Irango gerrak eta ondorioz sortu den Ormuzko krisiak Asia ere kezkatuta dauka. Asiako herrialde askok Ormuzko itsasartetik pasatzen zen petrolioarekiko eta gasarekiko menpekotasun handia dute, eta era guztietako neurriak hartzen ari dira. Hori bai, Txina espero zen baino eragin txikiagoa ari da sufritzen. Asiako potentzia hori petrolioaren munduko bigarren kontsumitzaile handiena da, eta Iranek esportatzen duen petrolioaren %80 hara doa, baina Txinak urteak daramatza nazioarteko krisi energetiko posible bati aurre egiteko prestatzen, eta orain dituen erreserbak, Errusiako petrolioa eta energia berriztagarriak konbinatuz, egoerari aurre egiteko prest sentitzen da.
Asian, era guztietako neurriak
Gerraren laugarren astean, Asiako hainbat herrialdek neurri gehiago iragarri dituzte: hasteko, Japoniak petrolio erreserbak merkaturatu ditu. Indiak petrolioaren eta gasaren zergak murriztu ditu prezioen igoerei aurre egiteko. Gobernuak hartutako neurri zehatzekin batera, herritarrak ere beren kabuz energia gutxiago kontsumitzeko moduak bilatzen ari dira. Indiako hainbat jatetxe, sukaldeak erabili ordez, egurrarekin sua eginez hasi dira janaria prestatzen. Thailandiako telebista kateetan arropa gutxiago erabiltzeko deia egin diete herritarrei, aire girotuaren kontsumoa murriztu ahal izateko.
Egoera horretan, haserrea eta zehazki Ameriketako Estatu Batuekiko kritikak areagotzen ari dira Asiako herrietan. Adibidez, Filipinetan protestan ari dira, eta herritarrak gobernuari presio egiten ari dira esanez Manilak Washingtoni aurre egin behar liokeela, Iranen aurkako erasoak geldiarazi ditzan. Ferdinand Marcos presidenteak aste honetan larrialdi energetikoa deklaratu du; hori bai, lasaitasun mezua helaraziz, ziurtatu du neurri hori gobernuak egoera errazago kudeatu ahal izateko modua dela, besterik ez, eta gutxienez hurrengo 45 egunotan herriak normaltasunez aurrera egiteko adina petrolio duela ziurtatu.

Baina denbora aurrera doan bitartean, gerra luze baten arriskua dela-eta kezka areagotzen ari da Asian, eta egoera horrek Trumpek Asiako herrietan duen egoera aldatu lezake. Filipinak, adibidez, presidente estatubatuarrak Asian dituen aliatu nagusietako bat dira, eta ez da espero Ferdinand Marcosek bere aliatuarekiko jarrera aldatuko duenik, baina herritarren kritikak areagotzen ari dira.
Asian ere Donald Trump presio egiten saiatu da, Ormuz desblokeatzeko ahaleginean Iran estutzen lagundu diezaioten, baina ez du erantzun handirik jaso, inork ez dio presidente estatubatuarrari jarraitu nahi gatazka baten barnera. Japoniako lehen ministro Sanae Takaichi izan da, Trumpen arabera, Ormuzen laguntzeko prestutasuna erakutsi dion bakarra, eta oraindik ikusteko dago Tokio noraino joateko prest dagoen.
Txina, espero zen baino lasaiago
Iranengan eragin handia duten herrialdeetako bat Txina da, eta, noski, Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Pekinekin ere saiatu da laguntza lortzeko presio egiten. Estatu Batuetako presidentea datorren astean, martxoaren 31n zen Txinara joatekoa, baina tentsioa dela-eta bilkura hori atzeratu dute; oraingoz maiatzaren 14ra arte, baina ikusteko dago data mantenduko duten. Finantial Times-ekin egindako elkarrizketa batean, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak esana zuen Pekinek Ormuz desblokeatzen lagundu ezean bilkura hori atzeratu zezakeela, eta egun gutxi geroago erabaki hori jakinarazi zuten; nahiko argi dago, hortaz, Pekinek ez diola Trumpi nahi zuen laguntza hori eman.
Asian ere Donald Trump presio egiten saiatu da, Ormuz desblokeatzeko ahaleginean Iran estutzen lagundu diezaioten, baina ez du erantzun handirik jaso, inork ez dio presidente estatubatuarrari jarraitu nahi gatazka baten barnera.
Txinak argi du ez dela sartuko beretzat ez daukan gatazka batean; are gutxiago presidente estatubatuarrari jarraituz. Gainera, egoera honek Txina ere kezkatzen duen arren, krisi energetikoaren ondorioak espero zitekeen baino txikiagoak dira.
Asiako potentziak egunero 15-16 milioi kupel inportatzen ditu; gehienak garraiobiderako bideratzen dira. Iran eta Arabia Sauditik ekartzen dute petrolio horren %20; zati hori batez ere Txinaren erditik behera dauden eskualdeetan erabiltzen dute. Aldiz, iparraldea gehienbat Errusiako oliobideek eta Txinako bertako findegiek hornitzen dute. Egoera horretan, oraingoz gobernuak bertako findegiei petrolioa esportatzea debekatu die, dena barne kontsumorako bideratu ahal izateko. Petrolio erreserben zifrei dagokienez, Pekinek datu zehatzak argitaratzen ez dituen arren, adituen arabera Txinak urteak daramatza horrelako egoera baterako prestatzen, eta azken urteotan petrolioaren erosketak nabarmen areagotuz, erreserbak beteta ditu. Egoera horretan autonomia ematen dion beste erreminta ikatza da; izan ere, Txinako energiak oraindik ikatzarekiko menpekotasun handia du, eta Asiako potentzia nagusia da munduko ikatz ekoizle handiena. Guztira Txinako energiaren laurdena bakarrik sortzen da petrolioarekin edo gasarekin, ez da Asiako beste herrialde askotan duten menpekotasun bera.
Etorkizunera begira, energia berriztagarriak izango dira horrelako egoerei aurre egiteko Txinaren aliatu nagusia. Txina munduko energia eolikoan eta eguzki energiaren sektorean liderra bihurtu da. 2025ean energia berriztagarriek herrialdeko elektrizitatearen bostena produzitu dute. Bultzada horri esker, azken urtean energia kontsumoaren %20ren atzean bakarrik egon da petrolioa, eta, adituen arabera, Txina bide horretatik doa, ez da petrolioaren eskaera handituko.
Â