arantxa elizegi egilegor

Ez da Trump, baina ia

2025eko urriaren 11
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza jakina da Alfred Nobelek bultzatuta sortuak direla Nobel sariak. Armagintza alorreko enpresaria izan zen Nobel, baina ez zuen nahi jendeak horrela oroitu zezan; horregatik sortu zuen Bakearen Nobel saria, «nazioen arteko senidetzearen eta armaden abolizioaren alde aritu direnak eta bake prozesuak bultzatu dituztenak» omentzeko bere aberastasunaren bidez; edo hala jasota geratu da, behintzat, historia liburuetan.

Azken urteetan, ordea, izan da eztabaidarik saria jaso dutenen inguruan, batez ere 2009tik, hau da, Barack Obamari eman ziotenetik. Izan ere, agintaldia hasi berritan jaso zuen saria, ongietorria egiteko opari modura kasik, eta, askoren iritziz, hura eskuratzeko nahikoa meritu egin gabe. Are, gerora ikusi denez, Obama izan da 1980ko hamarralditik gatazka gehienetan esku hartu duten AEBetako estatuburuetako bat, Ronald Reaganekin batera.

Aurten jakin-min berezia piztu da saria nork irabaziko zuen jakiteko, inorentzat ez baitzen sekretua Donald Trumpek Obamaren lorpena berdindu nahi zuela. Haren gertuko batek baino gehiagok —hala nola Benjamin Netanyahuk berak— goraipatu dute buruzagi errepublikanoak «bakearen alde» egindako lana; Peace President (Bakearen Presidentea) ezizena ere jarri diote. Zortzi gerra gelditu omen ditu, hala diote haren aliatuek, eta Ukrainako gatazka ere amaituko omen du (Trumpek berak esana da hori). Ostegun gauean Hamasek eta Israelek sinatutako akordioa ere haren lorpena da, hori aitortu behar zaio —beste eztabaida bat da noren mesedetan egina den—. Baina esku hutsik geratu da Trump. Saria ez du berak eskuratu, gertu ibili den arren.

Maria Corina Machado ez da Trump. Baina ezin esan biak ere elkarrengandik urrun direnik. Venezuelako oposizioko buruak jarraitzaile asko ditu, bai etxean, baita atzerrian ere. Ez da «elkarbizitza eta adierazpen askatasunaren alde» egindako lanagatik ematen dioten lehen saria, iaz Europako Parlamentuak Kontzientzia Askatasunaren Sakharov saria eman baitzion. Orain, nonbait, Osloraino heldu da haren lanaren oihartzuna, eta «demokrazia» saritu nahi izan dute Machadoren bitartez.

Zaila da, ordea, erabakia ulertzea. Izan ere, Bakearen Nobela jasoko duen hori bera da 2024ko uztailean, presidentetzarako bozak galdu berritan, Venezuelako armada eta Polizia deitu zituena Nicolas Maduroren aurka matxinatzera. Nazioarteak «esku hartze militar bat» egitea ere defendatu zuen Machadok, Maduro agintetik kentzeko, nahiz eta zehaztu zuen ez zela inbasioaz ari, «konplexuagoa» den zerbaiti buruz baizik. Alegia, gertuagoko buruzagiekin alderatzen hasita, Marine Le Peni edo Santiago Abascali Nobela ematearen antzekoa litzateke. Hain zuzen ere, aipatzekoa da Machado Abascalekin batera egon zela duela egun batzuk, Madrilen, eskuin muturreko Patriots plataformak antolatutako foroan.

Osloko institutuaren alde esan beharra dago gobernuburu eta estatuburuek proposatzen dituztela Bakearen Nobela jasotzeko izenak, eta izen horien artean hautatzen dutela institutukoek. Zerrendak sekretuak dira, ordea; beraz, ezin jakin zer beste izen ote zegoen aurten irabazle izateko hautagaien artean. Argi dagoena da azken urteetako hautagaietatik zenbaitek balio jakin batzuk irudikatzen dituztela, eta Nobel Institutuak baduela zeresanik hor.

Zenbaitek esan dezakete sariketa urrundu egin dela Alfred Nobelek bere garaian jarritako oinarrietatik. Baina, egiaz, ez da hala. Nobelek bere izena zuritzeko sortu zuen institutua; alegia, historiak ez zezan identifikatu armagintzako enpresari izateagatik, edo behintzat ez soilik horregatik. Orain institutua hori bera egiten ari da beste hainbat buruzagirekin, haien izenak zuritzen, etorkizunean historia liburuetan Bakearen Nobel saridun gisa identifikatu ditzaten, eta ez gatazka iturri moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.