KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

'Ara és l'hora'-k igandean zabalduko du A-9rako proposamena

Independentziaren Aldeko Udalek babesa adierazi diote Kataluniako Gobernuak iragarritako galdeketa ereduari. Parlamentuan, bien arteko pitzadura irudikatu dute Artur Masek eta Oriol Junquerasek.

Carme Forcadell, Diada egunean. TONI ALBIR / EFE
jon olano
2014ko urriaren 15a
08:23
Entzun

Datorren igandean, hilak 19, ekitaldi bat egingo dute Ara és l'hora kanpainako sustatzaile Omnium Culturalek eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, eta bertan jakinaraziko dute zein asmo duten azaroaren 9ko galdeketari begira. Tokiko batzordeen iritziak biltzen ari dira, eta igandean azalduko dute zein pauso emango dituzten; ordura arteko egunak "eragile politiko eta sozialekin hitz egiteko" baliatuko dituzte, "posizio sendo bat" osatze aldera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko galdeketa baliogabetu ostean, Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak "behin-behineko galdeketa bat" iragarri zuen atzo. Bakarrik azaldu zuen, aitortuta gainerako alderdiekiko adostasuna "pitzatuta" dagoela.

Desadostasun hori azaleratu dute Kataluniako Parlamentuan Masek berak eta Oriol Junqueras ERCko buruak, gobernuaren kontrol saioan. Junquerasek Masi aurpegiratu dio "batasuna" hautsi izana. Masek, ordea, erantzun dio egitasmo berriarekin botoa emateko aukera izango dutela herritarrek azaroaren 9an, eta Junquerasi leporatu dio bere proposamena "desobeditzea eta ez bozkatzea" dela.

Masek iragarri zuen galdeketa berrian 20.000 boluntariok parte hartuko dutela. Kataluniako Gobernua horiek lortzeko lanetan hasi da, eta iragarki bat plazaratu du, kontsultaren aurreneko egitasmoa iragartzen zuen bideoaren hasiera bera duena. "Azaroaren 9an, nahi baduzu, parte hartzeko eta bozkatzeko aukera izango duzu. Orain, boluntarioak behar ditugu", dio bideoak, prest dagoenari 012era deitzeko gonbidapena eginez.

[Youtube]http://youtu.be/U3rfzOAJahk[/Youtube]

Udalak, A-9rako prest

AMI Independentziaren Aldeko Udalen elkarteak, berriz, babesa adierazi dio azaroaren 9rako Kataluniako Gobernuak egin asmo duen galdeketari. Josep Maria Vila d'Abadal elkarteko presidenteak eskatu du hauteslekuak egon daitezela herri guztietan, eta alderdiei galdegin die berreskura dezaten batasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.