Esan ohi da gerra batean ez dagoela irabazlerik; baina bada egoera hori baliatu eta aberasten denik: armagintza enpresak. Munduko ehun arma ekoizle handienek 2023an baino %6 gehiago fakturatu zuten iaz armak salduta. Beste era batera esanda, 679.000 milioi dolarreko (584.192 milioi euro) salmentak egin zituzten 2024an. Gaur argitaratu du txostena SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Institutuak —Stockholmen du egoitza—. Urtero argitaratzen du horri buruzko lan bat, eta, emandako datuen arabera, inoizko diru sarrerarik handienak izan zituzten iaz armagintza enpresarik handienek.
Ukrainako eta Gazako gatazkak jotzen ditu txostenak igoeraren arrazoi nagusi gisa, baita nazioarteko tentsio geopolitikoak eta estatuen gastu militarraren igoera ere. Izan ere, apirilean eman zuen SIPRIk munduko gastu militarraren zenbateko osoa, eta hori ere inoizko handiena izan zen iaz, 2,4 bilioi eurokoa. Estatuek 2023an baino %9,4 gehiago erabili zuten gastu militarrean.
Txostenarekin batera argitaratutako oharraren arabera, 2018tik lehenengoz, munduko bost armagintza enpresa handienek salmentak handitu dituzte. Bost horietatik lau AEBetako enpresak dira —Lockheed Martin, RTX, Northrop Grumman eta General Dynamics enpresak—, eta bestea, bost handienen artean laugarrena, Erresuma Batuko BAE Systems da. Bost horiek, baita seigarrenak ere —Boeing (AEB)—, 30.000 milioi dolar baino gehiago fakturatu zuten iaz, eta sei horien artean 244.070 milioi dolarreko (209.756 milioi euro) diru sarrerak pilatu zituzten, ehun enpresa horiek guztiek fakturatutakoaren %35,9.
AEBetan daude armagintza enpresarik handienak; ehun handienetatik 39 hangoak dira, eta horietatik 30ek 2023an baino diru gehiago fakturatu zuten. 334.000 milioi dolar (287.043 milioi euro) jaso zituzten AEBetako enpresek, hau da, mundu guztiko ehun enpresa handienek fakturatutakoaren ia erdia. Hala ere, hazkundea batezbestekoaren azpitik egon da herrialde horretan, eta 2023an baino %3,8 diru gehiago sartu zitzaien zorrora.
Europan nabarmen hazi zen armen industria 2024an. Gehien saldu zuten ehun enpresen artean 26 dira Europakoak —Errusiakoak kanpoan utzita—, eta horietatik 23k aurreko urtean baino diru gehiago jaso zuten iaz. 151.000 milioi dolar (129.771 milioi euro) fakturatu zituzten Europako armagintza enpresa handienek, 2023an baino %13 gehiago. Oharraren arabera, hazkunde horrek lotura zuzena du Ukrainako gerrarekin eta Errusiaren «mehatxu pertzepzioarekin».
Eta Europakoa da hazkunderik handiena izan duen enpresa ere. Txekiako Errepublikako Czechoslovak Group taldeak 3.600 milioiko diru sarrerekin itxi zuen 2024a: 2023an baino %193 gehiago. Enpresarentzat mesedegarria izan da Txekiako Gobernuak 2024an Ukrainari armak bidaltzeko gauzatu zuen berrarmatze plana. Ukrainako enpresa bakarra dago SIPRIren zerrendan, JSC enpresa, 52. postuan, eta duela bi urte baino %40 handiagoak izan ziren haren salmentak ere: 3.010 milioi dolarrekoak (2.587 milioi euro).
Mendebaldetik harago
Armen industriak Mendebaldean du indar gehien, baina Errusian ere hazkunde nabaria izan zuen. Errusiako bi enpresa agertzen dira zerrendan, eta bi horien artean 2023an baino %23 gehiago irabazi zuten iaz, guztira 31.200 milioi dolar (26.814 milioi euro). Esportazioetan jaitsiera handia izan du armagintzak Errusian, baina barne eskaeren hazkundearekin nahikoa izan du kanpo eskaeren galera estaltzeko.
Hala ere, Mendebaldeak Errusiari jarritako zigorrek armak egiteko osagaien eskasia eragin du, SIPRIren arabera. Gainera, «zigorrak ez ezik, kontuan hartu behar da Errusiako armamentu enpresek ez dutela behar adina eskulan kualifikatu. Horrek ekoizpena moteldu lezake», adierazi du Diego Lopes da Silva SIPRIko ikertzaileak, oharrean. Baina ohartarazi du «zuhur» jokatu behar dela horrelako iragarpenak egitean: «Ukrainako gerran, Errusiako armagintza industriak erakutsi du erresilientea dela, eta aurreikuspenak gainditu ditu».
Errusiatik harago, Asiako eta Ozeaniako armagintza enpresek, orokorrean, beherakada izan zuten. Iaz, 130.000 milioi dolarreko (111.723 milioi euro) salmentak egin zituzten zerrendan dauden lurralde horietako enpresek, 2023an baino %1,2 gutxiago. Txinako apalaldiak baldintzatu du lurralde horretako jaitsiera; izan ere, lehen ehunen artean dauden Txinako zortzi enpresek %10 gutxitu zituzten diru sarrerak. Norico da Txinako arma enpresarik handiena, eta 2023an saldutakoa baino %31,2 gutxiago saldu zuen iaz. SIPRIko zuzendarietako batek azaldu duenez, jaitsiera hori gertatu da hainbat kontratu eten zirelako 2024an, armen kontratazioan ustelkeria salaketak zirela medio.
Baina Txinako egoera alde batera utzita, gora egin dute arma ekoizleek Asian ere. Japoniako bost enpresa handienak %40 hazi ziren (13.300 milioi dolar; hau da, 11.430 milioi euro), eta Hego Koreako lau ekoizle handienek ere %31 egin zuten gora (14.100 milioi; hau da, 12.118 milioi euro).
Inoiz baino gehiago
Ekialde Hurbileko herrialde batzuek ere indar handia dute armagintzan. Ehun handienetatik bederatzi dira eremu horretakoak, eta 31.000 milioi dolar (26.642 milioi euro) pilatu zituzten iaz (%14 gehiago). Kopuru horren erdia irabazi dute Israelgo hiru enpresak, 2023an baino %16 gehiago. Zubaida Karim SIPRIko ikertzailearen arabera, «Israel Gazan egiten ari denak nazioartean gaitzespena izan duen arren, horrek eragin txikia izan du Israelgo armekiko interesean. Herrialde askok jarraitu zuten Israelgo enpresei eskaerak egiten 2024an».
Inoiz baino gehiago gastatzen da armetan. Aurten ia 600.000 euroko diru sarrerak izan dituzte munduko ehun enpresa handienek. Handia izan da hazkundea XXI. mendean, bada, SIPRIren datuen arabera, iaz 2002an jasotako diruaren aldean %239 gehiago jaso zuten munduko ehun armagintza enpresa handienek. Gainera, bi urtean %13,5 handitu dira salmenta horiek.