AEBek segitzen dute Venezuelarekin negozioa egiten. Caracasek iragarri zuen atzo gauean Chevron enpresa estatubatuarraren petroliontzi bat beteta abiatu berri zela Venezuelatik AEBetarantz. Bien bitartean, baina, Donald Trump presidenteak joan den astean agindu bezala, Washingtonek areagotu egin du Venezuela jatorri edo helburu duten petroliontzien ehiza, eta, horiek horrela, larunbat gauean bat konfiskatu zuen, eta beste bati «aktiboki» jazartzen ari zaizkio nazioarteko uretan, Venezuelatik gertu.
Etxe Zuriak ez du zuzenean halakorik jakinarazi, baina hainbat hedabidek eman dute horren berri, Washingtongo iturri ofizialak aipatuta. Larunbatean Centuries izeneko ontzia konfiskatu zuten AEBek, eta hurrengo egunean gobernuaren bozeramaile Anna Kellyk azaldu zuen Xren Venezuelako «ontzidi fantasmaren» parte dela ontzi hori, bandera faltsua duela, eta «lapurtutako petrolioarekin trafikatzea» duela helburu. The New York Times egunkariak Washingtongo funtzionario bat eta Venezuelako petrolio industriako bi iturri aipatuz kaleratu zuenez, Panamako bandera zuen, eta ez zegoen AEBek zigortutako petroliontzien zerrendan —38 daude zerrenda horretan—.
Jazartzen ari zaizkion petroliontziari dagokionez, Erresuma Batuko Vanguard etxeak —itsas ibilbideetako arriskuak kudeatzen ditu— identifikatu egin du, eta adierazi du Bella 1 izena duela. Hain justu, AEBetako Altxorrak iaz sartu zuen zigortuen zerrendan; egozten dio Iranekin lotura edukitzea. TankerTrackers.com webgunearen arabera, hutsik zegoen atzo, Venezuelara hurbiltzen ari zenean.
Reuters berri agentziak PDVSA Venezuelako petrolio konpainiaren barne dokumentu batzuk aipatuz argitaratu duenez, petroliontzi horrek Venezuelako petrolioa garraiatu zuen Txinara. Informazio horren arabera, ontzi horrek Irango petrolioa ere garraiatu izan du.
Donald Trump AEBetako presidenteak atzo gauean egin zuen iragarpena, Truth Social bere sare sozialean: jakinarazi zuen ordezkari berezi bat izendatu duela Groenlandiarako. Jeff Landry Louisiana (AEB) estatuko gobernadorea da aukeratua, eta hark X sare sozialeko bere kontuan idatzi du «ohore bat» litzatekeela Groenlandia AEBen parte bihurtzea. Bai Trumpen erabakiarengatik beragatik, bai Landryk plazaratutakoagatik, Groenlandia eta Danimarka haserre agertu dira.Haserrea eragin du Trumpek Groenlandiarako ordezkari berezi bat aukeratu izanak
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak eta haren homologo Jens-Frederik Nielsenek ohar bateratu bat kaleratu dute, eta berretsi egin dute «aurrez» ere «argi» esan izan duten zerbait: «Ezin dituzu beste herrialde batzuk anexionatu». Danimarkaren parte da Groenlandia, baina munduko uharterik handiena lurralde autonomoa da 2009. urtetik, eta gobernu propioa dauka. «Groenlandia groenlandiarrena da, eta AEBek ez lukete bere menpeko bihurtu beharko. Gure lurralde batasuna errespetatzea espero dugu». Danimarkako Atzerri ministro Lars Lokke Rasmussenek «suminduta» dagoela adierazi du Danimarkako telebista publikoan.
Trumpek maiz esan du, baina, Groenlandia AEBetara batzea nahi duela. Atzo adierazi zuen «ezinbestekoa» dela «AEBen segurtasunerako». Aintzat hartu behar da, dena den, adituek azken hilabeteetan hainbat hedabidetan azpimarratu izan dutena: balitekeela Groenlandiak lur arraroen erreserba handiak edukitzea.
Groenlandiaren estatutuak autodeterminazio eskubidea aitortzen du, eta herrialdearen gehiengoa independentista da. Inkestek diotenez, gainera, groenlandiarren %85 inguru daude AEBen parte bihurtzearen kontra.
Zer gertatzen ari den kontuan hartuta, ezin da aurreikusi zer urrats egingo duten hurrena AEBek. Narkotrafikoaren aurka egitea helburu duela esanez, abuztutik hona soldadu gehiago hedatu dituzte Karibeko uretan: 15.000 inguru. Gainera, irailetik, gutxienez 30 ontzi bonbardatu dituzte ur horietan, argudiatuta, frogarik erakutsi gabe, narkotrafikorako baliatzen zirela; eraso horietan ehun pertsona baino gehiago hil ditu Washingtonek.
Abenduaren 10ean, bestalde, Venezuelari petroliontzi bat konfiskatu zioten AEBek; sail honetako aurrenekoa. Eta egun batzuk geroago, abenduaren 17an, Trumpek Venezuelara sartzen edo handik abiatzen diren zigortutako petroliontziak blokeatzeko agindu zuen. Caracasi egozten dio «lapurtutako petrolioarekin» finantzatzea bere burua.
NBEn, bihar
Caracasek Trumpi leporatzen dio «lapurtzen» aritzea, eta uste du helburu bakarra duela: Venezuelaren petrolio erreserbak bereganatzea. Iruditzen zaio, gainera, nazioarteko legedia urratzen ari dela. Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari premiazko bilera bat eskatu zion lehengo astean, eta organo hori bihar da biltzekoa Venezuelaz hitz egiteko.
Konfiskatutako petroliontzien harira, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Lin Jianek gaur esan du, ohar batean, AEBak «modu arbitrarioan» urratzen ari direla nazioarteko legedia. Berretsi du, gainera, Txina «aldebakarreko legez kanpoko zigorren aurka» dagoela, pentsatzen baitu nazioarteko zuzenbidea erreferentzia gisa hartuta ez dutela oinarririk.