Politologoa

Martin Arbeo: «Kaosa gobernatzeko tresna bilakatu da gerra»

Armagintza sektoreko etekinen harira, politologoak esan du «ausardia politikoa» behar dela nazioartearen militarizazioari aurre egiteko: «Arazoa da inor ez dela gai gerra mentalitatetik atera eta besterik pentsatzeko».

Martin Arbeo politologoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Martin Arbeo politologoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abenduaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esku ikusezinek maneiatzen omen dituzte merkatuak: nolako eskaria, halako eskaintza. Eta armagintzaren sektorean, munduko enpresa handienak eskuak igurzten ari dira. Inoizko mozkinik handienak izan zituzten iaz, han-hemengo gerrek eta gatazkek hauspotuta. Martin Arbeo politologoak (Durango, Bizkaia, 1996) «bakearen ideia» berreskuratu beharra dagoela nabarmendu du.

Nazioarteak bizkar gainean dituen gerrek eta gatazkek armagintza sektorea aztoratu dute...

Berrarmatzearen ideia ekonomia —eta bereziki Europakoa— suspertzeko neurri gisa saldu nahi digute. Pandemiaren ostean eratu zen marko politikoa desegiten ari dira horrela; ordu hartan, helburu argi bat zegoen: Europako ekonomia berpiztea, betiere oinarrizko zerbitzu publikoak mantenduz, 2008ko krisiaren ondoren egin ez zen bezala. Orain, kontrara, martxan dagoen gerra logikari jarraituz, berrarmatzearen bidez suspertu nahi dute Europako ekonomia: neurri berde gutxiago, eta arma gehiago.

Nazioartea ados jarri al da gerrarako prestatzeko? Ba al du presarik?

Funtsean, berrarmatzea eta gerra gaur egun dugun fase geopolitikoaren ondorio bat dira. Kaos ekosistemiko gisa definitu daiteke; kontzeptu horrekin adierazi nahi da bi krisi korapilatzen ari direla: batetik, AEBen hegemonia krisia, eta, bestetik, krisi ekosoziala. Eta sistemak biei ala biei soluzioa bera aurkitu die: gerra. Esan daiteke kaosa gobernatzeko tresna edo bitarteko bilakatu dela gerra; gerra logika batean oinarrituta pentsatzen eta gobernatzen dela edozein irtenbide.

Logika horretan, disuasio politikak eraginkorrak ote dira?

Disuasioaren ideia gerra mentalitate horren B aldea da. Esaterako, Trump iritsi, eta Europan izugarrizko beldurra sortu eta hedatu da; hots, beldur handia dago epe labur edo erdiko epe batean AEBen eta NATOren babes irmorik gabe geratu gaitezkeela. Hori da nazioarteko hainbat analistak eta komunikabidek hauspotzen duten kontakizun bat. Horren aurrean, zer erantzun planteatu du Europak? Ba Errusiarekiko disuasio gaitasuna Europak bere kabuz eskuratu beharko lukeela. Horri erantzuten dio Europaren berrarmatze planak.

Arazoa da inor ez dela gai gerra mentalitate horretatik atera eta besterik pentsatzeko. Azken batean, inor ez da gai alde guztien segurtasuna bermatzearen aldeko apustu irmo bat planteatzeko. Horretarako, logika horretatik aldendu behar delako, eta ausardia politikoa izan.

Normalizatu egin al da indar militarraren aldeko apustua?

Trumpek globalizazio neoliberala desegiteari ekin dio; AEBek eurek antolatu eta gidatu zuten nazioarteko ordena; nahiago dute hori desegin, hortik Txinak haiek baino etekin handiagoa ateratzen duelako. Eta ari dira beste ordena bat sortzen non indarraren erabilera eta gerra gero eta gehiago normalizatuko den. Azken batean, edozein ordena hegemoniko oinarritzen da estutzearen eta kontsentsuaren arteko oreka batean; horrek dominazio eredu bat osatzen du. Badirudi eratzen ari den ordenan indarkeriaren dimentsioa gero eta pisu handiagoa ari dela hartzen. Inperialismo gero eta gordinago baterantz goazela.

Nola egituratu behar da horren kontra?

Bakearen ideia berreskuratu behar da, bi zentzutan. Batetik, programa politiko gisa: gerra erregimen hau sostengatzen da bizitza etengabe gutxiesten, eta, horren aurka, bakearen eta bizitzaren defentsan egituratuko den programa edo alternatiba politiko bat osatu beharko litzateke. Bestetik, bakearen alde egitea zentzu praktikoenean: bakea defendatu behar da gaur eta hemen. Kontuan izan behar da edozein unetan gogortu daitezkeen gatazkak daudela: Ukrainakoa, Ekialde Hurbilekoa, Venezuelan giroa berotzen ari dela ikusten ari gara... Eta gerra dinamika horiek elikatzen dituzten sintoma txikienak ere desaktibatu eta desegin beharko lirateke: horrek izan beharko luke lehentasun politikoa. Mundu guztiak aritu beharko luke horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.