Amets amerikarrak ez du mugarik. Kontakizun ofizialaren arabera, dena posible da bandera izardun eta marradunaren herrialdean, eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea saiatu, saiatu da hori horrela dela erakusten, haren ameskeriak ondoan dituen herrialdeak lo egin ezinik uzteraino. Duela urte eta erdi kargua berriro hartu zuenetik, bereganatu egin nahi izan ditu ingurukoak, bere menpeko estatu edo lurralde bihurrarazi. Proposamen horrek ez ditu lotsa gorritan utzi kanadarrak; aitzitik, antzeman dakiekeen gorritasunak gehiago du amorrutik.
«Gogoetatzea nor garen, zeren alde jardun behar dugun, gure iruditeria eta historia zer gertakarik osatzen duten, nola nahi dugun gainontzekoek geu ikustea... Historikoki, Ameriketako Estatu Batuek erronka botatzen digutenean gertatu izan da hori». Donal Gill Kanadako Politikako irakaslea da Montrealgo (Quebec) Concordia Unibertsitatean, eta adierazi du herrialdeak «erantzun onak» behar izan dituela galdera horientzat, eta batik bat honentzat: estatubatuarra ez izateaz gain, zer da, bada, kanadarra izatea?
«Edozein nazionalismorekin gertatzen den bezala», azaldu du irakasleak, kanadarra izateak ez du esanahi bera guztientzat; garaiaren arabera aldatuz joan da, eta aintzat hartu behar da eskualde bakoitzean nazionalismoak baduela «adierazpen propioa». Herrialde askotan tokian tokiko azpikulturek kultura nazionalari eragiten dioten bezala, Kanada ere izan da eta bada horren adibide, harik eta, hein batean, Trumpen administrazioaren eldarnioak heldu diren arte: merkataritza libreko akordioa kolokan jartzen duten muga zergak eta 49. paraleloaz gaindiko herrialdea AEBetako estatu izateko tema.
«Kanada basailu bihurtzeko xedez Ameriketako Estatu Batuek botere ekonomikoa erabili izanak jende asko altxarazi du»
DONAL GILL Irakaslea Concordiako Unibertsitatean
Apeta horiexek berek azaltzen dute, hein handi batean, nolako ezinegona eragin duen Kanadaren herrialde mugakideak duela urte eta erdi pasatxotik hona —alegia, behinola telebistako lehiaketa batean negozio-gizon fama hartu zuena Etxe Zurira bueltatu zenez geroztik—, eta baita, Gillen arabera, kanadarrek zergatik kontra egin duten ere: «Hain handia eta zabala da herrialdea, eskualdeen arteko zatiketa beti dago bor-bor, eta badira urteak oso eroso egon direna Kanadako nazionalismoaren azaleko eredu batekin». Erantsi duenez, beti dute eskualdeen desberdintasun ekonomikoek, sozialek eta kulturalek «batasun nazionala» estutu dezaketelako kezka, «eta, batzuetan, hobe izaten da herrialde gisa ez hizketagai izatea nor garen».
«Kanada basailu bihurtzeko xedez Ameriketako Estatu Batuek botere ekonomikoa erabili izanak jende asko altxarazi du, eta zera esan dute: ‘Ez, harro nago kanadarra izateaz’», Gillen arabera. Ondoko herrialdeari «desafioa» bota diotela azaldu du, eta hamarkada luzez herrialdean ikusi ez den sentsazio bat nabari dela orain, «patriotismo emozional moduko bat».
Abertzaletasunaren auzia
Kanadarra izatea estatubatuarra inolaz ere ez izatea denez gero, abertzaletasuna «modu oso antiestatubatuarrean» adierazten da batzuetan, irakasleak adierazi duenez. Adibidez, eta aukerarik «erosoena» ekonomia kontinentalarekin bat egitea den arren, Trumpen neurriekin kontent ez dauden kanadarrak ahaleginean ari dira mugaz bestaldetik heldutako produktuak boikotatzeko, eta bertakoen aldeko apustua egiteko.  Mark Carney Kanadako lehen ministroak joan den astean esan zuen bezala, «erabakiak sukaldeko mahaian hartzen dira», eta horren jakitun daude bai herritarrak eta bai dendak, astigarraren hostoa geroz eta gehiago ikusten baita korridoreetan. Horixe da, hain zuzen, Kanadako sinbolo nazionala, banderan ere badutena.
Abertzaletasuna hanpatu den honetan, hedabideetan-eta behin baino gehiagotan aipatu izan dute Robert Grant filosofo eta pentsalari kanadarrak 1965ean idatzi zuen Lament for a Nation saiakera (Atsekabea nazio batentzat), zeinean ohartarazi zuen herrialdeak ez zuela etorkizunik nazio gisa, «AEBetako kapitalismoaren filial» bihurtu zenez gero: «Agian poztu egin beharko genuke Kanadaren desagerpenaz». Aberriaren gainbeherak kezkatuta Grantek idatzitakoek, ordea, nazionalismoa hauspotu baino ez zuten egin. Kanadakoa ez ezik, Quebecekoa ere bai: indarra hartu zuten lurralde hartako abertzaletasunak eta autodeterminazioaren aldeko mugimenduak.
Concordia Unibertsitateko irakaslearen arabera, garai hartan bestelako «balio» bat eman zioten nazio identitateari: «Zeren, hamarkada luzez, amerikarrak izan nahi ez genuela azaltzeko erabiltzen genuen argudioa zera zen: britainiarrak izan nahi genuela. Baina ondoren agerian geratu zen Britainiar Inperioa beldurgarria dela».

Bada, Gillek esplikatu du hurrengo urteetan alde batera utzi zituztela kanadarra izateari buruzko galderak, baita, hortaz, horien erantzunak bururatzeko aukera ere: «Ekonomia garai neoliberalean integratuz irabaz zitezkeen dolarrak erakargarriegiak ziren ezetz esateko». Izan ere, 1980ko hamarkadan sinatu zuten AEBen eta Kanadaren arteko merkataritza libreko akordioa, eta bien ekonomiak are integratuago geratu ziren. Ez legoke gaizki gogoratzea zer esan zuen Harold Innis Ekonomia Politikoko irakasle kanadarrak askozaz ere lehenago, 1950eko hamarkadan: aurrez Britainiar Inperioaren kolonia zena nazio bihurtu zela, eta, ondoren, beste behin kolonia. AEBena.
Egoera bestelakoa da orain, AEBetako presidenteak ezarritako muga zergei erantzun baitie lehen ministroak, eta Gillek azaldu du kanadarren «gehiengo zabala», bi heren inguru, horren alde agertu dela: «Kanada jokoan dagoela deritzote herritarrek: subiranotasuna eta duintasuna nazio gisa».
Irakasleak irizten dio ikuspegi horri ez diotela «betiko» eutsiko, kanadartasuna «arrazoi pragmatikoak» direla-eta azaleratu denez gero: «Quebeceko nazionalisten kasuan, ez dut uste haien bihotzak urdin izatetik gorri izatera igaro direnik —urdina Quebeceko kolorea da, eta gorria Kanadakoa—, baina Kanadaren luze-zabaleko solidaritatea sentitzen dute, eta ulertu dute zentzua horrek daukala orain».
Dena dela, aintzat hartu behar da aurrez independentziari buruzko bi erreferendum egin dituztela Quebecen, 1980an eta 1995ean, eta, aldi bietan ezezkoak irabaziagatik ere, azkenengo horretan ozta-ozta gailendu zela. Are, Alderdi Quebectarrak esana du beste erreferendum batera deituko duela bi aste barru Quebeceko Asanblea Nazionalerako hauteskundeak irabazi eta gobernua osatzea lortzen badu; inkestak aldeko ditu.
Bata bestearen ondoan
Kanada munduko herrialderik handienetan bigarrena izanagatik ere, herritar gehienak AEBen mugatik gertu bizi dira, eta, horren ondorioz, Gillen hitzetan, kanadarrek «kultura paniparramerikarra» jaso dute.
Dena den, kanadarra izatea zer den ulertzeko adina modu dituzte mugaz bestaldeko estatubatuarrak konprenitzeko: mendebaldean, Columbia Britainiarrean, «hurbilekoak» dituzte Washington estatukoak, bi eskualdeak aurrerakoiagoak direnez gero; erdialdean ere berdin, Albertak eta Saskatchewanek, Kanadako probintziarik kontserbadoreenek, muga egiten baitute estatu gorriekin; eta ekialderago, Ontarion eta Quebecen, errepublikanoak ez dituzte begi onez ikusten, baina esan beharra dago estatu aldakorrak dituztela inguruan.
Irakasleak eskualdeen araberako bereizketa hori egin du; eskualderik eskuindarrenetan, esate baterako, uste dute estatubatuarrek «moraltasuna» dutela, aberatsagoak eta oparoagoak direla, ez direla «woke» bihurtu, eta ez dituztela hainbeste arau: «Kontserbadoreak obsesionatzen dituzten gauzak dira».
«Estatubatuarrek ez dute pentsatzen gugan, ia ezertxo ere ez dakite gutaz. Konturatu ere ez ziren egingo merkataritza gerra betean daudela Kanadarekin»
DONAL GILL Irakaslea Concordiako Unibertsitatean
Baina, oro har, nabarmendu du Kanadaren izaeraren kontrakoak direla «estatu gorri, errepublikano eta kontserbadoreen tenperamentua eta ideologia». Bibliaren Gerrikoa deritzoten eskualdea, armak, politikara milaka milioi dolar bideratzea eta beste aipatu ditu. «Horiek ikusita, kanadarrek esaten dute: ‘Uf, pozik gaude gauden bezala, eta kontent ere bai, ez baikara horren parte’». Mugaz bestaldekoa baino gizarte «toleranteagoa, irekiagoa eta progresiboagoa» baita Kanadakoa. Aitortu du, ordea, besteekiko uste horiek «karikaturak» direla, eta denak «handiagoa eta fantastikoagoa» dirudiela mugaz bestalde.
Ez pentsa, kanadarrak ere estereotipatu egin izan dituzte: edukazio onekoak direla, eta barkamena gehitxo eskatzen ez ote duten; hockeyan jokatzen dutela, horixe denez gero kirol nazionala; eta Tim Hortons kateko kafetegiak edonon daudela. «Baina, horietaz aparte, estatubatuarrek ez dute pentsatzen gugan, ia ezertxo ere ez dakite gutaz. Konturatu ere ez ziren egingo merkataritza gerra betean daudela Kanadarekin», adierazi du Gillek.
Molderik gabeko nortasuna
Horrez gain, «estilo estatubatuarrari» kontrajarritako Kanadaren ezaugarriak zerrendatu ditu Gillek, bata bestearen atzetik: sistema parlamentarioaren «gailentasuna», federalismoaren eredu askozaz ere deszentralizatuagoa, eskubide kolektiboak lehenestea norbanakoenen gainetik, elebitasuna —ingelesa eta frantsesa dira ofizialak herrialde osoan, baita inuit hizkuntzak ere eskualdearen arabera— eta multikulturalismoa. Zehaztu du, hori bai, Quebecek integrazio ereduaren alde egin duela, «kultura frankofono berezia» babesteko: «Ingelesaren itsasoan, Quebecek irlatzat dauka bere burua, kultura eta hizkuntza desberdineko irlatzat».
Bestalde, badago AEBetan estatubatuarra izateko molde bat dagoelako ustea. «Guk ez dugu uste Kanada arragoa denik, eta ez dugu uste kanadar eredugarria izateko modurik badenik». Hitz horiekin, Pierre Trudeauk esandakoa gogorarazi du irakasleak; Kanadako lehen ministro ohiak (1968-1979 eta 1980-1984) zera adierazi zuen, hain zuzen, hitzaldi batean: «Ba ote dago mutiko edo neskato kanadar peto-petoaren kontzeptua baino gauza absurdoagorik? Uniformetasunarekin tematzen den gizarte batek intolerantzia eta gorrotoa sortzen ditu».
Hori dela eta, Gillen arabera, «kanadar batek edonongo edonoren itxura dauka; haren kultura dena delakoa izanda ere, edozer egin dezake, ondoen datorkion guztia; eta hori eginez, bere kanadartasuna adierazten du».
Gogoratzekoa da Trudeau lehen ministroak 1969an estatubatuarrei esandakoa, artean Richard Nixon AEBetako presidentea zela: «Zuen alboan bizitzea elefante batekin lo egitea bezala da. Ez du axola piztia zein atsegina edo zein lasaia den, edozein keinuk eta marruk larritu egiten dute-eta ondoan duena». Gaur egun ere errepublikano bat dago Etxe Zurian, eta garai hartan esandakoek badute zentzua, ez baita kasualitatea Alderdi Errepublikanoaren sinboloa elefantea izatea.