Mexiko Venezuela bihurtuko zela esaten zuen izututa eskuineko oposizioak Lopez Obrador presidente ohiak agintea hartu zuenean, eta baita aginte makila Sheinbaum oinordekoari pasa zionean ere. Eta bai, Mexikon Venezuelan jazo zirenak gertatzen ari dira, oso bizkor gainera; baina ez gobernuaren eskutik, hauteskunde bidez, epe laburrean behinik behin, agintea berreskuratzea ezinezko ikusten duen oposizio baten aldetik baizik. Estatu kolpearen mamuek gehiegizkoak ziruditen Mexikon atzo arte. Gaur, gero eta gehiago dira lerro artean erasoaren aukeraz ohartarazten dutenak edo, larriago dena, ageri-agerian horren aldeko apustua egiten dutenak, gringoek babak eltzetik aterako dizkietelakoan.
Hilaren 15ean Mexiko Hirian bezala herrialdeko hainbat lekutan izan ziren protestak inflexio puntutzat jo dituzte Claudia Sheinbaum presidentearen gobernua arbuiatzen dutenek. Izan liteke, batez ere Z belaunaldiaren aitzakian egin ziren manifestazio haiek aldaketa nabarmena ekarri dutelako oposizio politiko, ekonomiko eta baita mediatikoaren jardunean ere. Hitzez hitz ari dira betetzen Venezuelako oposizioaren eskuliburua, hainbat ahaleginen ondoren AEBetako hegazkin ontzirik handiena Karibeko kostaldera erakartzea lortu duena, Madurori mehatxu egiteko. Baina Mexiko ez da Venezuela. «Ikusten ari garena —Epigmenio Ibarraren, ofizialismoaren zutoin ideologikoetako baten hitzetan— eskuinaren bilakaera faxista da. Politika egiteari, hitzari, egiari eta demokraziari uko egin diote, eta gezurraren, indarkeriaren, manipulazio mediatikoaren eta heriotzaren esplotazio nazkagarriaren alde egin dute».
Diana Fuentes filosofo marxista, feminista eta UAM Mexikoko Unibertsitate Autonomoko irakasleak esaldi bakarrean laburbildu du arestian aipatutako inflexio puntua: «Marea arrosatik alkandora beltzetara igaro dira». Haren hitzetan, eskuineko sektore batek argi ikusi du orain arteko estrategia aldatzeko premia, indarkeria erabiltzen hasi eta herrialdean anabasa sustatzeko. «Eta noski», zehaztu du, «oso ondo etorriko litzaieke hauei estatuaren erantzun errepresibo bat».

Egia esan, gauzak horrela, gaur ez dio inporta nork antolatu zituen Z belaunaldiaren izenean egindako protestak. Bost axola benetan aldarria sarean zabaltzeko xahutu ziren 80 milioi pesoak —lau milioi euro inguru— Salinas Pliego enpresariak, TV Aztecako ugazabak, jarri ote zituen, haserre dagoelako Auzitegi Gorenak, berriak, hamarkadetan ordaindu ez dituen zergak berehala kitatzeko agindu diolako: 2.264 milioi euroko huskeria, hain justu. Eta berdin dio egun hartan poliziei oldartu zitzaizkienak ohiko bloke beltzekoak ziren edo ez, nahiz eta oso argi geratu zen ez zirela betikoak izan, emakumerik kasik ez zegoelako, eta hesia botatzea lortu zutenean, batzuek poliziak besarkatzen zituztela ikusita, itsuenek oraindik bortitzago eragin ziotelako erasoari. Bai, berdin dio egun hartako biolentzia inoizkorik bortitzena izan ote zen, edo ez. 120 zauritu izan ziren liskarretan, horietatik 100 erasoei aurre egiteko ezkutuak eta hautsezko su-itzalgailuak besterik ez zituzten poliziak.
Oposizioa hitzez hitz ari dira betetzen Venezuelako oposizioaren eskuliburua, hainbat ahaleginen ondoren AEBetako hegazkin ontzirik handiena Karibeko kostaldera erakartzea lortu duena, Madurori mehatxu egiteko. Baina Mexiko ez da Venezuela
TV Aztecan bakarrik ez, hedabide gehienetan errepresio hitza baliatzen ari dira behin eta berriro, Sheinbaum presidentea lokazteko. Bere egin dituzte Jauregi Nazionala babesteko ipini zuten hesian Narkoestatu letra oso larriz marraztu zuten guarimba mexikarren gutxi gorabeherako irakurketak: narkoestatu baten burua, narkopresidentea delako, Sheinbaumek kargua utzi behar du. Munduko politikagintzan nagusitzen ari diren umekeriak diruditen arren, hitzok ez dira musu truk aipatzen. Zocaloko liskarrak bete-betean zeudela, Barron Trump AEBetako presidentearen semeak zera zioen txio batean, alegia: «Mexikarrak nazkatuta daude eta Jauregi Nazionala erasoan hartzen ari dira, Sheinbaum presidente narkoa dela salatuz. Barrikadak eraisten ari dira, nazkatuta daudelako kartelen txotxongiloek beraien herrialdea gobernatzeaz». Semearen ildo beretik, Trump presidenteak asteartean esan zuen ez dagoela «pozik» Mexikorekin narkotrafikatzaileen kontrako borrokagatik, eta, beraz, ez duela baztertzen kartel mexikarren aurkako erasorik. «Niregatik ondo dago» Mexikori eraso egitea, bota zuen Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan.
Oharra: hilaren 15eko manifestazioa benetan Z belaunaldia osatzen duten 30 milioi mexikarrek antolatua izan balitz ere, eta gazte horiek guzti-guztiak kalera atera izan balira ere protesta baketsuan, onartu beharko da haien aldarriei estatu kolpearen kiratsa zeriela.