Iragarpenak bete eta Flavio Bolsonarok Lula da Silva garaitzen badu bihar Brasilgo hauteskundeetako bigarren itzulian, Mexiko izango da, Uruguai txikiarekin batera, Latinoamerikan ezkerraren esku geratuko den pisuzko herrialde bakarra. Ikusteko dago, baina horrela gertatuko balitz, Claudia Sheinbaum presidentearen gobernuari oso gaitz egingo litzaioke AEBetatik heltzen zaizkion oldarraldiei eustea. Brasilgo azken bi hamarkadetako ibilbideak ikasgai garrantzitsuak uzten dizkio Mexikori, eta horixe da ezker eta eskuin, nork bere asmoei erreparatuz, hizpide izan dutena aipatu hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzak plazaratu zirenetik. Viri Rios adituaren esanetan, adibidez, ikasgairik funtsezkoena zera litzateke: irmotasun subiranista ez dela nahikoa izan porrota eragozteko.
Aditu horren aburuz, Sheinbaumek Mexikon egin bezala, bere jardun politikoa subiranotasunaren eta mendekotasunaren arteko lehia gisa kokatzen saiatu zen Lula: Brasilgo herriaren duintasuna alde batean, eta AEBetako presidentearen asmoen mende egotea bestean. Gakoa zera da, Riosen ustez, jardunbide horrek huts egin duela, «eta ez hutsala zelako». Egia baita, esan du, Bolsonaroren balizko garaipena ezin dela ulertu AEBen esku hartze garbi eta lotsabakorik gabe. Baina, haren esanetan, estrategiak huts egin du, batez ere, narratiba subiranista bere horretan, eta besterik gabe, ez dagoelako jendearen premien erdigunean.
Brasilgo ezkerraren hutsak hiru arrazoi nagusi izan omen ditu. Lularen inguruko ustelkeria eskandaluak, batetik; gero eta garestiagoa eta eskuraezinagoa den eguneroko bizitza, bestetik: eta, azkenik, hautagai berari behin eta berriz botoa eman behar izatearen nekea. «Ez dago subiranotasunaren aldeko aldarri nahikorik hiru gako horiekin lehiatu daitekeenik. Hautesleek bozkatu zutena bozkatu zuten, ez estatubatuarren mutur sartzearen berri ez zutelako, aldarrikapen subiranistek beren eguneroko premiek baino indar txikiagoa izan zutelako baizik».
Mexikoko eskuinak aukera profitatu nahi izan du Bolsonaroren balizko garaipena etxera ekarri eta Sheinbaumen agintaldia ahultzeko. Leo Zuckermann kazetaria izan da Brasilen jazotakoari atarramentua atera nahi izan diotenetako bat. Lula hizpide baina Sheinbaum gogoan, esan du lidergo politikoak, oso eraginkorrak izan eta herritarren babesa eduki arren, higatu egiten direla. Ezkerrak ongizateari eta justizia sozialari lotutako jardunbide publikoak bultzatu izan dituen arren, gutxieneko soldataren igoera eta lanaldiaren murrizketa kasurako, horiek guztiak hutsalak ei dira, Zuckermannen ustez, bateko zein besteko eskuinek temati salatu izan duten segurtasunik ezarekin alderatuta.

Sheinbaum presidentearen Morena alderdiaren barruan dauden zein gertu diren ezkerreko eragileek ere Brasildik zer ikasi badagoela uste dute. Muturreko eskuinaren gorakada ikusita,La Jornada-ko kazetari Julio Hernandez Astillerok harrokeriak baztertzeko eta kritika eta autokritika suspertzeko deia egin du. Kazetari horrek ohartarazi du azken bi hauteskundeetako emaitzek ez dutela ezkerraren etorkizuna bermatzen, eta dei egin du mexikarrek benetan pairatzen dituzten arazoei erantzuteko eskuinak hainbat sektoreren nahigabeak bere probetxurako baliatu aurretik.
Hernandezen ustez, Brasilen orain arte jazotakoak ohartarazpen gisa balio behar die mexikarrei. Ezinbestekotzat jo du herritarrengan nahigabea eragin dezaketen gakoak ondo aztertu eta berrikustea, gako horiek baitira eskuineko zein eskuin muturreko aldarriak elikatzen dituztenak. Alde horretatik, errealitatearen gaineko hausnarketak egiteko orduan, eskatu du ez hartzeko egia bakartzat hilketen kopuruaren murrizketari, feminizidioei eta hobekuntza ekonomikoari buruz agintariek emandako datu ofizialak. Aitzitik, gaineratu du emaitza horiek mexikarrentzat hautemangarriak diren edo ez aztertu behar dela.
Ezin ahaztu Brasilgoen ondoren AEBetako agintaldi erdiko bozak datozela, eta horien bien emaitzek ezbairik gabeko eragina izango dutela datorren urtean Mexikon egingo dituzten hauteskundeetan.
Ofizialismoaren baitako eztabaida politikoen eta herritarren egunerokoen arteko aldeaz ere mintzatu da Astillero, batez ere segurtasunari lotutako gaietan. Talde kriminalek herrialdeko hainbat eskualdetan duten eraginaz jabeturik, gaineratu du gobernuaren lorpenei buruzko aldarriek ez dituztela bertan bizi direnen beldurrak uxatzen. Haren ustez, beldur horiei jaramonik ez egiteak aukera eman diezaieke eskuin eta eskuin muturreko eragileei herritarren nahigabeen lepotik indartzeko. Bide beretik, zenbait agintarik talde kriminalekin dituzten balizko loturak aztertzeko eskatu du.
Ezin ahaztu Brasilgoen ondoren AEBetako agintaldi erdiko bozak datozela, eta horien bien emaitzek ezbairik gabeko eragina izango dutela datorren urtean Mexikon egingo dituzten hauteskundeetan. Eraldaketa politikoa sustatu duen mugimenduarekin bat egin arren, Morena alderdiaren barruan ez dauden askok gogor kritikatu dituzte bozketa horiei begira Morenak hainbat eskualdetan gobernadore izateko aukeratu dituen hautagaiak. Salatu dutenez, horietarik asko eskuinetik datoz, eta oso berriki PRI eta PAN (PRIAN) alderdiak utzi, eta ezkerraren lilurak itsututa hitzeman dute, orain bai, herriaren interesak sutsu defendituko dituztela, baldin eta gobernadore izendatzen badituzte. Hernandezek berak txarretsi du Morena alderdiak nola edo hala lortutako garaipenak lehenetsi izana hautagaiak aukeratzeko prozeduran, lehian diren eskualdeetan mugimendua sortu zutenak eta ezkerreko buru historikoak baztertuta.
Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde ohiak zuzentzen duen kateko Latinoamerikako La Base programan modu bitxian laburbildu dituzte arestian jasotako kezkak: «Mexikon 2027rako aurreikusitako egoerak bi gauzatarako lekua uzten du aldi berean: ezkerreko aukerak eta pragmatismo politikoa».