«No, you can't»

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ez dute egindakoagatik zigortu, egiteke utzi duenagatik baizik. Ez diote atea itxi, baina utzi dioten zirrikitutik ez da esku bat besterik sartzen. Berak «yes, we can» esan eta estatubatuarrek «no, you can't» erantzun diote AEBetako presidenteari. 2009ko urtarrilean %70eko sostenguarekin eta Kongresuko bi ganberen kontrola zuela kargua hartu zuen hark berak Tea Partykoen eskutik garaipena lortu duen Alderdi Errepublikanoari egin beharko dio aurre.

Dena ez dago, ordea, galduta. Bi urte geratzen dira munduko potentzia nagusiak estatuburu berria aukera dezan, eta errepublikanoei ere ez zaie komeni demokratak oztopatzera mugatzea. Finean, orain beraiek ere gobernuan daude, eta, beraz, ezin egotzi ahalko diete egindako akatsen erru guztia aurkariei. Horretaz gain, elefanteek Ordezkarien Ganbera okupatu badute ere, ez dira Senatua hartzera heldu, eta, ondorioz, gorrien lege proposamenek ia ezinezko izango dute goi ganberako galbahea igarotzea demokraten babesik gabe.

Gogorrak izango dira datozen 24 hilabeteak estatuburu demokratarentzat, eta ziurrenik uko egin beharko die egindako promesetako askori, immigrazio erreformari, kasu; beste batzuk, berriz, kolokan jarriko dituzte errepublikanoek, osasun erreforma, adibidez. Baina zailtasun horiek guztiak mesedegarri izan daitezke Barack Obamarentzat datozen hauteskundeetan, kartak ondo jokatzen asmatzen badu, eta astoek erakutsi dute trebeak direla pokerrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.