Tantak dira Espainiako Gobernuak gaur 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakeraren inguruan argitaratutako dokumentuen itsasoan, baina badira Euskal Herriko egoerari erreferentzia egiten dieten zenbait testu. Agerikoena, aurrez ere jakina bazen ere, Antonio Tejero Guardia Zibileko teniente koronel kolpistak Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruan zuen iritzia: Espainiako Gobernua ez zen behar beste egiten ari «terrorismoaren» kontra. Hain zuzen, urte luzez baliatu izan dute aitzakia hori kolpea defendatu dutenek.
Argitaratutako elkarrizketetan eta kolpearen inguruko txostenetan ez zaie erreferentzia adierazgarririk egiten Euskal Herriko egoera politikoari eta, zehatzago, ETAri. Halere, argitaratutako Guardia Zibilaren dokumentuen artean, bada euskal gatazkari zuzenean erreparatzen dion testu bat: «ETAren presentziak eragindako tentsio egoeraz Tejero teniente koronelak egindako ohar bat» aztertzen duen ofizio bat da, Guardia Zibileko 5. guneko buruzagitzak idatzia; egoitza Gasteizen zuen. 1975ekoa da, kolpea egin baino sei urte lehenagokoa. Orduan, Tejero Gasteizko komandantziako burua zen; aurrez Donostian ere egona zen.
Ikusi gehiago
Oinarria Tejerok egindako idatzi bat da —hura ez dago desklasifikatutakoen artean—. Itxuraz, hartan, Euskal Herriko egoeraz hark egindako interpretazioaren berri ematen zuen, «jendeak» esaten zizkionetatik eta guardia zibilen artean zabaltzen ari ziren usteetatik abiatuta, eta kexu azaltzen zen Adolfo Suarezen gobernuak «terrorismoaren» aurkako borrokan erakusten zuen «ahultasunagatik».
Guardia Zibilaren 5. guneko buruzagitzaren arabera, baina, Tejerok egoera «esajeratu» zuen agintarien arreta bereganatzeko asmoz. Are gehiago, zehazten du teniente koronelak «probintzia baskongadetako herritar batzuek segurtasun indarren artean eragiten duten giro oldarkorrak» bultzatuta egin zuela idatzia, «fede txarrik» gabe.
Horiek hala, ofizioan Tejeroren kontrako neurririk ez hartzearen alde egin zuten, ea hari kargu hartzea eta aurrerantzean haren jokabidea gainbegiratzea erabaki. Esan beharra dago, baina, hura Malagara (Espainia) lekualdatu aurretik zenbait aldiz zigortu zutela, Euskal Herrian zegoenean; besteak beste, ikurrinaren kontra azaltzeagatik eta ORTko militante Amparo Arangoaren aurkako tratu txarrak ezkutatzeagatik.
Ikusi gehiago
Denboran aurrera eginda, 1981eko otsailaren 23ra, badira elkarren jarraian egin ziren bi elkarrizketa. Batetik, ustez Tejeroren eta Juan Garcia Carresen artekoa; hura ere zigortu zuten estatu kolpeagatik. Bestetik, Garcia Carresen eta «beste pertsona baten» artekoa. Bigarren elkarrizketan aipatzen da Tejeroren xedea zela «parlamentua desegin eta terrorismoa desagerraraziko duen batzorde militar bat sortzea». Beste dokumentu batean, berriz, helburu horiei batzen diete «prozesu autonomikoa» etetea ere.
Estatu kolpe saiakerak Euskal Herrian izandako oihartzunaren parte bat ere jasotzen dute dokumentuek. Espainiako Poliziak desklasifikatutako hiru dokumentutan, otsailaren 24tik 26ra bitarte lurraldez lurralde bizi zen egoeraren berri ematen da: «zenbait alderdi politikok herritarrei lasai mantentzeko egindako deiak»; fabriketan egindako geldialdiak eta grebak; EMKk, Herri Batasunak eta beste zenbait eragilek egindako protestak... Esaterako: «LKIk manifestazio bat deitu du 19:30ean Donostiako Bulebarrean, Guardia Zibila desegitea eskatzearekin, armada garbitzearekin eta ezkerra mobilizatzeko deiarekin batera», idatzi zuten otsailaren 24an. Hurrengo egunean, berriz: «Segurtasun indarren presentziak eragotzi egin du LKIk 19:30ean deitutako manifestazioa».
Separatismoa, mehatxu
Argi dago, beraz, garai hartan Espainiako estatu egiturek adi-adi jarraitzen zutela Euskal Herriko testuinguru politikoa. Hala antzeman daiteke Defentsa Ministerioak argitaratutako beste dokumentu batean ere. 1981eko martxoaren 9an ondutako Barne mehatxuen inguruko seihileko txostenean adierazten da estatuak hiru arazo nagusi zituela une hartan: «estatuaren egitura, terrorismoa eta ekonomia». Gainera, txosten haren atal garrantzitsu bat «separatismoaren» egoeraren ingurukoa da. Hura da, ministerioko Informazio Zentro Nagusiaren arabera, Espainiako Estatuarentzat «mehatxu garrantzitsuena»; batez ere, Euskal Herriari eta Kataluniari dagokienean.Â
Euskal Herriari erreparatuz, dokumentuan kezka azaltzen dute ETAren jardunarengatik, baina baita Herri Batasunak eta Euskadiko Ezkerrak herritarren artean duten babesagatik ere: «Garrantzitsua da azpimarratzea milioi laurden bat herritarrek aukera separatista iraultzaileen alde bozkatu dutela». Hala, hipotesien artean kokatu zituzten, besteak beste, Euskal Herrian «desobedientzia zibil orokortu baten» zein «aldebakarreko independentzia adierazpen baten» aukera, eta gehitu halako baten aurrean armadak esku hartzea planteatu beharko litzatekeela.