Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida. Analisia

Jokalekua ere mugitu da

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Gogorra da esan behar izatea Fukushimako istripuak agian ondorio onak izan ditzakeela energia nuklearra mesfidantzaz begiratzen dugunontzat. Baina are gogorragoa da egiaztatzea halako istripurik ez badago energia mota horren arriskuak bigarren maila batean jartzen direla, beste interesen mesedetan. Milioika lagunengan erradiazioen izua hedatu behar izan da energia nuklearra kontrolatzeko zailtasunez ohartzeko. Halakoa da gizakia, bi aldiz harri berarekin estropezu eginda ere, harria bere bidetik kentzeko gai ez den animalia.

Three Mile Islandeko eta Txernobilgo istripuek egin ez zuten moduan, Fukushimako leherketek ez dute energia nuklearraren amaiera ekarriko. Baina, haiek bezalaxe, sukar atomikoa baretzeko balioko dute; azkenaldian, nahiko hedatuta zegoen; herritarren artean agian ez, baina agintari askoren artean, behintzat, bai.

Baina, Merkelek erakutsi duenez, jokalekua aldatu da. Asteburura arte nuklearraren apologia garbia egiten zuten askok zalantzak azaltzen dituzte orain. Eta ez da Alemaniaraino joan behar bat-bateko jarrera aldaketak ikusteko: han zein hemen hauteskundeetara plataforma nuklear batekin aurkezteko gogoa kendu zaie batzuei. Garoñaren hilkutxari iltzeak kentzeko tentazioa ere txikiagoa da gaur duela astebete baino.

Istripuak sortu duen hotzikara ikusita, litekeena da gaur egun zentralak dituzten 29 herrialdeetako batek edo bestek nuklearra uztea, eta beste batzuk haren alde apustu egiteko nahia galtzea. Azken horien artean egoteko hautagaia da Txile: lurrikara indartsuak jasaten dituen herrialdean lau erreaktore jartzeko plana du Sebastian Piñera presidenteak. Txilekoak zenbatuta,324 erreaktore eraikitzeko planak daude. Industria nuklearraren datuen arabera, 2011ko martxoaren 1ean 443 erreaktore zeuden martxan, beste 62 erreaktore eraikitzen ari ziren, eta beste 158 eraikitzeko proiektuak daude. Urtebete barru, kopuruak desberdinak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.