Hiru urte bete dira Nord Stream gasbideen aurkako sabotajea gertatu zenetik, eta Alemaniako Poliziaren ikerketa batek Ukrainaren gaineko zirkulua itxi du. The Wall Street Journal egunkariak publikatutako azken artikuluaren arabera, segurtasun indarrek egindako ikerketak argi uzten du unitate militar ukrainar batek antolatu zuela erasoa. Are gehiago, guztiaren arduraduntzat Valeri Zaluzhni jotzen du; alegia, Ukrainako Estatu Nagusiko buru ohia, eta egungo Erresuma Batuko enbaxadorea.
Sabotajearen planaren antolaketa, garapena eta ondorioak berreraikitzen ari da Alemaniako Polizia. Jasotako informazioaren arabera, 2022ko irailaren 26ko erasoak Errusia eta Alemaniaren arteko harreman komertzialak eten nahi zituen, eta Moskuren ekonomiari kalte egin. Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako sabotajerik handiena da, eta bere garaian mendebaldeko lider gehenek Errusia jo zuten erantzuletzat.

Edonola ere, Alemaniako hainbat hedabidek ikerketa paraleloak abiarazi dituzte hasieratik. Der Spiegel aldizkariak, besteak beste, xehetasun handiak eman ditu operazioari buruz. Batu duen informazioaren arabera, eliteko unitate batek antolatu zuen guztia, eta Polonian alokatutako Andromeda izeneko belaontzia erabili zuten lehergailuak Baltiko Itsasoaren azpian jartzeko. Komandoak Octogeno lehergailu militarra zeraman, zerbitzu sekretuek eta armadak erabili ohi dutena, eta lehergailu horren arrastoak belaontzian aurkitu dira. Poliziak bi pertsona identifikatu ditu: urpekaritzan aditua den eta une honetan leku ezezagun batean dagoen Volodimir Zhuravlov; eta Italian atxilotu eta espetxeratu duten Serhii Kuznietsov. Boloniako Auzitegiak Alemaniara estraditatzea onartu du, eta Kuznietsov gose greban dago.
Ukrainari babesa eskaini dioten Mendebaldeko aliatuen artean, badago gasbidearen aurkako erasoa ahazteko dei ofizial antzeko bat.
Afera honetan, halere, deigarria da Poloniaren jarrera. Iragan irailean, Varsoviako Poliziak Volodimir Z. izeneko gizon ukrainar bat atzeman zuen, Europako atxiloketa agindu baten ondorioz, baina auzitegiak Alemaniara estraditatzea eragotzi eta atxilotua askatzea agindu du. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak, gainera, zera irizten dio: «Arazoa ez da Nord Stream lehertu izana, gasbidea eraiki izana baizik». Ukrainari babesa eskaini dioten Mendebaldeko aliatuen artean, badago gasbidearen aurkako erasoa ahazteko dei ofizial antzeko bat. Baina Alemaniako agintariek segurtasun nazionalaren eta azpiegitura estrategikoen aurkako urraketa larritzat jotzen dute sabotajea, eta Friedrich Merz kantzilerrak berretsi du ikerketaren gardentasuna bermatuko dutela. Ukrainak, berriz, salaketa guztiak ukatu ditu.
Sabotajea gertatu zenean, Nord Stream 1 funtzionamendu betean zegoen, eta Nord Stream 2 gasbide berriaren lanak ia amaituta zeuden, Baltikotik Alemaniara Errusiako gas gehiago inportatzen hasteko. Hasiera-hasieratik, Alemaniako aliaturik handienak, Frantzia, Polonia eta AEB Amerikako Estatu Batuak, bigarren gasbidea eraikitzearen aurka agertu ziren, Europa Errusiaren mendekoago egingo zuelakoan. Ikerketa ofizialak luze joko du oraindik.