025eko irailean ezarri zuten.
Ukraina eta Taiwan
Nazioartea ez ezik, Pekinek eta Moskuk Ukrainako inbasioa izan dute hizpide adierazpen bateratuan. «Bake iraunkorra» lortzeko ahaleginen alde egin dute, eta nabarmendu hori lortzeko modua «elkarrizketak eta negoziazioak» direla —2022ko otsailean piztu zen gatazkako bi aldeen arteko diplomazia, ordea, ez atzera eta ez aurrera dago—. Era berean, Errusiak eskerrak eman dizkio Txinari «jarrera objektiboa eta inpartziala» izateagatik; izan ere, Ukrainaren subiranotasuna errespetatzen duela esan izan du, nahiz eta, aldi berean, berretsi ulertzekoak direla Errusiaren kezkak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedapena dela eta.
Pekinek ere badu bestelako fronte bat: Taiwan. Joan den astean, Xik Trumpi jakinarazi zion Washingtonek irla horren auzian duen jarrerak baldintzatuko duela munduko bi potentzia handienen harremana. Iazko abenduan, AEBek Taiwani 11.000 milioi dolarreko —9.400 milioi euroko— arma salmenta bat egitea onartu zuen, orain arte herrialde horri egindako handiena. Joan zen asteko bileraren ostean, Trumpek esan zuen pentsatzen ari dela 14.000 milioi dolarreko —12.000 milioi euroko— beste salmenta hori berretsi edo ez: «Agian onartuko dut, agian ez», adierazi zuen Fox News katean egindako elkarrizketa batean.
Lai Ching-te Taiwango presidenteak esan du gaur, prentsaurreko batean, AEBei armak erostea «beharrezkoa» dela herrialdearen «segurtasuna» bermatzeko. Iragarri du gobernuak «zuzenketak» egingo dituztela gastu militarra handitzeko. Horren harira, Txinako Gobernuko Taiwango Kontuetarako Bulegoko bozeramaileak azaldu du Washingtonek ez duela «aitortzen» Taiwanen independentzia, ezta hori «onartzen» ere; «falazia separatistak» saltzea leporatu dio Lairi.
Izan ere, Txinarentzat, Taiwan bere lurraldearen parte da oraindik, eta ez du baztertzen jarrera hori militarki defendatzea. Washingtonek anbiguotasun estrategikoa delakoari jarraitzen dio auzi horretan; hau da, galarazi egin nahi du Txinak hura kontrolpean hartzea, baita Taiwanek nazioartean estatu gisa aitortza izatea ere.