mundua

Argitara eman dituzte Irango 1953ko estatu kolpean CIAk parte hartu zuela frogatzen duten agiri batzuk

Kolpearen ondorioz, monarkia parlamentarioa izatetik absolutu izatera pasa zen Iran. 

2013ko abuztuaren 19a
15:01
Entzun

Jakina zen Irango 1953ko estatu kolpean Erresuma Batuak eta AEBek parte hartu zutela,  Mohammed Mosaddeq lehen ministroa gobernutik kentzeko. Argitara eman dituzten agirien arabera, estatu kolpearen prestaketa lanetan eta horiek burutzeko lanetan izan zen CIA. Estatu kolpea 1953ko abuztuaren 15etik 19ra izan zen, eta, ondorioz, Mosaddeq gobernutik kendu eta Iran, monarkia parlamentarioa izateari utzi, eta monarkia absolutu bihurtu zen, Mohammad Reza Pahlaviren agindupean.

Segurtasun Nazionalerako Artxiboak, ordea, ez du argitu nortzuk prestatu zuten estatu kolpea, nortzuk burutu zuten eta nortzuk babestu zuten Iranen bertan.

1951n hautatu zuten Mosaddeq lehen ministro, hauteskundeetan. Urte horretako martxoaren 20an petrolioa nazionalizatu zuen. Horrek Erresuma Batua haserretu zuen, eta estatu kolpea prestatzen hasi zen. Eisenhower AEBetako presidenteak onartu zuen laguantzea. Argitara eman diren agirien artean dago Mosaddeqen irudi txarra emateko sortutako propaganda. Besteak beste, gizartearen sektore guztiak zaintzeko espioitza sistema bat sortzea leporatzen zioten horietan, armadako buruak, kazetariak eta lider politiko eta erlijiosoak tartean.

"Gaizkile taldeak, soldatapean"

Orain arte CIAko hainbat agentek esan dute estatu kolpearekin lotutako agiriak desagertuta zeudela, 1960ko hamarkadan suntsitu egin zituztela. Segurtasun Nazionalerako Artxiboak argitaratu ditu orain, ordea, CIAk agiriak desklasifikatu eta horietarako sarbidea izan ostean. Artxiboa irabazi asmorik gabeko zentro bat da, George Washington Unibertsitatearen menpekoa. Artxiboak zoriondu egin du CIA agiriak desklasifikatzeagatik, baina "orain dela urte asko" egin zezakeela gaineratu du, "segurtasun nazionala arriskuan jarri gabe".

Estatu kolpea helburu zuen operazioak TPAJAX zuen izena. Irango bataila du izena CIAren parte hartzea frogatzen duen agiriak, eta 1970eko hamarkada erdialdekoa da. 1981ean, AEBetako Eskubide Zibilen Batasunak eskatuta, CIAk gertatutakoaren lehen bertsioa eman behar izan zuen. Orain argitara eman diren agirietan frogatzen da "gaizkile taldeak" ordaindu zituztela Teheranen manifestatzeko. Horien mugimenduak jasota daude hainbat mapatan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.