Ekialde Hurbilean luzatzen ari den gerrak badu elementu deigarri bat: kolpatuta eta ahulduta dagoen Iranek munduko ekonomiari hordagoa jotzea lortu du.
Gatazkak nazioarteko merkatuak eta energia hornidurak astindu ditu, baina eragin hori bereziki handia da Asian. Izan ere, Ormuzko itsasarte estrategikotik igarotzen den petrolio eta gasaren ia %90 Asiako merkatuetara doa; hango ekonomiek ez dute energia nahikorik ekoizten, eta Ekialde Hurbileko erregai fosilekiko mendekotasun handia dute.
Asiaren ahultasuna ez da soilik energetikoa; estrategikoa ere bada. Eskualdeko herrialde askok Ameriketako Estatu Batuen babes militarrean oinarritu dute beren segurtasuna, akordioen bidez eta urte luzez Asiara bideratutako estrategiaren bitartez. Gaur egun, ordea, Washingtonen konpromisoaren sinesgarritasuna kolokan jartzen hasia da, Trumpek Iranen egindako azken mugimenduak direla eta.
Gatazka luzatu ahala, Asiak bere ekonomiak nola hornitu eta babestu pentsatzeari ekin dio. Pakistandik Japoniara, erantzunak askotarikoak izan dira. Epe motzean, gobernu batzuek eskolak itxi dituzte, lan asteak laburtu, edo telelana ezarri dute energia aurrezteko. Beste batzuek ikatzaren aldeko apustua egin dute, edo erregai fosilen diru laguntzak handitu dituzte: neurri horiek berehalako eraginkortasuna ematen dute, baina finantza publikoak estutu eta mendekotasun zaharretan erortzeko arriskua dute. India, Indonesia eta Pakistan, esaterako, ikatzaren alde egiten ari dira berriz ere, irtenbide azkarrena delakoan.
Aldi berean, norabide aldaketa bat sumatu daiteke. Japoniak zentral nuklearren itzulera bizkortu du autosufizientzia handiagoaren bila; Txina ere bere programa nuklearra azkartzen ari da; eta Vietnam edo Filipinak bezalako herrialdeek, baliabide gutxiago izan arren, energia nuklearra berriro mahai gainean jarri dute, nazioarteko finantzaketaz baliatuz.

Etorkizuna, neurri handi batean, berriztagarrietan oinarrituko da. Horretan Txinaren papera funtsezkoa izango da, Asiako trantsizio energetikoa haren teknologiaren eta ezinbesteko lehengaien menpe baitago. Horrek galdera bat planteatzen du: Pekinek bere gaitasuna eta baliabideak eskualdeko herrialdeekin partekatuko dituen, ala jasangarritasunaren arloan duen abantaila kontrol globala sendotzeko baliatuko duen.
Ziurgabetasun horren aurrean, eskualdeko lankidetza gero eta premiazkoagoa bihurtu da. Horrela, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren inguruan sortutako ekimenak —energia berdearen esparruan edo sare elektriko integratu baterako plana— bultzatzen hasi dira epe laburreko hornidura-oztopoak arindu eta epe luzeko erresilientzia sendotzeko.
Azken finean, gerra honek ez du munduko energia merkatuen ahultasuna soilik agerian utzi; segurtasun egituren mugak ere bai. Asian, bi zaurgarritasun horiek gurutzatzen ari dira, eta horrek energiari zein botereari buruzko hausnarketa sakona egitera behartzen du.
Esan bezala, badago zarata gutxiagorekin datorren beste kolpe bat: estrategikoa. Washingtonek ez ditu herrialde horiek energia aldetik bakarrik utzi zaurgarri; Ekialde Hurbilera arreta eta baliabide militarrak bideratzen ari da, eta, hala, Asiako bazkideekiko babesa murriztu du. Hego Koreako misilen defentsa sistemak edo Japonian dauden tropak Ekialde Hurbileko eskualdera mugitu ditu, Asiako herrialdeak ahul utzita.
Ameriketako Estatu Batuen bazkideentzat, egoera gero eta korapilatsuagoa da. Trumpek indar erakustaldi azkar bat espero zuen, baina Teheran uste baino sendoago agertu denez, AEBak irtenbide bila dabiltza presaka. Ondorioz, Washingtonen gaitasun estrategikoa eta militarra zalantzan dago. Horren aurrean, litekeena da aliatuek AEBen bermeekiko mendekotasuna murriztea eta berezko gaitasun asimetrikoen alde egitea.
Azken finean, gerra honek ez du munduko energia merkatuen ahultasuna soilik agerian utzi; segurtasun egituren mugak ere bai. Asian, bi zaurgarritasun horiek gurutzatzen ari dira, eta horrek energiari zein botereari buruzko hausnarketa sakona egitera behartzen du. Baina, aldi berean, krisiak aukera ere badira Asiarentzat: mendekotasunak murrizteko, lankidetza sakontzeko eta etorkizun energetiko eta estrategiko sendoago bat eraikitzeko.