Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Utikan!

2026ko irailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juduak, utikan Mexikotik! Aldarri horiek irailaren 11n entzun ziren Mexiko Hiriko auzorik aberatsenetako batean, Polancon, bertan dagoen sinagogaren aurrean. Palestinako banderak zeramatzaten hirurogei bat lagun izan ziren juduen urte berriko festa egunean, Rosh Hashana deituriko horretan, iskanbilan aritu zirenak. Lekuko izan ziren zenbaiten bideo eta iruzkinak nahiko izan ziren antisemitismoaren mamua pizteko hedabide, eliza, agintari eta enparauen artean. Protestaren inguruan zabaldu ziren irudi eta xehetasunak ikusita, gaitza egiten zen, baina, manifestazioaren zintzotasuna onartzea: inork ez zuen protesta horretara deitu; manifestari guztiak bi autobusetan eraman zituzten bertara; haietarik inork ez zeraman kufijarik, ez zen sandiarik ikusten; Palestinako bizpahiru banderaz gain, ez zegoen bestelako kartel edo pankartarik, eta tokia ere, ezohikoa baino gehiago, zentzugabea zen, eskuinaren esku dagoen udalerri batean, sinagogaren aurrean eta ez Israelgo enbaxadaren atarian. Eta, ikaragarriena azkenik, entzun ziren leloak, trajez jantzitako gizon batek aginduta botatakoak, eta, zuzentasunetik harago, guztiak arrazistak. Manifestariek ez zuten Israelgo estatuarekiko harremanak eteteko eskatu, Netanyahu edo Trump ahaztuta biak, eta genozidio hitza aipatu ere ez. Utikan? Jakina.

Egonezina erabatekoa izan zen Mexikon. Batzuk iraganeko mamuen beldur zirelako. Besteak, berriz, mamu garaikideak antzeman zituztelako agerraldi horretan. Anabasak bi egun iraun zuen, harik eta Palestinaren aldeko mugimendu guztiek hitza hartu eta pasadizo horren atzean Israelgo enbaxadaren atzaparrak egon zitezkeela ohartarazi zuten arte. Bi egun horietan, hala ere, lotsagarria izan zen hedabideetan egin zen erabilpen politikoa. Mexikoko juduen erakunde guztiek, Eliza Katolikoaren Apezpikutzak eta Mexiko Hiriko Hiritarren Kontseiluak gertakariak txarretsi zituzten, eta jazotakoa ikertzeko eskatu zieten agintariei. Zentzuzkoak diren eskaera horiekin batera, baina, zentzurik ez zuten bestelako mezuak entzun ziren oposizio politikoari lotutako hedabide nagusietan. Hainbatek antisemitismoaren aurkako salaketa baliatu zuen Israelgo estatuaren zilegitasuna eta sionismoaren aldarriak defenditzeko. Guro Silvarabinovich margolariak Diario Judío-n idatzitakoa horren adibide: «Argi utzi dute zergatik behar dugun juduok estatu propio bat, eta zergatik segitzen duen behar historiko bat izaten estatu judu baten existentziak».

Arrazoiaren beste muturrean egon direnentzat, mingarriak izan ziren bi egun horiek. Nork? Zergatik? Zentzuak azpijokoa egon zela esaten bazien ere, ez zegoen modurik beste ezer esateko, zer esanik bazutenek hitza hartu zuten arte. Eta ez dira isilik geratu. Gogoratu dute Polancorainoko bidean hainbat gertakari izan direla aspaldion susmoak pizteko modukoak. Irailaren 8an, hasteko, Lily Tellez eskuin(muturr)eko senatariak akordio puntu bat aurkeztu zuen Senatuan, Mexikoko Gobernuari judu mexikarrak babestu ditzala eskatuz, «jasaten ari diren gorrotoagatik». Eskaera hutsala izanik —Latinoamerikako beste herrialdeetan ez bezala, Mexikon judufobiak ez duelako atarramenturik—, hutsean geratu zen. Albisteari zentzua ulertu zitzaion, ondo ulertu gainera, hiru egun beranduago irakurrita. Silvana Rabinovich UNAM Unibertsitateko irakasleak ohartarazpen larria egin du: manifestazio horrekin «tranpa jarri nahi izan diote Sheinbaumi». Palestinarren alde apustu egin duen judu bat den aldetik, jakin ondo daki Rabinovichek zertaz ari den.

(ID_16330475) MÉXICO ISRAEL
Palestinaren aldeko ekintzaileak manifestazio batean Mexiko Hirian, abuztuaren 1ean. SASHENKA GUTIERREZ / EFE

Polancon egindako barrabaskeria ondo ulertzeko, bestalde, sionismoak Mexikon duen eragina ikusi behar da lehenik, eta haren kontra eta palestinarren mesedetan mexikarrek altxatu dituzten banderak aitortu, bestetik. Zentzu horretan, Deborah Pook, Palestina MX taldekideak, zerrenda egin du sionismoaren esku hartzearen inguruan aspaldion izan diren salaketa ugariekin: Israelgo soldaduak, Gazan egindako lan eskergaren ondoren, atseden hartzen ibili dira udan Chiapasen, bide batez bertako haurrei balioak, hizkuntzak eta margotzea irakasten aritu diren bitartean. Chiapasko Gobernuak segurtasunaren inguruko hitzarmena sinatu berri du Israelgoarekin. Chihuahuakoak horixe bera egin du, baina kasu honetan, segurtasunaz gain, tokiko baliabide hidrikoen —uraren— eta garapen teknologikoaren kudeaketa Israelgo enpresen esku geratu dira. Hitzarmena agintari federalak jakinaren gainean egon gabe sinatu dute eskuinaren esku dauden tokiko gobernuek.

Sheinbaum presidentearen gobernuak ere badu bekaturik auzi honetan, AEBekin armen trafikoagatik dituzten liskarrak medio Israel bilakatu baita azken urteotan armagintzaren alorreko bere hornitzailerik garrantzitsuena, Milenio egunkariak jakinarazi duenez.

Eta, ikaragarriena azkenik, entzun ziren leloak, trajez jantzitako gizon batek aginduta botatakoak, eta, zuzentasunetik harago, guztiak arrazistak. Manifestariek ez zuten Israelgo estatuarekiko harremanak eteteko eskatu, Netanyahu edo Trump ahaztuta biak, eta 'genozidio' hitza aipatu ere ez. Utikan? Jakina.

Lubakiaren kontrako aldean, berriz, bizkortu egin dira Palestinaren aldeko ekimenak, orain hiru urte, urriaren 8an, hasitako genozidioari erantzun gogoz. Hizpide dugun manifestazioa baino hilabete lehenago, abuztuan, zenbait talde eta alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek mundu zabalean Israelen kontrako boikota, desinbertsioa eta zigorrak sustatzen dituen BDS mugimenduaren adar mexikarra osatu zuten. Guztiek duten asmoa, beraiek hala aitortuta, urteotan Palestinaren alde piztutako indarrak batu eta protestak benetan eraginkorrak izan daitezen bidea jorratzea da.

Oharra: juduen aurkako fobia arrazakeria bera bezain larria izanik ere, onartu beharko dugu botilan etorri arren, zuria bada, ez dela Coca-cola!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA