Yasharrekoa da Israelgo Parlamentuko presidente izendatu berria, eta, horrenbestez, Gadi Eisenkot alderdi horren liderra, oposizioburua, hasi da bere agenda ezartzen. Knesseteko Antolakuntza Batzordeak gaur jakinarazi du gaur bertan hasiko duela Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroaren gobernuak aurreko legealdian onartutako lege batzuk indargabetzeko lege proiektu batzuen tramitazioa. Horiek helburu dute, bereziki, justizia instantzietako izendapenen prozedura iraultzea agintean dagoenaren menpe egon ez dadin, eta fiskalburuari itzultzea Netanyahuk kendu zizkion eskumenak.
Eisenkotek hauteskunde kanpainan egindako promesetako bat izan zen lege batzuk indargabetuko zituela, eta behin ganberako presidentetza lortuta, kontrolatu dezake osoko bilkuren gai ordena, baita lege proposamenen tramitazioa ere, besteak beste. Isaac Herzog herrialdeko presidentearen aginduari jarraikiz, gobernua osatzeko ahaleginean ari da Einsekot; abenduaren 6ra arteko epea du horretarako.Â
Matan Kahana da Parlamentuko presidente berria, Amir Ohana Knessetekoa ordezkatuz. Atzo gauean aukeratu zuten, Likuden filibusterismoaren eraginez espero baino gehiago luzatu zen saio batean. Kahanaren alde bozkatu zuten 66 diputatuk, eta kontra 52k —gehiengo osoa edukitzeko 61 behar dira—. Eisenkoten blokeak 48 aulki ditu, eta Kahana babestu dute, gainera, alderdi arabiarrek, zeina keinutzat har daitekeen gobernu berri osatzeko edo, gutxienez, Yasharreko buruaren inbestidura errazteko ahaleginean.Â
Eisenkotek ez du baztertzen bi koalizio arabiarren babesa onartzea —hemeretzi aulki dituzte—. Netanyahuk jarraitzen du, ordea, agintean jarraitzeko asmoarekin, bera buru duen blokeak gehiengorik ez duen arren; eta horretarako «batasuna» aipatzen du, argudiatuta «segurtasun nazionala» dagoela jokoan. Horri heldu zion atzo, Parlamentuko presidentea aukeratzeko osoko bilkuran. Eisenkotek esana du larrialdi nazionaleko gobernu bat osatzea duela asmo, baina Netanyahu ez du alboan nahi. Â
Bien bitartean, gobernuburu trajea nola geratzen zaio probatzen hasi da Eisenkot, Kahana gerra hegazkinen pilotu ohiaren eta Zerbitzu Erlijiosoen ministro izandakoaren (2021-2022) bidez. Gaur hasitako tramitazioarekin, bertan behera utzi asmo dute, gainera, ministerio batzuek Poliziaren jarrera desegokiaren ikerketei buruz duten kontrola.
Kokaguneak, blokeatuta
Jerusalem Ekialdean kolono juduentzako 3.000 etxebizitza pasa eraikitzeko E1 eremuaren lizitazioa bertan behera uzteko eskatu du Israelgo Fiskaltzak. Hori kaleratu dute hango hainbat hedabidek, iturri ofizialak aipatuta. Fiskaltzak ez du arrazoien berri eman.
E1 kokaguneen planak hainbat hamarkada daramatza mahai gainean, eta aurrera eramanez gero eragingo luke 3.000 palestinar inguru indarrez kanporatzea beren bizilekuetatik. Nahiz eta nazioarteak nabarmen kritikatu izan duen plan hori, eta asmo hori bertan behera eskatu izan dion Netanyahuri, Israelgo Gobernuak 2025eko abuztuan onartu zuen.
Bestalde, 2025eko urritik tregoa bat ezarrita dagoen arren, Israelek segitzen du Gaza bonbardatzen, eta gaur goizaldean bi palestinar hil ditu han bi aire erasotan, hango osasun iturriek jakinarazi dutenez. Azkeneko hamahiru hilabeteetan 1.600 lagun inguru hil ditu Israelek zerrendan; ia 75.000 2023ko urritik.