urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Estatuen kluba

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aitorpen bat hasteko: ez dut gustuko Europako bandera zenbait erakundetatik kendu izana. Guztiz miserablea eta are kriminala da gertatzen ari dena, eskuin muturraren ildo xenofoboaren atzetik dihardu Batasunak, berekoikeria nazkagarri batean. Horraino ados. Baina protesta hori adierazteko bandera urdina erretiratzea, halaber, eskuin mutur horri egindako oparirik ederrena ere bada. Euroeszeptizismoa ez da eskuinaren monopolio, baina ezkerrean maila diskurtsiboan geratzen da. Egiaren ordua iristean, Erresuma Batua kasurako, brexit-a eskuinaren bandera da, eta ezkerrak nagusiki Europar Batasunean segitzearen alde egiten du. Ez dut irudikatzen Eskoziako udal independentista bat, edo are Eskoziako legebiltzarkideak, Parlamentutik Europako bandera erretiratzen —tory askoren bozkarioa litzateke hori—.

Beste Europa bat irudikatuko dugu egunotan, atzo Bilbon hasi, gaur Hernanin eta Euskal Herrian gora eta behera dabiltzan inprobisatzaileekin. Euskara eta katalana eta sardiniera eta kurduera entzungo ditugu kantuan, itzulpengintza bizi eta zuzenean. Itzelezko ikuskizuna da, benetan. Mediterraneo ekialdeko inprobisatzaileak ere gonbidatu genituen, baina ezetz esan die Espainiak, behin eta berriz saiatuta ere. Hizkuntza indoeuropar batean kantatzen zuten etxean, Siriako Kurdistanen, Mediterraneotik 60 kilometrora doi-doi, baina gerrak etxetik kanporatu eta Istanbulen egon dira zain, inoiz iritsi ez zaien bisari itxaroten. Hainbesteko harresia altxatu dugu, nahi ditugunei ere ezin diegu pasatzen utzi. Independentziaren aurka hitz egiten entzuten dudanean, beti pentsatzen dut estatua bazenute lagunak etorri ahalko zirela, diost Zinarrek, Europan aspaldi bizi eta kantuan ariko den bakarrak.

Estatua bagenu. Baina ez dugu. Eta Europak berriz utzi digu argi zer balio duen euskarak estaturik izan ezean. Erasmus+ programan Ernest Maragallek, Josu Juaristik eta Javi Lopezek aurkeztutako emendakinari ezetz esan diote. Dokumentuak Europako eskola-sistemetako komunikazio-hizkuntzetan eskaintzea proposatzen zuten, hau da, euskaraz eta katalanez ere egotea. Euskal herritarren artean, Europako Ezker Batuko —Juaristiz gain Ahal Dugu-ko Xabier Benitok esaterako— eta Berdeak-Aliantzako Askeko diputatu guztiek. Sozialdemokraten artean ezetza nagusi, baina alde Ramon Jauregi, Eider Gardiazabal eta Iratxe Garcia sozialistak, liberalen taldean Izaskun Bilbao alde eta Maite Pagazaurtundua aurka, eta popularren arteko guztiak —Michelle Alliot-Marie, Carlos Iturgaiz, Pablo Zalba eta Antonio Lopez-Isturiz— aurka. UPDko Teresa Gimenez Barbat katalanak —Fernando Maura euskal eurodiputatua ordezkatu zuen— argi azaldu zuen jarrera: «Kontraesanezkoa iruditzen zait Europako baliabide ekonomikoak inbertitu nahi izatea erabat zentzugabea den itzulpen prozedura baten. Ikasleak beste kultura batzuekin harremanean jartzeko jaio zen Erasmus, besteen hizkuntzak ikasteko, ez nor bere hizkuntza ofizial edo koofizialen espazio erosoetan gotortzeko», nola Gizon Jakintsuak M'ongolori.

Burlaren eta irainaren gainetik, mezu argia dago: zuen hizkuntzak baliorik izatea gura baduzue, izan ezazue estatu bat. Hizkuntzaren egoerak edo hiztun kopuruak ez du axola, malteraz egiten duten hirurehun mila lagunek hamar milioi katalan hiztunek baino eskubide gehiago dute, eta berdin bihar Islandiak Europar Batasunean sartzea erabakiz gero. Berriki agerian gelditu zen bezala, katalanaren egoera salatzera Bruselara joan, eta ezin izan zuten katalanez egin. Ez dakit espainolez ala ingelesez egin zuten; posible zuketen estonieraz edo suedieraz egitea, baina katalanez ez, euskara bezala debekatuta dago Europarlamentuan.

Asteon azaldu ditu Angela Merkelek migratzaile eta iheslarientzako arau berriak. Oinarrian hizkuntza dago: alemana ikastea —ez alemanez jakitea, alemana ikastera joatea baizik— integraziorako laguntza sozialak hartzen dituztenentzat. Aipatu dut Zinar kantari kurdua bisitan dugula —berriz diot, ahal izatera, ez galdu ikuskizuna—. Alemaniatik etorri da, zenbakiak ondo eginda: estatuaren laguntza jasotzen ari da, besteak beste hizkuntza ikasteko, baina exijentzia ere neurrikoa da, eta ez du eskoletara hutsik egiterik. «Bidezkoa da, Alemanian laguntza ugari daude, baina eskatu ere egiten dizu. Ondo araututa dago, Espainian erbesteratuak inoiz ez daki zer gertatuko zaion». Azken batean, beste herrialde batera doazenek bertako hizkuntza ikasteko borondatea izaten dute. Euskal Herrian egon zen txalo asko jaso zituen integraziorako akordioren bat udalerri independentista baten... eta espainiera ikasteko konpromisoa hartzen zuten helduek. Espainieraren lekuan euskara jartzen badu inork, txistuak Pancorbotik ere entzungo dira. Estatua izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.