Ipar Koreak eta Hego Koreak azken hamarkadetan helburu nagusi izan dute bi herrien bateratzea. Tentsio handia duten arren, etorkizunean berriz elkartzeko itxaropen hori bizirik mantendu dute korearrek. Aurten, baina, aldaketa handi bat gertatu da: Ipar Koreak bere konstituziotik kanpo utzi du Hego Korearekin bateratzeko asmo historikoa.
Hego Koreako Bateratzearen Ministerioak jakinarazi du martxoan Piongiangek onartutako konstituzioaren bertsio berrian bateratzearen helburua bertan behera utzi dutela. Seulek jakinarazi duenez, testuan Ipar Korearen mugak modu berrian deskribatzen dira, Errusia eta Txinako mugez gain Hego Koreako Errepublikaren mugak aipatuz. Lehengo testuan ez zen hegoaldeko bizilaguna bere izendapen ofizialarekin aipatzen, ez zen ofizialki beste aldean dagoen estatu bat bezala deskribatzen. Bestalde, lehengo testuan Ipar Koreak «herriaren bateratzearen alde» borroka egingo zuela aipatzen zen hainbat alditan. Bertsio berrian horrelako adierazpen guztiak ezabatu dituzte.
Konstituzio berriaren bidez, hortaz, Piongiangek argi utzi du jarrera aldaketa handi bat: ez du bi Koreen arteko gerra izan zenetik beretzat zituen hegoaldeko lurraldeekiko pretentsiorik. Kim Jong-unek berak, konstituzioaren aldaketaren haritik, adierazi du, literalki, Hego Koreak «bakean utziko» dituela espero duela. Hortaz, Ipar Koreak ez du Hego Korearekin zerikusirik izan nahi aurrerantzean.Orain bateratzeak inoiz baino zailagoa dirudi. Eta korear asko, batez ere belaunaldi zaharrenetakoak, bateratzearen amets horri helduta bizi dira.
Bi Koreen arteko gerrak utzitako zauria ez da sendatu. 1953an armistizioa sinatu zutenean, familia asko bi aldeetan bananduta geratu ziren
Koreako penintsulak historia bateratu luzea izan du. Hainbat mendetan zehar, korearrek hizkuntza, kultura eta identitatea partekatu dituzte. Hiru Erresumen Aroan hiru ziren estatu nagusiak penintsulan, eta beraien artean borrokatu ziren, harik eta horietako estatu batek, Sillak, 668. urtean Txinako Tang dinastiaren laguntzarekin penintsularen zati handiena bateratu zuen arte. Garai hartan hasi zen penintsula bateratuaren historia, tartean hainbat krisi kenduta, urte haietatik aurrera joera bateratzearena izan zen, eta hori 1392an indartu zen Joseon dinastiaren hasierarekin. Garai horretan sortu zen hangul alfabetoa, orain duten hizkuntzaren oinarria hain zuzen ere. Koreak, hortaz, mila urte baino gehiago eman zituen estatu bateratu gisa, eta gaur egungo Ipar eta Hego Korea ez dira historikoki bereizitako nazioak, ondare komun sakona duten herrialdeak baizik.
XX. mendean, aldiz, kanpoko potentziak sartzen hasi ziren. 1910ean Japoniak Korea anexionatu zuen, eta, 35 urtez, kolonia bihurtu zen. 1945ean, Japoniaren porrotaren ondoren, Sobietar Batasunak iparraldea okupatu zuen, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, hegoaldea. 1950 eta 1953 urteen artean, bi Koreen arteko gerra izan zen, eta, amaieran armistizioa sinatu zuten arren, erasoak geldiaraztea hain zuzen ere, benetako bakea ez dute inoiz sinatu. Ordutik, Ipar Korea Txina eta Errusiaren orbitan egon da, eta Hego Korea, aldiz, AEBentzat Asian bere influentzia eta presentzia militarra handitzeko instrumentu nagusietakoa bihurtu da.
Azkenean, Korea potentzia handien lehia geopolitikoaren tresna bihurtu da. Hego Korean izan dira azken urteotan joera hori aldatu, AEBen kontrola gutxitu, eta bi Koreak gerturatzeko saiakerak, batez ere Moon Jae-in Hego Koreako presidente izan zen urteetan, baina saiakera horiek porrot egin dute Ipar Koreak bateratzeko helburu historikoa atzean utzi duen arte.
Aspaldiko ametsa bete gabe
Orain bateratzeak inoiz baino zailagoa dirudi. Eta korear asko, batez ere belaunaldi zaharrenetakoak, bateratzearen amets horri helduta bizi dira. 2018 eta 2019 artean inoiz baino gertuago ikusi zuten bi Koreen arteko bakea. Moon Jae-in Hego Koreako lider ezkertiarrak Kim Jong-unekin gerturatzeko saiakera historikoak egin zituen.
2018an, Hego Korean, Pyengchangeko Neguko Olinpiar Jokoetan emakumezkoen hockeyan ipar eta hego korearrak elkarrekin jokatzen ikustea izugarria izan zen korearrentzat.
Urte horretan, Moon Jae-in Kim Jong-unekin bildu zen bi Koreen arteko mugan; eskutik helduta muga gurutzatu, eta Ipar Korearen zatia zapaldu zuten, hori ikusgarria izan zen.

Bi Koreen arteko gerrak utzitako zauria ez da sendatu. 1953an armistizioa sinatu zutenean, familia asko bi aldeetan bananduta geratu ziren. Ipar Korearen mugan bertan dauden herri txikietan, Hego Koreako aldean, gerra horrek hegoaldera eraman eta inoiz itzuli ezin izan diren soldadu asko bizi dira. Dagoeneko zahartuta, beraien ametsa bi Koreen bateratzea edo gutxienez bake sinatzea da.
2019an, aldiz, porrot egin zuen Kim Jong-unen eta Trumpen artean akordio batera iristeko saiakerak, bien arteko bigarren goi bilkuran, Vietnamen. Porrot diplomatikoa izan zen; Trumpek, zigorrak bertan behera utzi baino lehen, Ipar Koreako azpiegitura nuklearrak erabat bertan behera uztea exijitu zuen, eta baldintzak gogorregiak izan ziren Kim Jong-unek onartu ahal izateko. Urte batzuk geroago, gainera, Hego Koreara Yoon Suk-yeol eskuindarra iritsi eta Seulek Washingtonekiko harremana estutu zuen, baita Ipar Korearekiko tentsioa areagotu ere. 2022tik 2025era Seulek Washingtonekin aliantza militarra sendotu du, eta ariketa militar bateratuak ohiko zerbait bilakatu dira, Piongiangen haserrea eragiteraino. Piongiangek ere berriz ohiko egin ditu bere misilen testak.
Orain, Yoon Suk-yeolek Seulen estatu kolpea emateko saiakera egin ondoren, Hego Korean berriz indartu da bi Koreak gerturatu nahi dituen talde politikoa, baina berandu xamar dirudi. Koreako gerraren zauria ez da sendatu, eta orain hamarkadetan zehar korearren ametsa izan den hori inoiz baino ahulago geratu da.