Aitor Garmendia Etxeberria.

Segi mugak gogortzen

2026ko abuztuaren 17a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar metro garai da Ceuta (Espainia) inguratzen duen hesia; hesiak, zehatzagoak izanda, bi baitira. Poliziek atzeman gabe bat igarotzea lortuz gero, beste hamar metro gainditu behar. Hiri autonomoaren lurreko muga osoa inguratzen du; zortzi kilometro inguru ditu. Eta Poliziaren kontrol ugari daude bai Espainiako aldean, bai Marokokoan. Ez zuten hesia igaro, ordea. 80.000 lagun inguruk itsasoz zeharkatu zuten Marokoren eta Espainiaren arteko muga uztail amaieran.

Horrenbesteko kontrola duen muga batean, horrenbesteko zuloa. Madrilen eta Rabaten bertsio ofizialen arabera, mafiak daude atzean. Ados. Mafiak badaude, horixe badaudela —eta, egun Ceutan migranteak zer egoeratan dauden ikusita, ahalegina egingo dute hortik ere probetxua ateratzeko—. Baina mafiez gaindiko interesak ere bai. Bestela ezinezkoa da horrelakorik gertatzea, non eta Marokon, Mohamed VI.aren erregimenak gizartea goitik behera kontrolatuta daukan herrialdean.

Bruselarekin eta Madrilekin egindako hitzarmenak betetzea erabaki zuen Rabatek joan den asteburuan —oraingoan bai—, eta muga zeharkatzeko beste saiakera masibo bat bertan behera utzi. Marokoko Poliziak, Saharaz hegoaldeko ehunka migrante atzeman, eta mugatik ehunka kilometrora eraman zituen. Batek daki orain non eta zer moduz dauden. Hori da EB Europako Batasunaren migrazio politiken oinarrietako bat: mugen kontrola azpikontratatzea. Bruselak akordioak eginak ditu «beste herrialde batzuekin», migratzaileak ez daitezen EBko kanpo mugetara iritsi.

Ceutako herritar batek esana da Ceutan «miseriarekin negozioa» egiten aritu direla urte luzez. Eta, oraingoan ere, miseriatik etekina atera nahian ari dira zenbait

Marokok, ordea, nahi duenean betetzen ditu akordio horiek, eta nahi ez duenean, ez. Aurrez ere erabili izan du migrazioa Espainiari presio egiteko tresna gisa. 2021ean, Brahim Gali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko burua Logroñoko ospitale batean artatzea onartu zuen Madrilek; hilabete geroago, gutxi gorabehera 10.000 migrantek zeharkatu zuten Ceutako muga. Oraingoan, beste zenbait hipotesi zabaldu dira: Espainiaren eta Aljeriaren arteko hurbiltzea, 2030eko Munduko Futbol Kopako finalaren kokapena —Portugalen, Espainiaren eta Marokoren artean antolatuko dute—, Mendebaldeko Saharako auzian presio handiagoa egin nahia, eta Marokok Ceuta eta Melilla eskuratzeko asmoa aipatu dira, besteak beste.

Espainiako Gobernuak, ostera, ziurtatu du Marokorekin elkarlanean aritu dela, eta eskerrak eman dizkio. Pedro Sanchezen gobernuari, berriz, alde guztietatik iritsi zaizkio kritikak. Juan Jesus Vivas Ceutako presidenteak —PP Espainiako Alderdi Popularrekoa da— 30 eguneko epea eman dio krisia «konpontzeko», eta bestela auzitara joko duela esan. EBko kideek ere albo batera utzi dute Madril, eta Italiak eta Danimarkak, besteak beste, eskatu dute Espainia Schengen eremutik kanpo uzteko behin-behinean. Eta Donald Trump AEBetako presidentea ere ez da isilik geratu: Washingtonen migrazio politika gogorrak goraipatzeko baliatu du Ceutan gertatutakoa, eta Sanchezen aurka egiteko. Kontuan hartu behar da Etxe Zuria dela Rabaten aliaturik garrantzitsuenetako bat —berriki, Donald J. Trump izena jarri diote Maroko eta Mendebaldeko Saharan okupatutako lurraldeak lotzen dituen autobide bati—.

Ceutako herritar batek esana da Ceutan «miseriarekin negozioa» egiten aritu direla urte luzez. Eta, oraingoan ere, miseriatik etekina atera nahian ari dira zenbait, eta politika egiteko baliatu dute giza krisia.

Bitartean, 9.000 migrante inguruk ia hogei egun daramatzate Ceutako kaleetan; Marokoko Poliziak ehunka migrante atzeman berri ditu mugara iritsi aurretik, eta ez dago argi nora eraman dituen; eta Tarajalgo mugan itotako gutxienez 140 pertsonen senideek ez dituzte berriz ikusiko beren ahaideak. Horiei guztiei berdin zaie Marokok zer lortu nahi duen Espainiarengandik, EBk aurten onartutako Migrazio eta Asilo Itunak zer dioen, eta Trumpek Sanchezekin zer ika-mika dituen.

(ID_17869749846435) (/EZEZAGUNA) Espainiaren eta Marokoren arteko mugako hesia, Benzun, Ceutan. A
Espainiaren eta Marokoren arteko mugako hesia, Benzun, Ceutan. A.GARMENDIA ETXEBRRIA

Askok gerratik egin dute ihes, jazarpenetik beste batzuek, eta bizimodu hobea izateko aukera bakarra Europara joatea dela uste dute beste askok. Muga gurutzatzeko arrazoia dena delakoa izanda ere, orain El Trampolin hondartzan daude horietako asko, ia itzalik gabe, eta egunean poltsa bat janari jasotzen; beste zenbaitek Ceutako mendietan igarotzen dituzte gauak, begi bat irekita, beldurrez poliziak noiz agertuko diren borrak eskuan; eta ehunka adingabek kartoien gainean egiten du lo, kaka eta pixa usaindun Tarajalgo industrialdean.

Egoera horretan egonagatik ere, gauza bat dute argi gehienek: «Marokora ez». Ez dute Marokora itzuli nahi; eta marokoarrak ez direnek, are gutxiago beren jatorrizko herrialdeetara. Bangladeshtik, Yemendik edo Sudandik Europako ateetaraino iritsita, nola nahiko dute ba atzera egin?

Espainian daude, Europako Batasunean, baina oraindik Afrikan entzerratuta: hegoaldean Maroko dute, eta iparraldean, berriz, Gibraltarko itsasartea eta Iberiar penintsula. Hegoa dute muga, eta iparra jomuga. Askok nahiago dute Ceutan hil hesiaz bestaldera itzuli baino. Hortaz, agintariek segi dezakete hesiak handitzen, txarrantxa jartzen, eta polizia eta militar gehiago bidaltzen. Nahiago badute Ceutan dauden bezala egon, pentsa aurrez zer-nolakoak igaro dituzten. Segi mugak gogortzen, alferrik izango da eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA