Frantzia

Anne Hidalgo sozialista Frantziako presidentetzarako bozetara aurkeztuko da

Parisko auzapezak Rouenen eman du bere asmoen berri, eta iragarri du hautatua izanez gero ekonomia irauliko duela, ekologismoa ardatz gisa baliatuz.

Anne Hidalgo, Parisko auzapeza, artxiboko argazki batean. YOAN VALAT, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 13a
12:21
Entzun

Ezustean eman du Anne Hidalgok bere erabakiaren berri. Rouen hirian egin zuen iragarpena atzo Parisko auzapezak, hain zuzen ere, ekologismoari esker berriz industrializatu den hiri batean. Datorren urtean egitekoak dituzten presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko da Hidalgo, eta, aurreratu duenez, hautatua izanez gero, ekologia jarriko du ekonomiaren ardatz, betiere kutsakorrak diren alorretan lan egiten dutenei lagunduta eta aldaketaren kostua herritarren bizkar geratzea saihestuta.

France 2 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean Hidalgok azaldu zuen bere asmoa dela hezkuntzako langileei soldata bikoiztea eta lanpostu publikoetako eta osasun arloko langileena igotzea. «Ez dugu ahaztu behar Frantzian irakasleek Herbehereetan edo Alemanian irabazten dutenaren erdia irabazten dutela, nahiz eta oinarrizko langileak izan. Politikarien ardura da lehentasunak ezartzea», adierazi zuen Hidalgok.

PS Alderdi Sozialistak hilaren 17an eta 18an egingo du kongresua, eta bertan erabakiko luke alderdiak nor izango den datorren urteko bozetarako bere hautagaia. Kargu hori lortzeko aukera handiak ditu Hidalgok berak. PSren lehen idazkari Olivier Faurek, gainera, begi onez ikusten du, 2017an bezala, EELVrekin hautagaitza bateratu bat aurkeztea, betiere presidentegai hori Hidalgo baldin bada. Ekologistak, baina, beren primarioetan daude sartuta, eta nahiko azkar egingo dute bozketa; lehen itzulia hilaren 16-19 artean, eta bigarrena 25-28 bitartean.

Hidalgok berak ez zituen erantzun primarioei eta ekologistekiko balizko akordio baten inguruan egindako galderak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.