Japonia eta Txina: zauri irekia

Olatz Urkia
2025eko abenduaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanae Takaichi Japoniako lehen ministro izatera iritsi da, eta Txinaren eta Japoniaren arteko tentsioak segituan egin du gora. Lider japoniarrak azaroaren hasieran parlamentuan egindako adierazpen batzuk izan dira momentu gatazkatsuena: Txinak Taiwan inbadituko balu Japoniak militarki erantzungo lukeela adierazi zuen. Horrek Pekinen haserrea piztu du: Wang Yi Atzerri ministroak behin baino gehiagotan adierazi du Sanae Takaichik marra gorria gurutzatu duela Txinari militarki mehatxu egitean. Lider japoniarrak bakearen aldekoa dela ziurtatu du, eta hitz egiteko prest agertu da, baina, hitz leunak esan dituen bitartean, keinu gatazkatsuak egiten jarraitu du; adibidez, Taiwanetik gertu dagoen irla japoniar batean misilak instalatuz.

Mehatxuaren testuinguru historikoa

Mendebaldean askotan ez da ulertzen Japoniak Txinari militarki mehatxu egiteak duen esanahia. Sanae Takaichiren mehatxuek oraindik ondo sendatu ez den zauri historikoa irekitzen dute. Bigarren Mundu Gerran Japonia faxistaren aurkako borrokak 30 milioi hildako utzi zituen Txinan. Txinatarrek Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen hasi zuten Japonia inperialaren inbasioaren aurkako borroka; 1931n, hain zuzen ere. Soldadu japoniarrek, hil zituzten zibil guztiez gain, torturak eta bortxaketa masiboak egin zituzten, eta zauri hori ez da erabat itxi, Tokiok ez duelako behar den bezala barkamena eskatu oraindik. Japoniarrek argudiatzen dute baietz, adibidez Shinzo Abe lehen ministro ohiak publikoki barkamena eskatu zuela, baina azken finean hor daude oraindik sarraskien erantzule diren jeneralen omenez eraikitako memorialak, eta Sanae Takaichi da, hain zuzen ere, memorial horietara bisitak egiten jarraitu duten politikarietako bat.

Eskuin muturreko politikariak Asiako bizilagunarekin gatazka hasi izana ez da sorpresa handia izan. Agintaldira iritsi denetik argi utzi du Trumpengana gerturatu nahi duela.

Eskuin muturreko politikariak Asiako bizilagunarekin gatazka hasi izana ez da sorpresa handia izan. Agintaldira iritsi denetik argi utzi du Trumpengana gerturatu nahi duela. Eta orain, Trumpen bideari jarraituz, Taiwanen eskua sartzen hasi dela dirudi; bere aurretik Japonian egondakoek Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik saihestu duten zerbait da. Sanae Takaichiren aurrekariek ez dute inoiz Taiwanen eskua sartu, ez Txinari militarki mehatxurik egin; beraien iragan gatazkatsua atzean utzi dutela erakutsi nahian, azken hamarkadetan Japoniak bakearen alde egin du, mehatxuak saihestu eta defentsan arreta handirik jarri gabe. Hori aldatu da Sanae Takaichi politikari kontserbadorearen iritsierarekin.

Taiwan

Txinak argudiatzen du Taiwanek duen autonomia gerra zibila txinatarraren ondorioa dela, eta afera horretan ez dutela zeresanik ez Estatu Batuek ez Japoniak: Estatu Batuek eskua sartzeak ez du zentzurik, eta hipokrisia bezala ikusten dute hemen, Mendebaldeko potentziak hain urrun daudela kontuan hartuta; Japonia orain sartzea hipokrisia hutsa eta injustizia bezala ikusten dute, batez ere iraganean Japoniak Taiwan inbaditu zuela gogoratuta.

Txinako gerra zibilean komunistak irabazle atera zirenean, nazionalistek, Kuomintang alderdiak hain zuzen ere, Taiwanera alde egin zuten. Momentu horretan Pekinek ez zion hegoaldeko irla txiki bat bezala ikusten zuen lurraldeari arreta handirik eskaini, ez zuen une hartan lehentasun estrategikotzat Taiwan. Txina gerra zibilaren ostean suntsituta zegoen, pobrezia handiarekin, eta lehentasun nagusia horri aurre egitea izan zen. Taiwan irla txiki eta urrunekoa zen, eta, gainera, Pekinek bazekien Estatu Batuek Kuomintanga babestuko zutela. Horregatik, gerorako utzi den arazo bihurtu da.

(ID_15548318) JAPAN POLITICS
Sanae Takaichi erdian, joan den azaroaren 26an Japoniako Parlamentuan. FRANCK ROBICHON / EFE

Denborarekin, aldiz, Taiwanen identitate propioa eta autonomia sendotu da, eta demokrazia sendo bat garatu dute. Orain, independentziaren aldekoak diren taiwandarrek argudiatzen dute eraiki duten identitate hori ez datorrela bat Txinako Alderdi Komunistarekin, eta beraien demokrazia arriskuan ikusten dute Txinaren kontrolpean.

Pekinek azpimarratzen du Taiwan barne gatazka bat dela. Baina behin baino gehiagotan, Estatu Batuek (eta orain Japoniaren babesarekin), Taiwandarrak defendatu behar izateko argudio hori erabiliz, irla autonomoan eskua gero eta gehiago sartu dute. Estatu Batuek Pazifikoan influentzia areagotzeko lurralde estrategikoa da Taiwan, Taiwaneko itsasartea munduko merkataritza eta energia bideen erdian dago. Irlaren autonomia defendatu behar izateko aitzakiarekin, militar estatubatuarrek geroz eta gehiagotan egiten dituzte maniobra militarrak inguruko uretan. Merkataritzaren ikuspegitik ere badago pisu handia duen zerbait: erdieroaleen inguruko gatazka: azken hamarkadetan mikrotxipen produktore nagusia bihurtu da Taiwan, eta Estatu Batuen eta Txinaren arteko norgehiagoka teknologikoaren erdian amaitu du. Argi dago Taiwan Txinaren hegemoniari aurre egiteko tresna garrantzitsua dela, eta Estatu Batuek Txinarekin duten lehia horretan Taiwan instrumentu bezala erabiltzen ari dela ikusteak Pekini irla berreskuratzeko presa areagotu dio

Taiwandarren autodeterminazio eskubidea errespetatu behar den bitartean, ezin da ere ahaztu Estatu Batuak eta Japonia beren interes propioetan pentsatuz mugitzen direla; eta batez ere Trumpen kasuan, Txinak aurrea hartuko dion beldurra dela Asiako geopolitikan duen motor nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.