Antonio Tejero Guardia Zibilaren teniente koronela hil da, 1981eko otsailaren 23an Espainian izandako estatu-kolpe saiakeraren protagonistetako bat. 93 urterekin hil da, Valentzian (Herrialde Katalanak); kurioski, Espainiako Gobernuak estatu kolpearen inguruko agiriei sekretua kendu eta argitara atera dituen egunean bertan. Familiaren abokatuak eman du berria.
Kontu jakina zen aitzinetik ere, baina gaur desklasifikatu diren agirietan argi gelditu da zer iritzi zuen teniente koronel kolpistak Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan: Espainiako Gobernuak ez zuen nahikoa egin «terrorismoaren» kontra. Arrazoi horixe erabili izan da estatu kolpea emateko justifikazioen artean. Tejero 1932an jaio zen, Espainia hegoaldeko Alhaurin el Grande udalerrian. 19 urterekin sartu zen guardia zibil. 1974an teniente koronel izatea lortu zuen, eta Euskal Herrira bidali zuten. Gipuzkoara etorri zen.
Horren ondotik, Gasteizko komandantziako buru izendatu zuten. Hirutan zigortu zuten Euskal Herrian, eta horietako bitan euskal gatazkarekin zerikusia zuten auziengatik: ikurrinaren legeztatzearen kontra agertzeagatik behin, eta ORTko militante Amparo Arangoa torturatu zuten guardia zibilak atxilotzeari uko egiteagatik hurrena. Espainia hegoaldera lekualdatu zuten gero; Malagara, zehazki.
Tejero, bertze berrehun guardia zibil ingururen laguntzarekin, Espainiako Kongresuko hemizikloan sartu zen otsailaren 23 hartan, Leopoldo Calvo-Sotelo presidente inbestitzeko bozketa egiten ari zirenean. Une horretan hitza zuenaren alboan jarri, eta zera oihukatu zuen, pistola eskuan: «Geldi denok!». Horrek anabasa moduko bat eragin zuen, eta Tejerok airera tiro eginez erreakzionatu zuen.
Kolpe saiakerak huts egin zuen, eta Tejerok hurrengo goizean entregatu zuen bere burua. Matxinada militarra egotzita, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta militarrentzako hainbat kartzelatan egon zen espetxeratuta. Kartzelatua izan berritan indultua eskatu zuen, eta, Espainiako Auzitegi Gorenak alde bozkatu bazuen ere, gobernuak ezezkoa eman zion. 1993an eskuratu zuen hirugarren gradua, eta 1996an baldintzapean aske utzi zuten. Guardia Zibiletik kanporatu zuten kalera atera zenean.
Jendaurreko azkeneko agerraldia 2019ko urriaren 24an egin zuen, Francisco Franco diktadorearen hezurrak lekuz mugitzeko ekitaldian: Erorien Haranetik atera, eta Madrilgo mausoleo batera eraman zuten gorpua. Lau urte geroago, 2023an, elkarrizketa bat eman zion El español hedabideari, eta argi utzi zion bere ideiak ez zirela aldatu: «Gauzak bere lekuan jarriko lituzkeen gobernu militar bat egotea nahi nuke».