Olatz Urkia

Korearrentzat aukera bat?

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko astearteko hauteskundeak Lee jae-myung ezkertiarrak irabazita, bira politikoa dator Hego Korean; demokraten itzulera. Abenduan Yoon suk-yeol kontserbadoreak gerra legea inposatzeko saiakera hondamenditsua egin ondoren, Asiako laugarren ekonomiak sei hilabete pasatu ditu krisi politikotik irten ezinda. Asteroko protesta jendetsuak, parlamentuan kargugabetzearen inguruko bi bozketa eta hainbat saiakera egin ondoren, azkenean, apirilean, Auzitegi Konstituzionalak Yoon kargugabetu zuen, eta horregatik egin dituzte aste honetan hauteskunde presidentzialak.

Partaidetza normalean baino handiagoa izan da, %75 ingurukoa; azken finean, hauteskunde horiek Yoonen kargugabetzearen inguruko erreferendum moduko bat izan dira. Eta gehiengoak argi utzi du Yooni ez diola barkatzen eragin duen nahasmena. Presidente ohiaren alderdiko lider Kim Moon-sok ez du lortu Herriaren Boterea kontserbadorea agintean mantentzea: botoen %48 inguru lortu ditu, eta Leek %50,5 inguru. Emaitzak jakinda, Leek zera agindu du, besteak beste, egin dituen lehen adierazpenetan: Ipar Korearekin negoziatuko duela, penintsulara bakea ekartzeko. Azken urteotan Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko harremanak tentsioz bete dira Yoonen agintaritzapean; orain ikusteko dago Lee promesa betetzeko gai izango den.

Promesa zaila

Leek hauteskundeak irabazi dituen arren, DP Alderdi Demokratikoak ez du gehiengo erosoa parlamentuan, eta aldaketa ekartzea ez zaio erraza egingo. Parlamentuko oposizio kontserbadoreak saiakerak oztopatuko dizkiola espero da. Hain zuzen ere, Yoonek gerra legea deklaratzean eman zuen aitzakia nagusia izan zen batez ere Ipar Korearen mehatxuak behartuta hartu zuela erabakia; presidente ohiak ziurtatu zuen Ipar Korearen infiltrazioak zeudela parlamentuan, eta hegokorearrak babestu behar zituela.

Parlamentuan oztopoak izateaz gain, kanpotik ere presio handia jasoko du bake politika aurrera eramateko, batez ere Mendebaldetik; Ameriketako Estatu Batuetatik, zehazki. Ipar Korea bizilaguna den arren, Mendebaldea aliatu estrategikoa da, eta azken urteotan elkarlan militarra eta segurtasun itunak areagotu dituzte. Nahiko ohikoa bihurtu da estatubatuarrek eta hegokorearrek elkarrekin ariketa militarrak egitea, eta Trumpek ez du ondo ikusiko arlo horretan aldaketarik, eroso baitago Asiako alde horretako ateak irekita izanda.

Ipar Korea, prest?

Bestalde, Leek presioei aurre eginda Kim Jong-unengana gerturatzeko saiakera egingo balu ere, ez dago argi benetako bakea lortzea posible izango den. Horretarako, Ipar Korearen borondatea ezinbestekoa da, eta azken urteotan lider iparkorearrak erakutsi du bere lehentasuna sistema politikoa bere horretan mantentzea dela, noizean behin indar erakustaldia eginez, arma nuklearren garapena baliatuz.

Parlamentuan oztopoak izateaz gain, kanpotik ere presio handia jasoko du bake politika aurrera eramateko, batez ere Mendebaldetik; Ameriketako Estatu Batuetatik, zehazki.

Kim Jong-unek ez du atzerapausoa erraz emango, are gehiago 2018ko eta 2019ko saiakerek huts egin ondoren. Orduan, Trumpen lehen agintaldian, eta Hego Korean Moon Jae-in demokrata agintean zela, Ipar Korea eta Hego Korea inoiz baino gertuago egon ziren azkenean benetako bakea sinatzetik. Hainbat goi bilkura egin zituzten, baita Trumpek eta Kim Jong-unek ere, Vietnamen eta Singapurren, baina azkenean ez zuten adostasuna lortu, eta bai bata eta bai bestea nazioartean kritikatu zituzten, guztia propaganda gisa erabili izanagatik.

Oraingo agertokia antzekoa da berriz: Trump dago Ameriketako Estatu Batuetan, eta ikuspegi bakezalea duten demokratak Hego Korean. Ipar Koreari dagokionez, badago aldaketa bat: Errusiarengana gerturatu izana. Ukrainako gerraren harira, bi liderrek batak bestea defendatzeko ituna sinatu dute.

(ID_15029418) SOUTH KOREA GOVERNMENT
Lee Hego Koreako presidente berria keinu bat egiten asteazkenean, karguaren zina egiteko ekitaldian. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE

Hala ere, Kim Jong-unek ere deskantsua behar du. Asiako herrialde isolatuaren egoera ez da erraza. Mendebaldearen zigorrak alde batetik, pandemiaren urteak bestetik… Inoiz baino isolatuago egon da azken urteotan, eta gosetea eta halako arazoak izan dituzte. Gainera, erregimena oso itxia den arren, Piongiangek lehenago erakutsi du hitz egiteko eta negoziatzeko gai dela.

Lee Jae-myungek Kim Dae-jung presidente ohiaren oinordeko ideologiko gisa ikusten du bere burua, eta hori esanguratsua da oso. Kim Dae-jung ek 1998an Eguzkiaren politika izeneko estrategia abiatu zuen Hego Korearen eta Ipar Korearen arteko gertutasuna bultzatzeko helburu nagusiaz. Ideologia horren arabera, bakea eraikitzeko konfiantza eraiki behar da, eta horretarako elikagaien laguntza, komunikazioa hobetzeko zubiak eta Mendebaldearekiko autonomia behar dira. Denbora beharko da, ikusteko dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.