Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Kuba, Iran edo Mexiko, egin apustu!

2026ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelari egindako eraso militarra jazo zenetik apustuak egin dira Trump presidenteak nori egingo dion hurrengoa. Irani agian? Kubari beharbada? Groenlandiari akaso? Zergatik ez Mexikori? Batek daki. Gaitza asmatzea, eta are zailagoa abagunearen gaineko zentzuzko azterketarik egitea. AEBetako armadaren buruak ahoa ireki izan duenean gauza dezente iradoki dituen arren, esaten dituenei baino egiten dituenei erreparatu beharko zaie, badaezpada ere. Fox News telebista katean esandakoen arabera, venezuelarrei itsasoz egin bezala, orain Mexikori lurrez egingo omen dio eraso droga-trafikoa suntsitzeko. Hitzok hautsak harrotu zituzten mugaren hegoaldean, eta oposizio mexikarrak marmarrak areagotu zituen Trumpekin bat eginez. Claudia Sheinbaum presidenteak lasai eta patxadatsu erantzun zien kazetariek berehala egin zizkioten galderei, eta, haren kide estatubatuarra aho-bero bat denik esan ez bazuen ere, bai esan zien horiek direla Trumpek «hitz egiteko dituen manerak».

Askoz gehiagorik ez zuen esan orduan. Hori bai, aurreko astelehenean Sheinbaumek telefonoa hartu eta deitu egin zion gizonari gauzak argitzeko. Solasaldiaren ondoren argitu zuenez, baztertuta dago Estatu Batuen edozein esku-hartze militar Mexikon droga trafikatzaileei aurre egiteko. «Hori ez dago mahai gainean». Trumpek, hori bai, tropak bidaltzea eskaini zion hamaikagarrenez talde kriminalen kontra borrokatzeko, baina solaskideak, berriro ere, uko egin zion eskaintzari. Sheinbaumek argi dauka gakoa, benetakoa, ez datzala segurtasunaren auzian, Trumpen beraren jarduerak argi erakutsi bezala.

(ID_15580332) EEUU FÚTBOL MUNDIAL FIFA 2026
Trump eta Sheinbaum elkarrekin abenduan, Mexikon, AEBetan eta Kanadan aurten jokatu behar duten gizonezkoen futboleko Munduko Koparen multzoen zozketan. OCTAVIO GUZMAN / EFE

Venezuelako uretan ustezko narkontziak suntsitu, eta 114 hildako utzi ondoren, lotsarik gabe aitortu du AEBetako presidenteak inporta zaion bakarra petrolioa dela. Hori, eta Txinari aukera oro zapuztea bere atzeko patioan. Talde kriminalak suntsitu eta fentaniloaren gaindosiek eragindako heriotzak murriztu nahiko balitu, hori balitz benetan daukan asmoa, etxetik hasiko litzateke, munduko droga trafikatzaileen gotorleku eta diru iturririk handiena den Ameriketako Estatu Batuetatik, alegia. Ez du halakorik egin, eta bai gauza dezente kontrako norabidean: Mexikoko talde kriminalen esku bukatu duten arma astunen salmenta erraztu du; milaka milioi dolar murriztu ditu osasun zerbitzu publikoen aurrekontuan, droga erabiltzaileei zuzendutako arretan batez ere; eta larriena, libre utzi du narkotrafikoagatik 45 urteko kartzela zigorra betetzen ari zen Juan Orlando Hernandez, Honduraseko presidente ohia.

Trumpen benetako nahia Mexikon —ia toki guztietan bezala— ekonomikoa da. Droga trafikoa aitzakia baino ez da izan Venezuelan, eta halaxe izaten ari da Mexikon; mexikarrengandik era guztietako eta nahi beste kontzesio ekonomiko lortzeko, Trump maisuki erabiltzen ari den aitzakia, hain zuzen. Lehenengo xantaia, nola ez, petrolioari lotuta egon da. Kasu honetan, Mexikok elkartasun eta gizatasunez Kubara bidaltzen duen petrolioa ipini du estatubatuarrak jopuntuan. Izan ere, 2025eko urtarriletik irailera bitartean Mexikok ia 8.000 milioi pesoko —400 milioi euro inguru— balioa zuten petrolio gordina eta petrolio-produktuak bidali zituen Kubara. Bestela esanda, aipatu aldian, 19.200 petrolio upel bidali zituzten egunero-egunero irlara. Utikan! AEBetako estatu idazkari Marco Rubioren kasketa politikoa hauspotuz, Trumpek galarazi egin dio Mexikori laguntzarekin segitzea. Eta ez hori bakarrik. Ipar Amerikako hiru herrialdeek aurten berrikusi beharko dute merkataritza arloan sinatua duten hitzarmena, eta eraso militarraren mehatxua baliatzen du sozio nagusiak negoziazio mahaian probetxu ateratzeko AEBetako industria eta enpresen mesedetan.

Batzuk, alta, aspaldi ari dira iparraldearekin lotzen duen zilbor-hestea behin betiko moztu, eta Mexikok BRICS taldea osatzen duten herrialdeengana hurbildu behar duela defenditzen

Aitortu beharko zaio presidentetzan gotortu nahi duen enpresariari mauka bikaina lortu duela droga trafikoaren harira. Konponbidearen muina ez da inoiz Mexikon egongo. Berdin dio mexikarrek zenbat egiten duten. Berdin dio zenbat kriminal atxilotzen dituzten, edo zenbat droga atzematen duten; droga-trafikoak bere horretan jarraituko du, Estatu Batuetan kontsumitzen dutenen kopurua milioika zenbatzen den bitartean.

Horregatik, eta narkoari eta talde kriminalei halabeharrez aurre egiten jarraitu beharko badu ere, ekonomikoa beharko du izan Mexikoko agintariek Trumpen mehatxuei eman beharreko erantzuna. Eta hor bai egongo da zer eztabaidatu, sozio eta bidaideak bezala arerioak ere zuhurtziaz aukeratu beharko direlako. Izan da azken egunotan Txinarekiko lehian Trumpekin bat egin, eta horrekin arrisku oro uxatu ahal izango dela defenditu duenik. Beste batzuk, alta, aspaldi ari dira iparraldearekin lotzen duen zilbor-hestea behin betiko moztu, eta Mexikok BRICS taldea osatzen duten herrialdeengana hurbildu behar duela defenditzen. Horra hor egiazko gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA