Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Fracking jasangarririk, bai?

2026ko apirilaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundua hankaz gora dagoen honetan, ziztuan zapuzten ari zaizkigu atzo arte oinarrizkoenak genituen gakoak. Ormuzko itsasartea itxita, neurrigabe ari dira puzten erregaien eta gasaren prezioak, eta horrek ekarri dio hainbati energia berriztagarrien edo ingurumenaren defentsaren gainean zituzten lilura berdeak ahazteko premia. Claudia Sheinbaum presidenteak mahai gainean ipini du egunotan frackingari buruzko eztabaida, eta aukeratu beharra dagoela esan die mexikarrei. Hitz gutxitan, edo burujabetza edo ingurumena.

Galdera zuzen bezain deserosoa egin die: «Gas guztia, ezohikoa ere bai, ustiatuko dugu?, bai ala ez? Zergatik bai? Subiranotasun energetiko handiagoa ematen digulako. Zergatik ez? Badituelako eraginak ingurumenean». Mexikok AEBekiko duen mendekotasuna murriztu nahi du gobernuak, eta, horretarako, probetxu atera nahi die Mexikoko golkoan dauzkaten aztarnategiei. Harria bota du presidenteak, baina segituan gorde du eskua. Aditu taldea osatuko dute egitasmoaren bideragarritasuna aztertzeko. Ondo daki Sheinbaumek franckingak kalteak egin diezazkiokeela ingurumenari bezala, bere izate politikoari. Izan ere, ezin du ahaztu franckingaren kontrako jarrera izan zela bere aurrekoaren, Andres Manuel Lopez Obradorren agintearen oinarrietako bat. «Ezetz esan genion frackingari, ezetz meatzaritzako neurrigabeko ustiapenari», nabarmendu zuen Lopez Obradorrek 2019ko abenduaren 1ean, bere agintaldiaren lehenengo urteurrenean.

Franckinga ezin izan zuen galarazi, arinago sinatutako emakidak indarrean zirelako, baina bere gobernuak ez zuen kontzesio berririk eman, eta kontratu mota horiek debekatzeko hainbat lege proposamen aurkeztu zituen Morenak, bere alderdiak; Parlamentuan, tiraderaren batean galduta, geratu ziren.

Sheinbaumek berak asmo horiekin egin zuen kanpaina presidentetza eskuratzeko. Hala ere, Donald Trump mandatari estatubatuarra muga zergekin mehatxuka hasi zitzaienean mexikarrei, argi geratu zitzaien hauei ordura arteko mendekotasun energetikoa orotariko oinperatze bilakatuko zitzaiela kontrako neurri larriak hartzen ez bazituzten. Horixe aitortu du presidenteak orain, premiak bultzatu duela ezohiko gasa ustiatzeko aukerak aztertzera. Bere burua zuritzeko-edo, ohiko franckinga, beti arbuiatu izan duen hori, baztertu egin du. Haren hitzetan, aitzinamendu teknologikoak bestelako frackinga egitea ahalbidetzen du, nahiz eta horrek ere ingurumenean kalteak eragin ditzakeela onartu.

Zurikeria izan daitekeen arren, argi dago Mexikok frackingari bide egingo dion ala ez eztabaidatzea gaur ez dela soilik auzi teknikoa edo ingurumenari lotutakoa. Bada, gero eta gehiago, gai geopolitikoa eta segurtasun arazo benetan larria. Horra hor gakoa: Iazko apirilean, The New York Times egunkariak Akilesen orpoa Trumpen aurrean izeneko artikulua kaleratu zuen, eta bertan argi eta garbi onartzen zuen egileak Mexikoren zaurgarritasun puntu larrienetako bat AEBetako gas naturalarekiko duen mendekotasuna dela. Oraindik gehiago, egileak iradokitakoaren arabera, Sheinbaumek Trumpen aurrean zuhur jokatzeko izan duen isileko arrazoietako bat hori izan da.

 

Datuak argigarriak dira: Mexikon kontsumitzen den gasaren %75 AEBetatik dator. Oraindik larriagoa dena: gas kopururik handiena shale gasari dagokio, haustura hidraulikoaren bidez ateratakoari, hau da, frackingari.

Kontuan izan behar da, bestalde, mendekotasun horrek aldi neoliberaletako erabakietan duela jatorrietako bat, garai haietako hamarkada bakar batean gasaren ekoizpena %29,8 jaitsi baitzuten herrialdean, nahita, AEBetatik egindako inportazioak nabarmen hazteko eta, bide batez, noski, eskupeko ederrak irabazteko; mordida galanta, alegia. Orain kontrako bidea egin nahi dute agintariek eta, hortaz, fracking ez horren kaltegarri hori baliatzea onartuko balitz, iaz egunean 2.300 milioi oin kubiko ekoiztetik (65.135 milioi litro), egunero 8.310 milioi oin kubiko ekoiztera (235.340 milioi litro) pasatuko lirateke 2035ean.

Zurikeria izan daitekeen arren, argi dago Mexikok frackingari bide egingo dion ala ez eztabaidatzea gaur ez dela soilik auzi teknikoa edo ingurumenari lotutakoa.

Claudia Sheinbaum jakitun dago jarrera aldaketak izango duen eraginaz. Horregatik jakinarazi du aditu talde bat ibili dela azken hilabeteotan AEBetan eta Kanadan, bertako esperientziak ikusten, eta ikasten fracking berriak zenbateraino murriztu dituen ingurumenari eragindako kalteak. Eta esan du, hori bai, hartuko den edozein erabaki arrazoi zientifikoan oinarritu beharko dela, eta, horretarako, uraren, klima aldaketaren eta beste arlo batzuetako adituek batzorde bat osatuko dutela, teknologia horren bideragarritasuna neurtzeko.

Burujabetza energetikoa kosta ahala kosta? Galdetu diote mandatariari, eta hark erantzun: «Ez, bizitza osoan fracking tradizionalaren aurka aritu naiz. Ez, hori ez. Ustiapen teknologia berriak dira hauek, ingurumen inpaktu txikiagoekin, gas hori ustiatzeko aukera irekitzen digutenak».

Apur bat nahasita utzi ditu Sheinbaumen egunotako agerraldiak bere alderdi barrukoak. Eta haserre, oso haserre, Morena alderdiaren ezkerretara daudenak. Hasteko, frackingaren gaineko azken agerraldia Blackrock inbertsio funtseko zuzendariarekin batu eta biharamunean egin zuelako, eta horrek, jakina, hautsak harrotu ditu. Horri lotuta, eta burujabetzarena behin eta berriro aipatu duelako, nongo teknologiarekin egingo duen fracking mota berri hori galdetu diote egoskor, horrekin Mexiko iparraldeko sozioekiko duen mendekotasuna areagotuko delakoan. Eta, azkenik, Frackingaren aurkako Itun Mexikarrak, gizarte zibileko 70 erakunde eta talde baino gehiagorekin batera, hitza hartu eta argi esan die mexikarrei eta beren gobernuari ez dagoela fracking jasangarririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA