Kazetaria, El Salvadorko gerra zibilean gerrillari ibilia, militante bazter nahaslea eta, azken urteetan, Nayib Bukeleren gobernu autoritarioaren kontrako konspiratzailea erbestean. Paolo Luersek 81 urte ditu, eta polemikoa bezain liluragarria da haren bizitza: El Salvadorren historia garaikidearen txatal bat. «30 urtez osatu genuen pluralismoaren ondoren, bat-batean bi alderdi txatxu besterik ez dago, eta bietako bakar batek ere ez dauka inolako sinesgarritasunik jada. Bukele demokrazia liberalaren kontra ari dela esatea eta ezer ez esatea, berdintsu da jada jendearentzat», azaldu dio BERRIAri, Mexiko Hirian egindako elkarrizketa batean.
Sortzez alemana da, baina El Salvadorko herritartasuna du. 80ko hamarkadan iritsi zen Erdialdeko Amerikara, berriemaile, eta bertan geratu zen, FMLN Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Fronte ezkertiar matxinoan borrokalari. 90eko urteetan bukatu zen gerra, eta, harrezkeroztik, herrialdea gobernaezin bilakatu da talde kriminalen indarkeriaren ondorioz; gaur egun, munduko herrialderik arriskutsuenetako bat da El Salvador.
Estatuaren errepresio estrategiek ez dute balio izan. 2012an, bitartekari talde bat eratu zen, bandekiko su etena lortu zuena, eta talde horretako kide izan zen Luers. Su etenari esker, aurrerantzean hilketa gutxiago izan ziren, baina pribilegio baten truke: bandetako dozenaka buruzagi espetxe ez hain zorrotzetara eraman zituzten, eta handik hobeto kontrolatu zitzaketen beren egitura kriminalak; baimena eman zieten telefonoa edota telebista edukitzeko, eta baita, are, festak antolatzeko ere, alkohol eta emakume eta guzti.
Gaur egun, bukelismoak diktadurarantz jo ahala, oso auzitan jarrita dago orduko hartan parte hartu zuten gehienen kontrako prozesu judizialen legitimitatea. In absentia, El Salvadorren hemezortzi urte kartzelan ematera zigortu zuten Luers, hauteskundeetan eragitea leporatuta. Luersek dio ez dela egia. Haren kasua zeraman epaileak bertan behera utzi zituen Luers atxilotzeko hiru agindu, baina orain gobernuaren hurbileko epaile bat jarri dute lehengoaren ordez: «Zenbait abokatuk eta fiskaltzako eta Gorte Goreneko zenbait iturrik esan zidaten hanka egiteko agudo, izorratu egin nahi nindutela».
Zer rol izan zenuen su etenean?
Gure taldeak fikziozkoa zirudien. Apezpiku kontserbadore bat, gerrillari komandante izandako bat eta hirurok, Frontetik atereak. Egunero lan egin behar zen su etenari eusteko, eta gu suhiltzaileak ginen. Bi bandaren artean liskarra zegoen bakoitzean, esku hartu behar izaten genuen.
Nola esku hartzen zenuten?
Auzo jakin horretara joanez, eta tokiko buruzagiekin hitz eginez. Baina hauteskundeak bazetozen, eta Frontearen gobernua bozak galtzeko beldurrez zebilen, arrazoiz. Esku gogorreko politikak ezartzen hasi zen, Arenaren kontserbadoreek ezarritakoen tankerakoak.
Zein moldeko politikak?
Gauza izugarri bat egin zuten, eta, horren ondorioz, historiako indarkeria aldirik gordinena etorri zen. Gerra bat zen: estatua banden kontra. Egoera kritikoa zen oso, eta konturatu ginen bandetako kideak hasita zeudela zuzenean Frontearekin negoziatzen; hauteskundeetan laguntzea eskaini zieten, estatuak bandak bakean uztearen truk. Guk bageneukan mekanismo bat hiru bandekin koordinatzeko; haiekin bildu, eta esan genien hauteskunde itunak egiten hasten baziren pikutara joango zela dena.
«Ezin da pentsatu Bukele bat-batean desagertuko denik eta denok lehengoan egongo garenik berriz»
Eta zer gertatu zen?
Bigarren txandan, bandetakoak Arenarekin ere hasi ziren negoziatzen. Azken bileran, elkarri garrasika ibili ginen azkenerako. «Utzi jendeari nahi duenaren alde bozkatzen, eta ez egin itunik ezein alderdirekin», esan nien nik. Handik gutxira, bilera hartan parte hartu zuten bandakide batzuk harrapatu zituzten, eta eskaintza egin zieten: kolaboratzen bazuten, karguak erretiratuko zizkieten. Haietako batek fiskaltzari esan zion nik 100.000 dolar eman nituela Arenaren partez; baina nik kontrakoa egin nuen. Horixe da nire kontra duten froga bakarra.
Kazetari eta giza eskubideen defendatzaile salvadortar ugari erbesteratu dira azken hilabeteetan: 70 pasatxo bai. Zu izan zinen lehenetako bat.
Esan zidaten ez izateko tontoa. Halako epaiketa batean, ezin duzu aurpegia eman. Prozesua hasi zenean, bihotzetik operatu berri ninduten. Zulora sartu eta botikak kenduko lizkidaketela pentsatze hutsa… Nireak egingo luke.
Eta zein da egoera erbestean?
Erbestean, atzean uzten duzu etengabe zelatan ari zaizkizulako susmoa, noiznahi zernahi gerta daitekeelakoan. Lehen, erbestea kontu indibidual bat zen; orain, berriz, fenomeno kolektibo bat bilakatu da bat-batean, eta antolatzen hasita daude.
Bukele egiten ari den mina zenbateraino da konponezina? Ikusten duzu aterabiderik?
Ezin da pentsatu Bukele bat-batean desagertuko denik eta denok lehengoan egongo garenik berriz. Izatekotan, oso egoera zailean egongo gara berriz: gizartea zeharo traumatizatuta egongo da, zatituta, eta jada ez du ezertan ere sinetsiko. Hortxe ikusten dut arriskurik handiena, zeren horrek esan nahi du edozein ergel etor daitekeela eta edozer egingo duela agindu dezakeela, bitxikeria galanta izanda ere. Eta nola jendeak pentsatuko duen ez dagoela modurik bereizteko zer den egia eta zer ez, ba, baliteke alproja horren jarraitzaile bihurtzea.
Esan diezazuket, hori bai, erregimena beste fase batean sartuta dagoela eta seguruenik krisialdi are sakonago batera eramango duela horrek. Bukele fenomenoa, kontzeptu politiko moduan, beti erasoan aritzea da, beti aurrera jotzea. Azkenaldian, ordea, defentsa jarrera ere hartu du zenbait borrokatan, eta hanka sartzen ere hasi da. Horren erakusgarria da Mendebaldean ez dagoela egunkari serio bakar bat ere hura babesten duena, kontatzen ez duena nolako zentzugabekeriak egiten ari den, espetxeetan adibidez.