Olatz Arrieta

Komuna ez zen europarra

2026ko apirilaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artemis II misioan, Europako Espazio Agentziak egin duen ekarpen kritikoa ezkutatzen ibili da NASA. Horixe ondorioztatu dut misioaren inguruan NASAren emanaldi ofiziala hainbat orduz jarraitu eta gero. Jaurtiketa baino 11 egun lehenago jarri zuten Orion ontzia zeraman suziria jaurtiketa tokian, eta irudia zuzenean ikusteko aukera zegoen. Jaurti aurretik hamaika aldiz ikusi dugu Orion ontzian NASA hitza, eta azpian ESA (European Space Agency) irakur zitekeen argi eta garbi NASAko hizlariak aipamenik ez egin arren. Orion-en azpian zegoen ESAren modulua; astronautak bizirik mantendu dituen modulua da. ESM (European Service Module) izena du. Modulu horretan zeuden astronautek espazioan bizi eta lan egiteko behar zituzten oinarrizko zerbitzu guztiak, eta Ilargira joan-etorria egiteko erabili dituzten 33 motorrak.  

Europako Espazio Agentziaren arabera, bere moduluak lan bikaina egin du, ez zen akatsik egon; are gehiago, motorrei dagokionez espero baino hobeto aritu ziren. Astronautek ez zuten arazorik izan argi panelekin argindarra jasotzeko, arnasteko, 20 graduko tenperatura mantentzeko, edo ura erabiltzeko. Europako enpresek egindako eguzki paneletan jarritako kamerek, gainera, misioko argazki zoragarriak utzi dizkigute (Orion txikia unibertsoaren handitasunean eta iluntasunean erakusten duena, esaterako). Txiza eta kaka ontzitik botatzeko orduan, ordea, arazoak izan zituzten astronautek; estatubatuarrek egindako komunak huts egin zuen, eta akats hori misioaren lerroburu izan zen hainbat egunetan. Komuna ere Europako Espazio Agentziaren esku utzi izan balute…

(ID_15975950) FOTODELDIA EE.UU. MISIÓN ARTEMIS II
Artemis II misioko bi astronauta AEBen hegazkin militar batean, apirilaren 11n. BILL INGALLS / EFE

NASAk behin eta berriz esan du gizateriaren izenean egin dutela misioa, eta nazioarteko lankideei eskerrak eman dizkiete, gehienetan nortzuk izan diren esan gabe, noski. Artemis martxan jartzeko agindua Donald Trumpek eman zuen 2017an. Misioaren gastuaren zatirik handiena Ameriketako Estatu Batuetako espazio agentziak ordaindu du, baina bigarren ekarpenik handiena europarrena izan da. Besteen kasuan, Kanadak Jeremy Hansen astronauta jarri du, Japoniako espazio agentziak ekarpen txikiagoak egin ditu, eta Alemaniak, Hego Koreak eta Saudi Arabiak sateliteak bidaltzeko baliatu dute misioa.

Artemis II-ren kontakizuna 'Apolo 11'-ren garaiko kontakizuna izan zen: espazioaren esplorazioan, Ameriketako Estatu Batuak, beste behin, astronautekin Ilargira hurbiltzen lehenak izan dira, Txinaren eta Errusiaren aurretik; beste behin. 

Houstondik astronautek eman duten azken prentsaurrekoan lau bandera ikusten ziren atzealdean: Ameriketako Estatu Batuetakoa, Kanadakoa, Texaskoa eta NASAkoa. Ez nuen ESArena espero, baina bai gutxienez Europako Espazio Agentziari aipamenen bat egitea. Horri gehitu behar zaio, zoritxarrez, kazetari europarrik ez zegoela prentsaurreko hartan galdera europarrak egiteko. Astronautek euren kontura aitortu zuten ESAren zerbitzu moduluaren garrantzia: Reid Weisman astronauta-komandanteak misioaren unerik arriskutsuenean —Lurrera sartzeko maniobraren fasean, hain zuzen—, moduluari eskerrak eman zizkion eta agurtu egin zuen Orion-etik askatu zenean.

Orion lurrera itzuli zen espazioaren historiaren liburuetan beste atal bat idatzita, eta ESM modulua atmosferan eta kontakizunetan erre zen. NASAK Artemis II misioaren kontakizunaren monopolioa izan du: estatubatuarren misio arrastatsua izan dela gizateriaren izenean. Trumpen aginduz, aniztasuna bultzatzeko neurriak bertan behera geratzen hasi ziren bere bigarren agintaldian gobernuko agentzia guztietan, baita NASAn ere. Astronautak Biden gobernuan zegoela aukeratu zituzten: emakume bat, afro-amerikar bat eta ez-estatubatuar bat. Jared Isaacman Musken eta Trumpen gertukoa NASAko buru denetik aniztasunari eta nazioarteko elkarlanari garrantzia kendu eta beste garai baten geundela zirudien. Alegia, Artemis II-ren kontakizuna Apolo 11-ren garaiko kontakizuna izan zen: espazioaren esplorazioan, Ameriketako Estatu Batuak, beste behin, astronautekin Ilargira hurbiltzen lehenak izan dira, Txinaren eta Errusiaren aurretik; beste behin. 

Hori esanda, Europako Espazio Agentziak bere ekarpena azpimarratzeko eta ezagutarazteko egin ez duenak beste zutabe bat idazteko emango luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA