Gaur goizean aurkeztu du Mundubat GKEak Ahots Defendatzaileak plataforma, Donostiako Tabakaleran. Bederatzi herrialdetan egiten du lan Mundubatek giza eskubideen alde, eta, plataforma berriaren bidez, ikusgarritasuna eman nahi die babesten dituen borrokei. Bakearen Aldeko Brigada Internazionalekin (PBI) elkarlanean sortu dute, eta antzeko borroketan lanean dabiltzan erakundeak bildu eta koalizioak sortzeko xedea ere badu egitasmoak.
Oihane Beñaran Mundubateko kidearen arabera, “arazo globalei konponbide globalak” eman behar zaizkie. Ahots Defendatzaileak egitasmoak hiru helburu nagusi dituela nabarmendu du: dibulgazioa egitea; elkartasun plataforma bat sortzea, elkarteen koalizioak eratu ahal izateko; eta aurkeztu dituzten borroken inguruko informazioa euskaraz ematea.
Dagoeneko lau kasuri buruzko txostenak dituzte euren webgunean. Herrialde bakoitzean gai batek hartzen du protagonismoa: Hondurasen, LGTBI kolektiboaren eskubideek; Kolonbian, memoria historikoak; Mexikon, feminismoak; eta Guatemalan, lurraren eta nekazarien defentsak. Laster gehiago izango dira, Erdialdeko Amerikaz gain Palestinan eta Saharan ere egiten baitute lan, besteak beste. Bertako kolektiboekin elkarlanean dihardute guztietan.
Zenbait kasutan, erakunde bakoitzak lana bere kabuz egiten duela azpimarratu dute Mundubateko kideek, eta sor litezkeen sinergiak galtzen direla ondorioz. Informazio hori guztia bideratzea da sortu duten webgunearen beste funtzioetako bat.
Nazioarteko elkarlana
Dena den, elkarlana aldebikoa izatea nahi dute, “ez iparraldetik hegoalderakoa soilik”. GKEa lanean ari den herrialdeetako gatazka askok garrantzia handia dute gaur egun Euskal Herrian: memoria historikoak, feminismoak, LGTBI kolektiboaren borrokak... Hango eta hemengo erakundeen arteko elkarlana eta harremana sustatzeak guztientzat onurak izan ditzakeela uste dute. Beñaranek esan duenez, “aberasgarria da besteen esperientziatik ikasi eta elkarlanerako puntuak bilatzea”.
Aurkezpenean izan dira, Mundubateko kideez gain, Donny Reyes Hondurasko LGTBI aktibista eta Brahim Dahane sahararra, ASVDH erakundeko presidentea. Reyesen arabera, euren herrialdeetako errealitatea “tamalgarria” dela eta, “ahaztu” egiten dira hainbat borroka, eta beharrezkoa da horiei ikusgarritasuna ematea. Plataformak horretarako balioko duen itxaropena du. Dahanek, berriz, “batzea eta sentsibilizatzea” jarri ditu helburutzat, modu horretan lortu ahal izateko “aldaketa politiko bat” Mendebaldeko Saharan.
Informazio gehiago https://www.vocesdefensoras.org/eu/ helbidean eskura daiteke.