ANCk iragarria zuen errepide sarea hiru egunez blokeatzeko asmoa, Espainiako Auzitegi Gorenak prozesu subiranistaren auziko epaia publiko egiten duenean. Gaur, mobilizazio horren gaineko xehetasun gehiago eman dituzte Elisenda Paluzie ANCko presidenteak eta Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordeak. Azaldu dutenez, Kataluniako bost puntutatik abiatuko diren bost protesta martxek 100 kilometroko ibilbidea egingo dute, hiru egunez, Bartzelonaraino. Hiriburuan elkartuko dira bostak.
Martxa bana abiatuko da Girona, Vic, Berga, Tarrega eta Tarragona hirietatik. Lehenengo eta bigarren egunetan, 20 kilometroko bi etapa egingo dituzte manifestariek —40 kilometro eguneko—, eta hirugarren egunean azken 20 kilometroak egingo dituzte Bartzelonaraino. Hiriburura eguerdian iristea aurreikusten dute.
Horrez gain, Auzitegi Gorenaren epaia ezagutzera ematen den egunean, elkarretaratzeak deituko dituzte 20:00etarako, Kataluniako hainbat puntutan.