Javier Mileiren motozerra ospetsuak glaziarrei ere eragingo die: izotz blokeak eta eremu periglaziarrak babesteko legea aldatzeko asmoa du Argentinako presidenteak, meatzaritzako korporazio handien nahietara egokitu dadin. Ez da oraingo kontua, badira-eta urteak legea aldatzen saiatzen ari direla, baina litekeena da oraingo aro politikoak Mileiri bidea zabaltzea erreforma onartzeko orduan. Senatuan horri buruz eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak dira ostegunean.
Zenbait planteamendu egin dituzte, eta, haietako batean diotenez, glaziar eta eremu periglaziar terminoen definizioak zabalegiak eta lausoegiak dira, eta hori kaltegarria da proiektu produktiboak aurreikusteko orduan. Gainera, eremu gutxiago babestea proposatu dute, hau da, ur erreserbarako edo arroak betetzeko funtzioa duten glaziarrak edo eremu periglaziarrak bakarrik babestea, eta garrantzia kentzea haien beste funtzio edo balioei, tartean ura erregulatzea, klima aldaketa arintzea, biodibertsitate espezializatuari eustea, eta balio zientifiko eta kulturala izatea.
Guillermo Folguera biologo eta ikertzailearentzat, proiektu berri horren bidez okertu baino ez dute egingo egoera, nahiz eta orain ere ez den ona: «Orain indarrean dagoen legearen bidez, inbentario bat egin zuten ukitu ezin diren eta babestu beharra dagoen eremuak biltzeko, baina, nik dakidala, ingurumen inpaktuaren ikerketa baten eraginez Argentinan ez dute sekula geldiarazi atzean korporazio handi bat duen proiekturik».
Glaziarrak eta Eremu Periglaziarrak Babesteko Gutxieneko Aurrekontuen Erregimen Legea (26.639) onestea ez zen erraza izan —2010ean onartu zuten—, eta hari eustea ere ez. Askoren ustez, gutxieneko aurrekontuen sorta bat besterik ez da, baina ingurumen irizpide komunak ezartzen ditu probintzia guztietarako, tokian tokiko legeen gainetik. Hain zuzen, 2008an, orduko presidente Cristina Fernandez Kirchnerrek betoa jarri zion legeari, baina gero berriro jarri zuten indarrean, sare komunitarioek eta komunitate zientifikoak eta politikoak erresistentzia izugarria egin zutela eta.
«Zera egin nahi dute, korporazioei oztopo administratiboak kendu, hartara gehiago hedatzeko aukera izan dezaten»
GUILLERMO FOLGUERAÂ Biologoa eta ikertzailea
Nibologiaren, Glaziologiaren eta Ingurumen Zientzien Argentinako Institutuak (Ianigla) Glaziarren Inbentario Nazionala sortua du, eta, gaur egun, herrialdeko glaziar eta eremu periglaziar guztiak identifikatu, ezaugarrien arabera bereizi eta kontrolatzen ditu horrela; gero, hori oinarri tekniko gisa erabiltzen du babes irizpide uniforme bat sortzeko. Eremu periglaziarra toki glaziarraren eta ez-glaziarraren arteko bat izan daiteke, baina ez du zertan: eremu periglaziar batzuk ez daude glaziarrekin lotuta, eta glaziarrak bezain garrantzitsuak edo garrantzitsuagoak izan daitezke uraren zikloari dagokionez.
Kobre meatzaritza buruan
Ianiglaren ikerketan jaso dutenez, Argentinako glaziarrak Andeetan daude, 4.000 kilometroko eremu batean, 12 probintziatan, eta 39 ibai arro eta haiei dagozkien azpiarroak elikatzen dituzte. Horrez gain, glaziarrak desizoztean sortzen den uraren mende daude 1.800 herri inguru, zazpi milioi pertsona edo.
«Eztabaida handia izan zen inbentarioaren inguruan, babestu beharreko beste geoforma batzuk kanpoan utzi baitzituzten, batez ere ur askorik ez dagoen eremuetakoak», argitu du Folguerak. «Zera egin nahi dute, korporazioei oztopo administratiboak kendu, hartara gehiago hedatzeko aukera izan dezaten. Eta ez dut uste kontu abstraktuez ari direnik: iruditzen zait proiektu jakin batzuk dituztela buruan, eta kobre meatzaritzarekin dutela zerikusia». Kobrea lehengai gisa erabiltzen da auto elektrikoen kableak egiteko, eta auto mota horiek beharrezkoak dira errekuntzakoak ordezkatzeko eta berotegi efektua arintzeko; horregatik, kobre eskaria handitu denez, haren prezioa ere garestitu da.
«Probintziak baldintzatuta daude erabat; izan ere, bestela ez dizkiete ematen dagozkien funtsak»
MARTA MAFFEIÂ Irakaslea eta zuzendari sindikala
Aurkeztutako testuaren bidez, gobernuak zera lortu nahi du, probintziek «egiaztatu» dezatela —baliabide naturalen «jabetzat» jotzen baititu— zein glaziar babestu behar diren haien ur emariaren arabera, inongo irizpiderik ezarri gabe. «Gure herrialdean autonomia handia ematen zaie probintziei, betiere federatuak badaude, eta Kongresu Nazionalak gutxieneko oinarri batzuk ezartzen ditu zenbait kontutarako, hala nola ur ekoizpenerako, oraingo glaziarren legeak arautzen baitu hori», kontatu du Marta Maffei irakasle eta zuzendari sindikalak. «Orain planteatu dutenak erabat hausten du gutxieneko oinarri horien logika, eta konstituzioaren aurkakoa da erabat».
Hortaz, haien asmoa ez da soilik gaur egungo autoritatea bazterrean uztea: probintzia bakoitzaren irizpideen mende egongo da proiektuak onartzea, eta probintzia horietako askotan ez dute nahikoa langile kualifikaturik horretarako behar diren azterketak egiteko. Gaur-gaurkoz, konstituzioan eta Ingurumen Lege Orokorreko 6. artikuluan jasotako babes sistema uniforme batean oinarrituta ezartzen dira babes irizpideak.
Folgueraren arabera, orain dagoena txarra da, baina datorrena, are okerragoa: «Iruditzen zait gaur egungo eskema guztiz bat datorrela ingurumena hondatzeko joerarekin, baina bultzatzen ari diren proiektu guztien bitartez korporazioei kendu egin nahi dizkiete hedatzen segitzeko dituzten lege oztopo urriak». Maffeik ibilbide luzea egin du legegile lanetan, eta, haren iritziz, gaur egun Kongresuan ez dute ezeren inguruan eztabaidatzen, eta onespena eman besterik ez dute egiten: «Probintziak baldintzatuta daude erabat; izan ere, bestela ez dizkiete ematen dagozkien funtsak».
Folgueraren eta Maffeiren ustez, gobernuak onartu nahi duen testua propio egina dago talde ekonomikoek irabazi kopuru jakin bat lor dezaten. «Milei ura behar duten talde horien bozeramailea da, eta ura glaziarretan dago», esan du zuzendari sindikalak. «Eta, horretarako legeria desegin eta konstituzioa urratu behar bada, horixe egingo du. Trump babestea ere badago tartean».