Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Gerra adierazpena ez, baina kasik

2026ko martxoaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mexikoko militarrek narkoaren buru gorena, Nemesio Oseguera Cervantes El Mencho, erail zutenean, haren jendeak sutan ipini zuen herrialde osoa, eta, ke haiek ikusita, hainbatek apokalipsia iragarri zuen. Bi eguneko anabasaren ondoren, baina, bakea berreskuratu eta ohikoak berriro itzuli ziren mexikarren egunerokora, ohiko horiek odolez zipriztinduta badaude ere. Odola odol truk, hori bai: narkoen burua harrapatzeko operatiboan, eta ondoren mendeku hartzeko Osegueraren sikarioek egindako erasoetan, 60 hildako izan ziren guztira, horietatik 25 kolore ezberdinetako uniformedunak. Liskarretik kanpo hildako bakarra, bala galdu batek zendutako emakumea izan zen. Hitz bitan, El Mencho zenaren hilketak hautsak harrotu zituen, bai, baina ez horrenbeste. Egia da ekaitzaren aurreko barealdia izan litekeela egunotakoa, lepo egindako kartelaren buru berria aukeratu bitartean. Ez dugu ahazten, Ismael Zambada Garcia El Mayo atzeman zutenean, Sinaloa eskualdean handik hilabete eta erdira lehertu zirela haren ordezkoa inposatzeko kalapita odoltsuak.

Horiek jazotakoak, bere horretan. Besterik da, horien inguruan egin diren irakurketak: Batzuek diote AEBek goratu zutela bere garaian Jalisco Kartela Belaunaldi Berria (CJNG), eta El Mencho haren buru ipini, eta orain «kendu» egin dutela, komeni zitzaielako; besteen esanetan, berriz, El Menchok salatuko zituen beldur zirelako, atxilotu ordez erail egin zuten agintariek. Izan da, Sinaloa kartelaren atzaparrak operatiboaren atzean ikusi dituenik, Joaquin Guzman Loera El Chapo presoaren semeen, Los Chapitos deiturikoen eskutik. Eta, noski, oraingoan ere ez dira falta izan egun hartaz geroztik El Mencho bizirik ikusi dutenak. Azkena kenduta, besteen arrazoiak pentsatzekoak dira. Baita Mexikoko agintariek operatiboa Trumpek hartaratuta egin zutela diotenenak ere.

Jakina AEBetako presidentearen eskua atzematen dela operatiboaren atzean, baina ez dirudi iparraldekoa baretuko denik Osegueraren hilketarekin, edo azken hileotan Mexikoko segurtasun indarrek harrapatutako narkotrafikatzaile mordoarekin. Ikusi eta aztertu besterik ez dago aipatu operatiboaren aurretik eta ondoren gertatu diren guztiak. Hasteko, hilketaren aurreko asteburuan Mexikoko eskuin muturraren adar ezberdinek emandako pausoa. Egun berean, hiru ekimen aurkeztu ziren datorren urtean izango diren tarteko hauteskundeei begira eta, batez ere, 2030ean presidentea hautatzeko egingo direnak gogoan. Mexikok badu bizitza deitu diote horietako bati. Bizitza hitzak agerian utzi bezala, ebanjelikoak dira sustatzaileak, abortuaren kontrako sutsuak eta, hortaz, bizitza eta familia jardun-ardatz duten muturrekoak. Bake gizarteak eraikitzen litzateke bigarrena, epaileek izena aldatzera behartu badute ere, horren siglak, gaztelaniaz, CSP osatuko luketelako; Claudia Sheinbaum Pardoren inizialak, alegia. Azkenean PAZ ipini diote. Ebanjelistak horiek ere, aurrekoek bezala familia dute bakerako lan-ardatz nagusia. Eta, azkenik, Mexiko Gara, azken urteetan oposizioaren talaia izan den Marea Arrosa-ren oinordekoa.

Nola, edo zergatik, lotzen den hauena hurrengo asteburuan isuriko zen odolarekin? Hirurek salatu dutelako Sheinbaum, harena narkogobernua delakoan. Iazko azaroan Z belaunaldiaren mozorropean egindako protestan narkoestatu berba letra larriz idatzi zuten Jauregi Nazionalaren aurrean, munduak ondo ikusi, eta AEBetako agintariek gogoan har zezaten. Donald Trumpek Mexiko eta beste herrialde batzuetako kartelak narkoterrorista gisa izendatu izanak, marraztu egin dio oposizioari —bai behintzat Mexikon— bere jardunbidea, eta horretan ari dira temati.

(ID_15870960) EEUU LATINOAMÉRICA
Trump jaun eta jabe martxoaren 7an, Ameriketako Ezkutua ekimenaren bileran, Miamin. EFE

El Mencho-ren hilketaren hurrengo asteburuan nahikoa buruhauste izan zuen Trumpek Ekialde Hurbilean. Hurrengorako utzi zuen Ameriketako Ezkutu izen ponposoarekin bataiatu duen ekimena. Miamin duen golf klubean, Trump bere pentsamolde herdoildu bereko hamabi presidenterekin batu, eta hitzarmena lotu zuen narkotrafikoari eta migrazio neurrigabekoari aurre egin eta Txinak kontinentean duen eragina zangotrabatzeko asmoarekin. Bilera eta hitzarmenetik kanpo utzi zituen, apropos, Mexiko, Kolonbia eta Brasilgo mandatariak. Egon ez zirenen absentziak utzi zuen agerian batzarraren egiazko asmoa. Mexiko hizpide, Trump temati aritu zen salaketak eginez, herrialdea kartelen epizentroa dela esateraino.

AEBetako Estatu Departamentuak topaketa zuritzeko emandako arrazoiekin lotu behar dira bere presidentearen obsesioak: «nazioen koalizio historiko hau lankidetzan arituko da kontinentean», idatzi zuten oso-oso eskuineko hamabi presidente horiek, hitzartutakoaz «atzerritarren esku-hartzea, legez kanpoko migrazio neurrigabea, eta kartel eta talde kriminal eta narkoterroristak geldiaraziko dituzten estrategiak aurrera eramateko». Trumpen esanetan, balizko etsaia suntsitzeko modu bakarra beren indar armatuen boterea askatzea da, eta xede hori lortzeko misilak erabiliko dituztela agindu zuen, zuzenean botako dituztenak droga-jauntxoen egonlekuetara.

Sheinbaum oso pertsona ona, ahots ederrekoa eta emakume ederra dela ironiaz adierazi ondoren, Mexikoko presidenteak armada estatubatuarrari etxeko ateak itxiko dizkiola esateko ustez erabiltzen duen ahots xuxulariaren imintzioa egin zuen Trumpek: «'President, president, president [...] No, please, president'».

Julio Hernandez kazetariak La Jornada egunkarian idatzi bezala, ez dira burutazioak, ezta zentzugabekeriak ere, esatea Trump giroa prestatzen aritu dela, eta egiturak finkatzen, «Sheinbaum presidentearen gobernua mendean hartu, eta muturreko jardueren bidez Mexiko bere esanetara jartzeko». Hainbesterainokoa izan zen Sheinbaumen kontra Trumpek adierazitako herra, ile-laranjak iseka egin zion mexikarrari Mexikon ez esku hartzeko eskatuz berarekin hitz egiterakoan erabiltzen omen dituen tonu eta moduengatik. Sheinbaum oso pertsona ona, ahots ederrekoa eta emakume ederra dela ironiaz adierazi ondoren, Mexikoko presidenteak armada estatubatuarrari etxeko ateak itxiko dizkiola esateko ustez erabiltzen duen ahots xuxulariaren imintzioa egin zuen Trumpek: «President, president, president [...] No, please, president».

Hernandezen esanetan, dudarik ez dago: Miamikoa «ez da gerra adierazpen esplizitua izan, baina bai Mexikoren aurka gringoen presidente burugabe horrek gerratik hurbilen egin duen adierazpena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA