Charlie Kirki tiro jo zioten asteazken arratsaldean, Utahko Unibertsitateko campusean hitzaldi bat ematen ari zela. Erietxera eraman zuten hasieran Kirk, baina berehala jakinarazi zuten hila zela. AEBetako presidente Donald Trumpen gertuko aliatua eta USA Turning Point mugimendu kontserbadorearen sortzailea zen ekintzailea. Estatuburuak «ezker muturra» egin du hilketaren erantzule, nahiz eta oraingoz ez duten erasotzailea identifikatu.
AEBetako alderdi eta politikariek gaitzetsi egin dute erasoa. Utahko gobernadore Spencer Coxek «hilketa politikoa» izan dela salatu du. «Egun iluna da gure estatuarentzat. Egun tragikoa gure nazioarentzat», esan du Coxek, eta eskatu du amai dadila «indarkeria politikoa».
Tiroketa ikertzen ari dira segurtasun indarrak, eta, oraingoz, hilketaren arrazoiak ez daude argi. Kirk tiroz hil zuten unean 3.000 lagun inguru zeuden unibertsitateko campusean. Trumpek sareetan eman du Kirken heriotzaren berri, eta bandera guztiak masta erdira jaisteko eskatu du 31 urteko ekintzailearen omenez.
Kirkek 2012an sortu zuen USA Turning Poitn erakundea balio kontserbadoreak gazteen artean zabaltzeko asmoz. Plataformak migrazioaren aurkako neurriak babesten ditu eta abortuaren aurkakoa da, besteak beste. 2020ko presidentetzarako bozetan iruzurra izan zela salatu zuen Kirkek, Trumpekin bat eginez eta pandemian txertoen arriskuez ohartarazi zuen. Maiz egin izan zituen islamaren aurkao adierazpenak ere, azkena joan den astean: «Islama da ezkerrak Amerikaren eztarria ebakitzeko baliatzen duen ezpata».
AEBetako presidenteak «ezker muturraren indarkeria politikoa» egin du erasoaren erantzule, eta «ekintza terrorista» gisa deskribatu du tiroketa. Trumpek ez ditu, ordea, aipatu azken hilabeteetan Alderdi Demokratako kideek jasandako erasoak, tartean Minnesotako ordezkari baten hilketa.