«Dabilela libre petrolioa!». Donald Trumpek nabarmendua igandean, bere urtebetetze egunean, Iranekin akordio bat lortu zutela iragartzeko idatzitako mezuan. Otsailaren 28aren aurretik, petroliontziek hogei milioi upel inguru garraiatzen zituzten egunero Ormuzen barrena. Baina Israelek eta AEBek Irani eraso egin zioten, eta Teheranek deskubritu zuen itsasarte hori arma gisa balia zezakeela. Arma horrek ez du herrialde bat birrintzeko gaitasunik; bai, ordea, munduko ekonomia dantzan jartzekoa. Eta hala egin du.
Oraingoz, itxuraz behintzat, horretarako balio izan du asteburuan Suitzan sinatuko duten itunak: hau da, petrolioak berriro bere bidea egiteko, eta, horrenbestez, merkatuek arnasa hartzeko. Negoziazio mahaiaren alde batean Trump egonda, ezin jakin noiz arte. JD Vance AEBetako presidenteordeak berak esan du adostutakoa «oso orokorra» dela. Hau da, interpreta daiteke zera dela, akordio bat baino gehiago: AEBek denbora irabazteko modu bat, Washingtonen haizeak nondik jotzen duen argitzeko. Israelek adierazi du, gainera, Libanori eraso egiten segituko duela. Beraz, apustu egiteko moduko auzia balitz tregoa diplomatikoak iraungo duen ala ez, dirua parean legoke.
Aldeek bi hilabeteko epea eman diote beren buruari itun nuklearra negoziatzeko; hau da, ziurtatzeko Iranek ez duela arma nuklearrik edukiko. Hain zuzen, hori jasotzen zuen 2015eko akordioak. Trumpek, baina, akordio horretatik atera zituen AEBak 2018an, argudiatuta «desastre bat» zela. Zortzi urte geroago, horixe negoziatuko dute, Iranek, amore emateko eskatzen badiote ere, Ormuzen baza eskuan duela.