Trumpek tregoa luzatu du, eta Iranek bi zamaontzi atzeman ditu Ormuzen

Ez dago argi aldeak noiz bilduko diren berriro. Iranek baldintza bat jarri du horretarako: bertan behera geratzea Washingtonek ezarri dion itsas blokeoa. AEBek ekonomikoki ito nahi dute Teheran.

Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian, atzo. DANIEL HEUER / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian, atzo. DANIEL HEUER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 22a
10:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo, bi asteko su etena bukatzeko hiruzpalau ordu baino falta ez zirela, Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen tregoaren indarraldia luzatu egingo duela Iranekin negoziatzen bukatu arte —Euskal Herrian 22:30 inguru ziren iragarpena egin zuenean—. Aldebakarreko erabakia da. Egindako hautua justifikatzeko, Etxe Zuriko maizterrak esan zuen Irango Gobernua «larriki zatituta» dagoela, eta menia indarrean egongo dela hark «proposamen bateratu bat» aurkeztu eta negoziazioak bukatu arte, «emaitza edozein dela ere». Otsailaren 28tik, hau da, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik, Trumpek azken orduan bertan behera utzi duen seigarren ultimatuma da. Dena den, ez dago argi bi aldeak noiz bilduko diren; Islamabaden elkartzekoak dira —blindatuta segitzen du—, Pakistan bitartekari dutela. 

Horiek horrela, hiru zamaontziri eraso egin diete gaur Ormuzko itsasartean. Itsas Operazioen Erresuma Batuko Bulegoak eman du bi erasoren berri. Iturri horrek dioenez, Irango Guardia Iraultzaileak ontzi bati tiro egin dio, Oman inguruan. Bestetik, ontzi batek salatu du, Erresuma Batuko bulegoari kontatu dionez, Irandik zortzi itsas miliatara eraso egin diotela; ez dute argitu nork, ordea. Eta Vanguard Marine konpainiak azaldu dio BBCri Guardia Iraultzaileak beste ontzi bati ere egin diola eraso. Hain zuzen, Iranek baieztatu du bi ontzi atzeman dituela, eta beren uretara daramatzatela. Hori argitaratu du Tasnni berri agentziak.

Tregoa gaurko 02:00etan zen bukatzekoa, nahiz eta astelehen iluntzean nahasmena areagotu zuen Trumpek, esan baitzuen su etena beste 24 orduz luzatzea erabaki zuela; alegia, biharko 02:00ak arte. Atzo arratsaldean, baina, oso ohikoa duen zerbait egin zuen: iritzia aldatu. Izan ere, CNBC telebista kateari adierazi zion ezetz, ez zuela «nahi». Ordu batzuk geroago luzatu egin zuen, ordea.

Truth Social bere sare sozialean jakinarazi zuen hori, Segurtasun Nazionalerako bilera bat egiten ari zirenean, preseski. JD Vance presidenteordea hartan parte hartzen ari zen, hain zuzen. Negoziazioei lotutako iturriak aipatuz hainbat hedabidek egun osoan kaleratu zutenez, Vance atzo arratsaldean zen Islamabadera bidaiatzekoa. Ez zen joan. Trumpen esanetan, Pakistanen eskariz luzatu du menia. Shehbaz Sharif herrialde hartako lehen ministroak eskerrak eman dizkio X sare sozialean.

Pakistango hiriburuan dena zegoen prest bi aldeak aurrez aurre biltzeko, apirilaren 11n egin bezala. Iranek ez du onartu elkartzea, ordea, uste baitu AEBen eskaerak «gehiegizkoak» direla; haren ustez, amore eman dezala eskatzen ari zaio Washington. Teheranek, gainera, baldintza bat jarri die AEBei: ezarri dioten itsas blokeoa bertan behera utz dezatela. Iranek NBE Nazio Batuen Erakundearen aurrean duen enbaxadore Amir Saied Iravanik gaur goizaldean esan du «berehala» itzuliko direla negoziazio mahaira baldin eta AEBek bidea ixten ez badiete Iran helmuga edo irteera duten ontziei. Irango Shargh berri agentziak jaso duenez, Iravanik pentsatzen du AEBak su etena urratzen ari direla ontzi horiei pasatzen ez utzita. Pakistanek berak ere eskatu izan die AEBei blokeoa bertan behera uzteko, Al-Jazeera hedabideak negoziazioetako iturriak aipatuz azken orduetan argitaratu duenez.

Israelek pertsona bat hil du LIbano ekialdean

Hamar eguneko su etena dute joan den ostiraletik Libanon, baina Israelek erasoka segitzen du. Libanoko albiste agentzia ofizialak jaso du Israelen drone batek pertsona bat hil duela herrialdearen ekialdean, Bekaa haranean; hau da, Israelek lerro horia deitzen duen horretatik hamabost bat kilometro iparraldera. Israelek ez du ezer esan horretaz; armadak nabarmendu du, ordea, Hezbollah milizia xiitako bi kide hil dituztela hegoaldean, «marra gurutzatu» eta «mehatxu» bihurtu direlako. Horren berri eman du, ohar batean. Atzo gauean, milizia xiitak komunikatu baten adierazi zuen suziriak eta droneak jaurti zituela Israel iparraldera, tregoa urratzea egotzita. Israelek, gainera, pertsona bat hil du Gazan, drone batekin. Hala argitaratu du Wafa albiste agentziak.

Libanoko eta Israelgo ordezkariak bihar dira berriro Washingtonen biltzekoak, hitz egiten jarraitzeko —duela bederatzi egun ere bildu ziren—. AEBak ari dira anfitrioi, eta esan dute «enbaxadoreak» bilduko direla mahaiaren bueltan. Horren harira, Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak atzo azpimarratu zuen Israelgo tropak Libanotik erretiratzeko eskatuko dutela —hori eskatzen du milizia xiitak—; Israelek, baina, ez du horretarako asmorik.

 

Aintzat hartu behar da Iranek Ormuzko itsasartea ireki zuela ostiralean, AEBek eta nazioarteak eskatu bezala. Energia merkatuek arnasa hartu zuten, baina itsasarteak ez zuen hala iraun 24 ordu ere —Iran gerrarako arma gisa erabiltzen ari da pasabide hori, eta ia guztiz itxita dauka otsailaren 28tik—, AEBek erabaki zutelako eutsi egingo ziotela Irango ontziei ezarritako blokeoari.

Bide batez: Trumpek berak iradoki du blokeo horri eustea dela akordio bat lortzeko modu bakarra, eta Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkaria are argiago mintzatu da goizaldean X sare sozialean idatzitako mezu batean: «Itsas komertzioa murrizteak zuzenean eragiten die erregimenaren diru sarrerei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA