Ofizialki hautatu dute gaur goizean Angela Merkel Alemaniako kantziler. Hirugarren agintaldia izango du Merkelek, eta beste lau urtez zuzenduko du Alemania, eta horrekin batera, Europa ere bai. Inbestidura saioa izan dute gaur Berlinen, eta Bundestagen bi herenek eman dute Merkelek aldeko botoa.
Orain dela hiru hilabete egin ziren hauteskundeak Alemanian, eta CDUk, CSUk eta SPDk egin duten akordioari esker lortu du gehiengo hori Merkelek. Hiru alderdi horien artean Bundestageko 631 eserlekuetatik 504 biltzen dituzte, eta gaur 462 diputatuk eman dute Merkelen aldeko botoa.
Koaliziorako akordioa azaroan adostu zuten hiru alderdiek, hilabetez negoziatzen aritu ondoren. Akordioa, ordea, ez da gauzatu SPDko militanteek joan den asteburuan bozkatu duten arte. Botoa eman zutenen %76 agertu ziren koalizioaren alde. Igandean banatu zituzten gobernuko karguak.
Angela Merkelen alderdi CDUk sei ministerio eskuratuko ditu modu horretan, baita SPDk ere. CSUk, berriz, hiru izango ditu.