Aragones: amnistia, «abiapuntu»; erreferenduma, «helmuga»

Kataluniako presidenteak Espainiako Senatuan babestu du gatazka politikoa gainditzeko Generalitatearen proposamena. Eskoziako galdeketa eredugarritzat jo du

Pere Aragones Kataluniako presidentea, atzo, Espainiako Senatuan egin zuen hitzaldian. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Pere Aragones Kataluniako presidenteak amnistia eta erreferenduma jo zituen, atzo, Espainiako Senatuan, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa gainditzeko konponbidetzat. Generalitateko buruak ohartarazi zuen amnistiak «abiapuntu» izan behar duela Kataluniaren estatus politikoari buruzko erreferendum bat adosteko. «Kataluniak erreferendum batean bozkatuko du, konbentzituta nago». Hamar minutuko hitzaldiaren ondotik, Senatua utzi zuen, ondorengoen diskurtsoak entzun gabe.

Aragones behe ganberako Autonomia Erkidegoen Batzorde Orokorrera gonbidatuta zegoen, gainerako presidente autonomikoekin batera, Senatuak gehiengoa duen taldeak, PPk, bilkurara deituta. Hala, 2017ko urrian Espainiako Gobernuaren eskariz Kataluniako autonomia eten zuen erakundean mintzatu zen. Baina, Aragones alde batera utzita, PPkoak izan ziren batzordera joan ziren presidente autonomiko bakarrak. Sozialistek uko egin zioten parte hartzeari, eta PSOEk PPri egotzi zion Senatua alderdi interesetarako erabiltzea. Beraz, ez zen han izan Nafarroako lehendakari Maria Txibite. Ez zen agertu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako burua ere.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidurarako negoziazioen testuinguruan, Esquerra Republicana (ERC) eta Junts per Catalunya (JxC) alderdi independentistek Kataluniako prozesu independentistari begirako amnistia lege bat exijitu dute, eta Aragonesek atzo berretsi zuen «ezinbestekoa» dela gatazka auzitegietatik ateratzeko eta politikara bideratzeko, «independentismoaren aurkako auzi orokorra amaitzeko». Gaineratu zuen lehen urratsa izan behar duela «helmuga» batera iristeko: «Herritarrek independentziari buruz bozkatzeko».

Generalitateko buruak Eskoziakoa proposatu zuen eredu gisa —Edinburgok Londresekin hitzartu zuen 2014an independentzia erreferendum bat egitea—. «Adostasunez egin nahi dugu, denen parte hartzearekin. Aukera guztiek gauzatzeko modukoak izan behar dute herritar gehienen babesa baldin badute».

Katalunia «nazio irekitzat» jo zuen Aragonesek; esan zuen ez dela «ez besteak baino hobea ez okerragoa», baina etorkizuna «aukera guztien artean» erabaki nahi duela, «bakean eta aske».

«Lau boto harrapatzeko»

PSOEk egin bezala, Aragonesek ere egotzi dio PPri Senatua interes propioetarako erabiltzea. Generalitateko presidenteak azaldu zuenez, «ohartzen» da behe ganberako atzoko saioaren helburua «Katalunia erabiltzea» dela, «bataila alderdikoietarako eta antikatalanismoa hauspotzeko». Horren bidez, popularrek «lau boto harrapatzeko» erabili nahi dute gatazka, Aragonesen ustez. «PPri ez zaio axola Katalunia. Inportako balitzaio, entzun egingo lioke, eta zer pentsatzen duen jakin nahiko luke». Generalitateko presidenteak popularrei egotzi zien Kataluniarentzako proiekturik ez izatea.

Amnistiak «espainiarren arteko berdintasuna» apurtuko lukeela ziurtatu duten diskurtsoen harira, Aragonesek erantzun zuen PPkoak ez zirela «eskandalizatu» Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak «6.000 indultu eman zituenean», nahiz eta horiek «ustelkeriagatik eta estatu terrorismoagatik kondenatutakoentzat» izan. Gogorarazi zuen 1977ko amnistia legeak diktaduraren krimenak ikertzea galarazten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.