Legebiltzarrerako biharko hauteskundeak oso garrantzizkoak izango dira, eta erabakigarriak Argentinako mapa politikoa moldatzeko. Javier Mileiren gobernuarentzat, bere kudeaketaren probalekua izango dira, noiz-eta ustelkeria salaketa ugari azaleratu diren krisi politiko eta ekonomiko larri batean; aldi berean, Kongresuko indarrak aldatzeko garaia ere izaten dira legealdi erdiko bozak.
Abuztuan peronismoa garaile atera zenez geroztik eta Askatasuna Aurrera Doa alderdiaren porrot erabateko —eta ezusteko— hartaz geroztik, ia inor ez da ausartzen oso apustu irmorik egitera. Berez, peronismoak ez du lortu jendea askorik xarmatzea, baina «historiako doikuntzarik handiena» egin izanak —Milei harro mintzo zen hari buruz oraintsu arte— eta aldagai ekonomiko ia guztiak okertu izanak eragina izan du, eta jada ez da ez kontakizunik eta ez promesik ziztu bizian larritzen ari den krisi horri buru egiteko balio duenik.
«Doikuntza hau kriminala da, eta Buenos Airesko probintziako bozen emaitzak pixka bat baretu du ataka gaizto hura; ordura arte, jende askoren arazo larriak eta eskakizunak ez ziren ageri hizkera politikoan», azaldu du Ignacio Gago soziologo eta Juguetes Perdidos kolektiboko kideak. «Iruditzen zait galga bat izan dela Buenos Aireskoa, arnasberritzeko eskari bat, eta itxura guztia du datozen hauteskundeetan ere bide beretik joko dela. Ez dut hori dena esaten profezia bat egiteko, baizik nabarmentzeko jendea gero eta nekatuago dagoela».
Elite politikoa eta haren pribilegioak amaiarazi nahi omen zituen gobernu hura ustelkeria eskandaluetan nahastuta dabil orain, eta, gainera, goi funtzionarioak dira tartean batez ere, hala nola Milei bera, haren arreba Karina Milei, desgaitasunen alorreko buruzagi ohia, eta legebiltzarrerako hautagaien zerrendan duela bi aste arte buru zegoen gizona ere bai, Jose Luis Espert. Hori guztia kolpe gogorra izan da gobernuarentzat.
«Nire ustez, beste krisi batzuetan doikuntza lotuago zegoen langabeziarekin, eta orain, berriz, gainkarga bat dago okupazioan»
IGNACIO GAGOÂ Soziologoa
Oraingoz, ultraeskuinak desilusioa besterik ez du piztu boterean dagoenetik. Makroekonomiarekin eta oreka fiskalarekin obsesionaturik, Ameriketako Estatu Batuetako eta Israelgo gobernuekin mirabekeria neurrigabez jokatuz, Milek ez du egin herri xehearen gainbehera sakondu baino. «Nire ustez, beste krisi batzuetan doikuntza lotuago zegoen langabeziarekin, eta orain, berriz, gainkarga bat dago okupazioan, ez lan gainkarga bat bakarrik, baita eguneroko kudeaketa ohikoen gainkarga bat ere», azaldu du Gagok. «Hori guztia kaltegarria da mobilizazio bide klasikoagoetarako eta aktibismoaren ideia jakin baterako; izan ere, gizartea oso mobilizatua dago, bai, baina bizirik irauteko».
Boterean denetik, hots, 2023ko abendutik, gobernuak borrokan ibili behar izan du Kongresuan, ia dena negoziatzera behartuta egon baita indar korrelazioaren ondorioz. Hasieran, egia da, asmatu zuen aliantzak egiten eta lortu zuen bere ekinaldi asko burutan ateratzea, besteak beste oinarrien legea delakoa —lege horren barnean dago ahalbide batzuk botere exekutiboaren esku uzteko neurria, baita beste batzuk ere—, baina, gero, sektore ia guztiekin etsaitzearen poderioz, babesa galduz joan da, eta, luze gabe, suntsitu egin du bildutako kapital politiko guztia.
Izan dituen liskarretan nabarmenena agian, eta arazorik handienak ekarri dizkiotenetako bat, probintzietako gobernadoreekin duen etsaitasuna da. Gobernadore horiek, izan ere, funtsak eskatu dizkiote beren lurraldeetarako, baina ez dute lortu nahi zutena; baten batek eskuratu du agian laguntza puntualen bat, baina murrizketa ekonomiko gogorra espero baino gehiago luzatu da, eta, ondorioz, gobernadore horien eskualdeetako diputatu eta senatariek azkenaldian atzera bota dituzte gobernuaren ekinaldietako asko.

Legebiltzarrerako hauteskunde nazional hauetan, 127 diputatu eta 24 senatari berrituko dira —hau da, Diputatuen Ganberaren erdia eta Senatuaren herena—, eta berrikuntza, oraingo honetan, boto paper bakarraren sistema da, zeinak lehengo sistema ordezkatuko baitu, alderdien boto paper multipleena. Modalitate berriaren helburua gauzak sinpletzea zen berez, baina gobernuari kalte egin dio azkenerako, haren hautagai nagusi Espert diputatuak dimisioa eman behar izan baitu frogatu denean lotura zeukala narkotrafikoa egotzita preso dagoen enpresari batekin. Harrezkeroztik, Mileiren alderdiak ahaleginak eta bi egin ditu Esperten izena eta argazkia bere hautagai zerrendatik ezabatzeko, baina hauteskunde batzordeak ebatzi du ez dagoela astirik boto paperak berriz inprimatzeko.
«Kontua ez da peronismoak eta oposizioak jendea erakarri dutela: hau Mileiren kontrako boto bat da, edo doikuntza arbuiatzeko boto bat»
IGNACIO GAGOÂ Soziologoa
Peronismoak, bestalde, Aberriaren Aldeko Indarra alderdiaren izenpean eta oposizioko kide nagusi gisa, bere merituei baino etekin handiagoa atera die besteren hanka sartzeei. Zentroko eremu zabalean, Probintzia Batuak alderdia da berrikuntza: bertan dauden gobernadoreek, garai batean, aliatu gisa jokatu zuten, baina orain diote peronismoa baino oposizio moderatuago bat direla. «Nahitaezkoa iruditzen zait botoari behar baino pisu ideologiko handiagorik ez ematea; izan ere, nire ustez, hau ez da ezkerreranzko bira bat; kontua ez da peronismoak eta oposizioak jendea erakarri dutela: hau Mileiren kontrako boto bat da, edo doikuntza arbuiatzeko boto bat», azaldu du Gagok.
Krimenek, gora
Mileiren gobernuak, kudeaketa bere gain hartu zuenean, bazekien zein zuen oztopo nagusietako bat: bere alderdiko legebiltzarkide gutxi zituela bi ganberetan. Izan ere, 257 diputatuetatik 38 dira harenak, eta 72 senatarietatik zazpi. Oraingoz egin diren zundaketen arabera, ez dirudi emaitzek modua emango diotenik gehiengoa izateko, baina, era berean, emaitza zeinahi dela ere, orain baino legebiltzarkide gehiago izango ditu, eta negoziatu beharra ekarriko du horrek.
Herritarrak pobretu ahala, narkotrafikoarekin lotutako krimenak ugaritu egin dira —estatua erretiratu izanaren eta euste politika jakin batzuen ondorioz—. Aldi berean, gorroto diskurtsoak areagotu direnez, indarkeria matxista ere areagotu da, botereak legitimatuta. Horren erakusgarri, urriaren 9tik 14ra, bost egunean, hamar feminizidio erregistratu zituzten Argentinan, eta, urtea hasi zenetik, batez beste emakume bat hil dute 36 orduan behin.
«Neke sozialak politikan duen eragina gutxiesten duten bitartean, eta diagnostiko lasterretan oinarritzen diren bitartean, hala eskuinak nola ezkerrak alegiazko gizarte bati mintzatzen segituko dute, eta ez dute lortuko benetan jabetzea zer gertatzen ari den», ondorioztatu du Gagok. «Argentina, berez, ez dago krisian. Gertatzen ari den hau ez dator bat krisiaren oinarrizko nozioarekin; aitzitik, bizimodu eta prekaritate finkatu baten seinale da, eta, beraz, beste era batean pentsatu behar da nola konpondu, hauteskunde garaiko presarik gabe».