Cesar Gastelum, sarean Cesarin ezizenaz ezagun egin zen 25 urteko tiktoker mexikarra, abuztuaren 4ko gauean erail zuten, tiroz, Sinaloa eskualdean, bi lagunekin batera zuzeneko transmisio bat egiten ari zela. Gastelumek ia 600.000 jarraitzaile zituen Tiktoken, eta horietako asko zuzeneko emisioa ikusten ari ziren, ezustean motorrean agertutako sikario batek ordura arteko txantxa guztiak bala pare batez mututu zituenean. Ez da hau Mexikon hiltzen duten lehen influencer edo eragin sortzailea. 2017ko abenduaren 18an Juan Luis Lagunasi, Pirata bezala ezagutzen zuten 17 urte eskaseko gazteari, hamabost tiro eman zizkioten Jalisco eskualdeko taberna batean, bideoz Jalisco Belaunaldi Berria Karteleko buruzagia iraindu eta gutxira. Agintarientzat neurrigabeko arreta bildu nahi izateagatik hil zuten Pirata.
Azken bi urteotan bizkortu egin da edukien sortzaileen aurkako indarkeria. Pirata zelakoaren ostean, 2024ko urrian, Cindy Elizabeth Hernandez, La Barbie Regia, etxean hil zuten, labankadaz. 2025eko urtarrilean, berriz, hilik aurkitu zuten Agustin Paul El Pinky, narkoaren eskuorri batean bere izena aipatua izan ondoren. Urte bereko maiatzean Valeria Marquez hil zuen ustezko banatzaile batek, bere ile apaindegian zuzeneko transmisioan ari zela; eta azken-aurrekoa, 2025eko abuztuan, Camilo Ochoa izan zen, El Alucin, tiroz eraila Morelos eskualdean. Hilketa horiek guztiak ulertzeko, algoritmoak narkoaren propagandan duen eragin zuzena eta bizia aztertu beharra dago, eta ez soilik dirua zuritzeko sareak eskaintzen dituen aukera paregabeak.
Claudia Arruñada komunikazioan aditua da jesuiten Ibero unibertsitatean, eta hark arazoaren muina argitzen duen funtsezko testigantza eskaini du: «Algoritmoak eta narkoak gauza bera sustatzen dute, kontsumora eta luxu handiko bizimodura azkar iristea». Gazte askorentzat gaur arrakasta ez omen da «karrera metodiko» baten bidez lortzen, «karrera meteoriko» bati esker baizik. Gauzak horrela, sare sozialak narkoaren bidaide bihurtu dira ia-ia ezinbestean. Karteletako buruak atxilotu edo garbitu dituzten heinean, haien oinordeko gazteek hartu dute agintea erakundeetan. Odol berriak kultura berrituak ekarri ditu, eta haien aurrekoen narkokorridoak atzean utzi dituzte. Sikarioen buru gazte hauentzat eragin bizkorreko plataformetan, Tiktok eta Instagramen kasu, nabarmenkeria da txanponik baliotsuena. «Drogaren kartelak berehala jabetu dira beren narkokultura sustatzeko influencer deituriko horiek askoz eraginkorragoak direla narkokorridoen kantuak baino, mezua ez dutelako metaforen bidez ematen. Jada ez da fikzioa, gazteek zabaltzen dituzte propaganda edukiak; luxuz, diruz eta sexuz beteriko beren ustezko egunerokoa erakusten dute, eta narkoaren egitura sinbolikoekin lotzen dute beren bizitza», azaldu du Arruñadak.

Kartelek community manager digital gisa erabiltzen dituzte influencer horiek, beren bizimodua, pentsamoldeak, eta lurralde eremuak hartzean izandako garaipenak zabaltzeko. Alegiazko eremu horretan, Sinaloako karteletik eratorritako zenbait taldek sare sozialetako joera berberak dituzten Interneteko kodeak hartu dituzte. Ismael Zambada El Mayo delakoaren oinordekoek, La Mayiza goitizenaz ezagunak diren horiek, rantxeroaren kapela irudikatzen duen emoji-a erabiltzen dute, eta Los Chapitos deiturikoek, Joaquin Guzman El Chapo-ren oinordekoek, berriz, pizza xerra bihurtu dute beren ikur ofiziala. Kontua da —oso kontu larria— talde biak liskar bizian dauden honetan alde baten propaganda aktiboa egiten duena automatikoki akabatze jomuga bihurtzen dela bestearentzat.
Arestian aipatu bezala, gainera, narkoaren eta eragin sortzaileen arteko lotura, propagandari lotuta egoteaz gain, finantzei lotuta ere badago. 2025eko uztailean, Ogasun Sailaren finantza inteligentziako taldeak jakinarazi zuen Sinaloa eskualdeko 64 eragin sortzaile ikertzen ari zela, ustez beren sareak baliatzen zituztelako narkoaren dirutzak zuritzeko. Poliziaren esanetan, influencer horiek guztiek gezurrezko zozketak, diru laguntzak, eta ordainketa harpidetzak antolatzen zituzten karteletako sos zikinak zuritzeko. Inork gutxik sinisten zien agintariei, harik eta 2025eko urtarrileko arratsalde batean Culiacan hiriko zeruan agertutako hegazkin batetik milaka eta milaka eskuorri bota zituzten arte. Ez zen publizitate komertziala, ospe handiko 25 influencer, musikari eta beste pertsona batzuen argazkiak eta izenak biltzen zituzten panfletoak ziren, narkoenak. Izen horien artean Peso Pluma ezizenaz oso-oso ezagun den reggaeton abeslaria zegoen. Paper horietan ageri ziren guztiak Chapito-en dirua garbitzeaz eta haien esanetara egoteaz akusatu zituzten. Ez hori bakarrik, lau argazki ezabatuta ageri ziren, lau horiek ordurako erail zituztela adieraziz.
[...] ohiko gerrateetan irrati antenak edo etsaiaren telebista kateak bonbardatu izan dituzten modu berean, XXI. mendeko narkogerra mexikarrean arerioaren influencer bat hiltzea aurkariari transmisio seinalea moztea da
Bestela esanda, narkoarentzat ehunka mila jarraitzaile dituen tiktokerra ez da jolas entretenimendurako eragile bat, batez ere aurkarien esanetara badabil. Ezen, orduan, sarean ustez huskeriatan dabilen gaztea gerra aktibo bihurtzen da kartelarentzat, eta, ohiko gerrateetan irrati antenak edo etsaiaren telebista kateak bonbardatu izan dituzten modu berean, XXI. mendeko narkogerra mexikarrean arerioaren influencer bat hiltzea aurkariari transmisio seinalea moztea da. Inori ez zitzaion otu orain arte narkoaren kulturak aliaturik aurkituko zuenik algoritmoarenean, baina horrela gertatu da, kasik halabeharrez. Eta berdin dio Tiktoken dabilen gaztea benetan narkoari lotuta dagoen edo ez, nahita edo nahi gabe haren iruditeria zabaltzen badu sarean.
Pentsa dezakegu, hortaz, inoren pantailan luxu bitxien bideo bat, zozketa susmagarriak edo talde kriminalen aipamen sotilak agertzen direnean, pantaila iragazki eta musika horren atzean agian ez dagoela algoritmo eta erreprodukzioen bilaketa etsi bat bakarrik, sortzailearen bizkarrean margotutako diana bat ere egon daitekeela, alegia.