Argentinako Senatuak Javier Milei herrialdeko presidente ultrak bultzatutako lan erreforma onartu du gaur goizaldean. Askatasuna Aurrera Doa alderdiaren erreformak aldeko 42 boto jaso ditu, eta kontrako 30. Herritar ugarik salatu dutenez, lan erreforma horrek asko okertuko lituzke argentinarren lan baldintzak, eta istiluak sortu dira Buenos Aires hiriburuko kaleetan, protestan ari ziren herritarren eta Poliziaren artean. Behin Senatuak onartuta, Diputatuen Ganberara eramango dute lan erreforma. Diputatuen Ganberan ez dauka gehiengorik Mileik, eta, Senatuan egin bezala, aliantzak egin beharko ditu.
Hamalau ordu baino gehiago iraun du Senatuan egin duten saioak, eta tentsio handia izan da inguruko kaleetan. Sindikatuek manifestaziora deituak zituzten herritarrak, eta liskarrak izan dira Poliziaren eta manifestarien artean. EFE albiste agentziak zabaldu duen informazioaren arabera, gomazko jaurtigaiak, negar gasa eta presioko ura erabili dituzte estatuko indarrek, eta harriak manifestariek. Iturri ofizialen arabera, gutxienez hamabost lagun zauritu dituzte, eta 30etik gora atxilotu.
Argentinako gaur egungo lan hitzarmena 1974tik dago indarrean, nahiz eta hainbat aldaketa izan dituen urte hauetan, eta hori berritu nahi du Mileik. Oposizioak, ordea, gogor kritikatu du haren ekimena, iritzita enpresa handien mesederako izango dela, eta Argentinako herritarrak prekaritatera eramango dituela. Bertan jasotzen diren asmoen artean daude, besteak beste; kaleratzeen kalte ordainak txikitzea, lanaldia hamabi ordura luzatu ahal izatea, eta kaleratzeengatik ordaindu beharreko kalte ordainak finantzatzeko diru funts bat sortzea, erretreta sistemaren kontura.
Urrian egin ziren legealdi erdiko bozak Argentinak, eta, inkestek aurreikusten zutenaren kontrara, Askatasuna Aurrera Doa ultraeskuineko alderdiak asko handitu zuen bi ganberetan zuen indarra. Garaipen horren lehen ondorioetako bat da Mileiren ekimena aurrera atera izana. Orain, behin Senatuak erreforma berria onartuta, senatariek banan-banan bozkatu beharko dituzte Mileiren proiektua osatzen duten 26 atalak. Horiek adostu eta egin beharreko aldaketak egin ostean bozkatuko dute Diputatuen Ganberan.
Gogoratu beharra dago 2024ko uztailean UCA Argentinako Unibertsitate Katolikoko Zor Sozialaren Behatokiak txosten bat argitaratu zuela, eta, haren arabera, Argentinako herritarren %55,5 pobreak ziren urte hartako lehen hiruhilekoa amaitzean. Alegia, 25 milioi lagun inguru.
2023ko abenduan iritsi zen Milei agintera, eta, orduz geroztik, ekonomiako aldagai ugarik egin dute okerrera. Garai hartan ere, salatu zuten ultraeskuineko politikariak egindako moldaketa gehienak herritar zaurgarrien kalterako izan zirela.