Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko liderrak irabazi du 2025eko Bakearen Nobel saria, «herrialdearen eskubide demokratikoak sustatzeko egindako lan nekaezinagatik eta diktaduratik demokraziarako trantsizio justu bezain baketsua lortzeko egindako borrokagatik», Nobel sariak banatzen dituen batzordeak gaur nabarmendu duenez. Jorgen Watne batzordeko presidenteak plazaratu du erabakia, Oslon, kazetarien aurrean.
Oposizioburuak ezkutuan darama ia urtebete, iazko Venezuelako presidentetzarako hauteskundeak Nicolas Maduro egungo presidenteak irabazi ondotik. «Bere kontrako mehatxu larriak jasoagatik ere, herrialdean jarraitzen du; milioika lagun inspiratu ditu erabaki horrek. Autoritarioek boterea nahi dutenean, oso garrantzitsua da askatasuna defendatzen duten adoretsuei aitortza egitea», adierazi du Watnek.
Batzordeak Machadorekin izandako deia zabaldu du; hark harriturik jaso du berria. Demokraziaren alde egindako lana saritzea «herri guzti baten lorpena» dela adierazi du: «Oraindik ez da heldu, baina ahaleginean dihardugu; ziur naiz irabaziko dugula. Gure herritarrek jaso dezaketen aitortzarik handiena da, merezi dute». Bakearen Nobel saria irabaztea «ohorea» dela erantsi du. Bestalde, oposizioaren «zeregina» zein den zehaztu du, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Bakea konkistatzea».
Machadok eta Madurok buruz burukoa izango zuketen iazko presidentetzarako bozetan, aurrez —iazko urtarrilean— Venezuelako Auzitegi Gorenak Machadoren aurkako hamabost urteko inhabilitazioa berretsi izan ez balu, Juan Guaidoren ustelkeria kasuetan parte hartu izana egotzita —Guaidok bere burua izendatu zuen Venezuelako behin-behineko presidente (2019-2023), eta Maduro agintean zelarik paraleloki jardun zuen, harik eta nazioartearen babesa galdu, eta Venezuelako parlamentuak behin-behineko gobernua ezeztatzea erabaki zuen arte—. Machado Guaidoren porrotaren ondoren hasi zen oposizioburu izateko lanean: botoen %92,5 jaso zituen PUD Plataforma Unitario Demokratikoaren primarioetan, hurrengo presidentetzarako bozetan Madurori buru egiteko.
«Noizbait erabat zatituta egon zen oposizioa» bateratu zuela goretsi du Norvegiako Nobel Batzordeak, ibilbide politikoa bozak egin aurretik inhabilitazioagatik eten zioten arren. Horrexegatik hartu zion lekukoa Edmundo Gonzalezek, eta berau aurkeztu zen oposizioko alderdi nagusiek osaturiko koalizioaren presidentegai gisa. Iazko uztaileko bozak galdu zituzten, eta kontuan hartzekoa da oposizioak eta nazioarteak hauteskunde iruzurra salatu zutela.
Edmundo Gonzalezek Machado zoriondu du sare sozialetan: «Merezitako aitortza emakume baten eta herrialde oso baten borroka luzeari gure askatasuna eta demokrazia lortzeko bidean». Telefonoz ere deitu dio saridunari, eta zabaldu duen bideo batean Machado entzun daiteke deiaren bestaldean: «Kolpe handia izan da, ezin dut sinetsi».
Etxe Zuria: «politika jarri dute bakearen gainetik»
Azkenean, Bakearen Nobel saririk ez Donald Trumpentzat. Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen izena bolo-bolo ibili da azken aldian, eta saria iragarri bezperan Israelek eta Hamasek Gazarako akordioa onetsi zuten arren, Maria Corina Machado politikari venezuelarrak eskuratu du saria. Trumpek esan izan du Bakearen Nobela «merezi» duela, argudiatuz zenbait gerra eta gatazka eten dituela. Etxe Zuriak Norvegiako Nobel Batzordearen erabakia gaitzetsi du: «Politika jarri dute bakearen gainetik», esan du sare sozialetan gobernuko komunikazio arduradunak, Steven Cheungek. «Trump presidenteak bake akordioak egiten jarraituko du, gerrak amaitzen eta bizitzak salbatzen».
Jorgen Watne da Nobelak banatzen dituen batzordeko presidentea, eta goizean egin duen agerraldian esan du urte luzez «kanpaina» asko ikusi dituztela: «Milaka eta milaka gutun jasotzen ditugu urtero; jendeak esan nahi izaten du, beren ustetan, zerk dakarren bakea». Etxe Zuriko maizterraz eta Gazako sarraskia amaitzeko ahaleginez galdetu diote, eta Watnek zera erantzun du: «Nominatzen badute, aintzat hartuko dugu, baina denborak esango du».
Batzordea kritiko mintzatu da Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen kontra, aipamen zuzenik egin ez dion arren: «Erlatiboki, Venezuela herrialde demokratiko eta oparoa zen; orain, berriz, basati eta autoritario bihurtu da, eta krisi humanitarioa eta ekonomikoa pairatzen ditu». Agintarien «makineria bortitza» venezuelarren kontra doala erantsi du, eta baita oposizioaren kontra ere: «Sistematikoki ezabatu dute hauteskunde iruzurraren, jazarpen legalaren eta espetxeratzeen bidez».
Bozetan hauteskunde iruzurra egon zelakoan, Ameriketako Estatu Batuek Caracasen aurkako zigorrak prestatu zituzten. Horri erantzunez, Venezuelako Fiskaltzak Machadoren kontrako ikerketa bati heldu zion iazko azaroan, Washingtonen zigor horiekin zerikusia zuela egotzita. Ezkutuan darama ordutik hona, nahiz eta, iragan urtarrilean, Maduroren inbestiduraren bezperan, jendaurrean agertu zen presidentearen kontrako manifestazioetan.
Sari banaketa, kolokan
Batzordeak asteon iragarri ditu zenbait Nobel saridunen berri, eta abenduaren 10ean banatuko ditu sariak, bi ekitalditan: Bakearen Nobel saria Oslon, eta gainontzekoak Stockholmen. Watneren arabera, «goizegi» da esateko Machadok Norvegiara joan ahal izango ote den, «segurtasun arrazoiengatik». Sarien antolatzaileentzat, «dilemetako bat» da hori, «batik bat sariduna ezkutuan bizi baldin bada arriskutsua izan daitekeelako». Dena den, batzordeko presidenteak argi utzi nahi izan du sariak ez duela «mugatuko» Machadoren aktibismoa, «babestu» baizik.
NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak adierazi du sariak agerian uzten duela Venezuelako herriak asmoa duela «hauteskunde askeak» izateko, eskubide zibilak eta zuzenbide estatua «errespetatu» daitezen. Hala esan du erakundeko bozeramaileak gaur eman duen prentsaurrekoan, eta erantsi du «engaiatuta» jarraituko dutela «venezuelar guztien giza eskubideak defendatzeko».
Machado Bakearen Nobel saria jaso duen lehen venezuelarra da, eta zazpigarren latinoamerikarra. Hauexek dira Norvegiako batzordeak saritu dituen aurreko seiak: Carlos Saavedra Lamas (1936) eta Adolfo Perez Esquivel (1980) argentinarrak, Alfonso Garcia Robles mexikarra (1982), Oscar Arias costarricarra (1987), Rigorberta Menchu guatemalarra (1992) eta Juan Manuel Santos kolonbiarra (2016).
AZKEN URTEOTAKO NOBEL SARIAREN IRABAZLEAK
- 2024. Japoniako Nihon Hidankyo gobernuz kanpoko erakundea.
- 2023. Narges Mohammadi giza eskubideen aldeko aktibista irandarra.
- 2022. Ales Bialiatski ekintzaile bielorrusiarra, Memorial Errusiako gobernuz kanpoko erakundea eta Ukrainako Askatasun Zibileko Zentroa.
- 2021. Maria Ressa kazetari filipinarra eta Dmitri Muratov kazetari errusiarra.
- 2020. Munduko Elikadura Programa.
- 2019. Abiy Ahmed Ali Etiopiako lehen ministroa.
- 2018. Nadia Murad aktibista yezidiarra eta Denis Mukwege ekintzaile kongoarra.
- 2017. ICAN Arma Nuklearrak Desagertzeko Nazioarteko Kanpaina.
- 2016. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea (2010-2018).
- 2015. Tunisiako Elkarrizketa Nazionalerako Laukoteari.
- 2014. Malala Yousafzai ekintzaile pakistandarra eta Kailash Satyarthi aktibista indiarra.
- 2013. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea.
- 2012. Europako Batasuna.
- 2011. Ellen Johnson-Sirleaf Liberiako presidentea (2006-2018), Leymah Gbowee bakezale liberiarra eta Tauakkul Karman ekintzaile yemendarra.
- 2010. Liu Xiaobo Txinako Gobernuaren aurkako ekintzailea.
- 2009. Barack Obama AEBetako presidentea (2009-2017).
- 2008. Martti Ahtisaari politikari eta diplomatiko finlandiarra.
- 2007. Al Gore AEBetako presidenteorde ohia (1993-2001) eta Klima Aldaketaren gaineko Gobernuarteko Adituen Taldea.
- 2006. Muhammad Yunus ekonomista bangladeshtarra eta Grameen Bankua .
- 2005. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia eta Mohamed el-Baradei erakundeko zuzendari nagusia (1997-2009).
- 2004. Wangari Maathai politikari eta ekologista keniarra.
- 2003. Xirin Ebadi abokatu irandarra.
- 2002. Jimmy Carter AEBetako presidente ohia (1977-1981).
- 2001. Nazio Batuen Erakundea eta Kofi Annan erakundeko idazkari nagusia (1997-2006).
- 2000. Kim Dae Jung Hego Koreako presidentea (1998-2003).