'Antiantifaxistak' Etxe Zurian

Trumpek «erakunde terrorista» izendatu du AEBetako mugimendu antifaxista. Ikusteko dago zer eragin izango duen erabakiak.

Protestari bat, Trumpen administrazioaren migrazio politiken kontrako manifestazio batean, New Yorken, maiatzean. OLGA FEDOROVA / EFE
Protestari bat, Trumpen administrazioaren migrazio politiken kontrako manifestazio batean, New Yorken, maiatzean. OLGA FEDOROVA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 23a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak lortu du aspalditik nahi zuena. Antifa, herrialdeko mugimendu antifaxista delakoa, «erakunde terrorista» izendatuko zuela iragarri zuen joan zen astean, eta atzo bertan sinatu zuen agindu exekutiboa. Ez dago klaru, ordea, berez halakorik egiterik duen, ezta zer eragin izango duen ere.

Zer da Antifa?

Ez da Trumpek dioena behintzat, Antifa deritzona ez baita erakunde edo talde bat berez, mugimendu deszentralizatu bat baizik. Ezkerreko ekintzaileek osatzen dute, bai, eta eskuin muturraren, arrazakeriaren eta faxismoaren kontra jarduten dute. Hain zuzen ere, azken horretatik datorkio izena, antifaxista hitzetik. Ez dira gutxi azkenaldian Trumpen neurriei buru egiteko protestak, eta horrexegatik leporatu die presidenteak, besteak beste, gobernua «eraitsi» nahi izatea.

Mugimendu antifaxista, ordea, ez da AEBetako kontua bakarrik. 1920ko hamarkadako Alemanian sortu zen horren aitzindaria, hango Alderdi Komunistari lotua, Antifaschistische Aktion (Ekintza Antifaxista) izenpean. Naziek legez kanpo utzi zuten hurrengo hamarkadan boterera heldu zirenean, harik eta 1980ko hamarkadan mugimendua berriro antolatu zen arte, Alemanian ez ezik beste zenbait herritan antolatu ere. AEBetan, mugimendu antifaxistak Trumpen lehen agintaldiaren atarian eta haren bueltan (2017-2021) eman zuen zeresana, batez ere arrazakeriaren kontrako protesten harira.

Zer dela eta izendatu du «terrorista»?

Nahikoa da herrialdeko egungo egoerari erreparatzea erabakia azaltzeko. Agindu exekutiboan, presidenteak argudiatu du Antifak «legea betearaztea oztopatzen» duela, hainbat ekintzen bidez: izan «matxinada antolatuak», izan ICE Immigrazioko eta Aduanetako Poliziaren aurkako «eraso bortitzak» edo izan politikariak eta aktibistak «mehatxatzea».

Gogoan hartzeko modukoak dira Trumpek Etxe Zurira heldu zenetik hona sinatu dituen migratzaileen kontrako politikak, baita migratzaileen sarekadak salatzeko herrialdearen luze-zabalean egindako protestak ere, hala nola ekainean Los Angeles hirian izandakoak. Eta gogoan hartzeko modukoa da Charlie Kirk aktibista kontserbadorearen heriotza, zeina tiroz hil zuten Utahko Unibertsitateko campusean hitzaldi bat ematen ari zela, irail honetan.

Oraingoa ez da lehendabiziko aldia Antifa «erakunde terrorista» izendatzen saiatu direna. 2020ko maiatzean, George Floyd afro-amerikarraren heriotzak agerian utzi zuen herrialdeko arrazakeria: Minneapolisko Poliziak Floyd hil zuen, atxilotu ostean lurrean belauna lepoan jarrita, zazpi minutuz. Herritarrak polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren kontra mobilizatu ziren Black Lives Matter (Beltzen bizitzek axola dute) lelopean, eta, hori ikusita, Trumpek atzoko neurri bera iragarri zuen: Antifa «erakunde terrorista» izendatuko zuela. Ordu hartako FBI Ikerketa Bulego Federaleko zuzendariak berak aitortu zuen zaila izango zela Antifa «erakunde terrorista» izendatzea, ez baitzen talde edo erakunde bat, ezpada «mugimendu edo ideologia bat».

Ba al du horretarako eskumenik?

Berez, ez. Aintzat hartzekoa da AEBetako Gobernuak ez duela herrialdeko taldeak «terroristatzat» jotzeko mekanismorik, eta orain arte ez dela halakorik egin; hortaz, Trumpena aurrekari bat da, eta bere kasa hartu du erabaki hori —horra hor agindu exekutiboa—. Dena den, presidenteak agindu exekutiboak erabil ditzake atzerriko erakundeak «terrorista» izendatzeko prozesuei ekitea eskatzeko, Trumpek jada agintaldi honetan egin gisa nazioarteko zenbait kartel eta talde kriminalekin.

Izan ere, 1996ko Terrorismoaren Aurkako eta Heriotza Zigor Eraginkorraren Legearen arabera, AEBetako Estatu Idazkaritzak izenda ditzake «atzerriko erakunde terroristak», Fiskaltza Nagusiarekin eta Altxor Idazkaritzarekin kontsultatu eta gero. Trumpen izendapena irristakorra da, gainera, bete-betean egiten duelako talka AEBetako Konstituzioaren lehen eranskinarekin, zeinak adierazpenerako eta biltzeko askatasunak bermatzen dituen, besteak beste.

Zer eragingo du neurriak?

AEBetako presidenteak agindu du «ikertu, eten eta desmuntatu» dezatela mugimendu antifaxistarekin zerikusia duen «ekintza ilegal oro». Ikusteko dago nola eragingo dion horrek mugimendu antifaxistari, kontuan izanda egituratu gabeko mugimendu bat dela.

Atzerriko erakunderen bat «terrorista» izendatuz gero, honako neurri hauek aplikatzen ditu gobernuak: batetik, legez kanpokoa da hura finantzatzea, eta izoztu egiten dizkiote herrialdeko bankuetan izan ditzakeen aktiboak; bestetik, erakunde horretako kideek ezin dute AEBetara joan.

Berriro emango dute Kimmelen 'late show'-a

Gaur bueltatuko da Jimmy Kimmel umoristak aurkeztutako late show-a, joan zen asteazkenean Disney konpainiak bertan behera utzi eta gero. Iragan astean, Kimmelek iruzkin bat egin zuen Charlie Kirk Trumpen aliatua tiroz hil zuen susmagarriari eta MAGA Make Amerika Great Again mugimenduari buruz, eta horrek haserrearazi egin zituen Donald Trump presidentea eta haren jarraitzaileak, programa bertan behera uzteraino. Disneyk «tentsioa» ez areagotzeko eten zuen late show-a, baina harrabotsa eragin zuen erabakiak.

Zera esan zuen umoristak, joan den asteko saio batean: «MAGA kuadrillakoak hor ari dira, desesperatuki, Charlie Kirk hil zuen mutila haiengandik desberdina den norbaiten gisa karakterizatzeko ahaleginean, eta ahal den guztia egiten ari dira horri etekin politikoa ateratzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.