PKK gerrilla kurdua armak suntsitzen hasi da

Armagabetzearen hasiera irudikatzeko, zeremonia bat egin dute Iraken menpeko Kurdistanen. Prozesuak zenbait hilabete irautea espero dute. Milizianoek ekitaldian nabarmendu dutenez, «integrazio demokratikoa» lortzea dute helburu.

PKKren milizianoak, gaur, armak sutara botatzen. ANF
PKKren milizianoak, gaur, armak sutara botatzen. ANF
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko uztailaren 11
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurdua armak suntsitzen hasi da gaur, aurrez iragarri bezala. Horretarako, zeremonia bat egin dute Iraken menpeko Kurdistanen, Sulaimaniya hirian. Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldea izeneko adarrak ohar bat irakurri du, eta, nabarmendu duenez, maiatzean borroka armatua uztea erabaki ondoren, armagabetzea hasi dute milizianoek, Abdullah Ocalan beren lider kartzelatuak eskatu bezala. Kurduek eta Turkiako Gobernuak espero dute prozesuak zenbait hilabete irautea.

PKK gerrilla kurduak armagabetzearen hasiera irudikatzeko egin duen zeremonia, Iraken menpeko Kurdistanen. ANF

Gerrillak 1984an ekin zion Turkiako estatuaren aurkako borroka armatuari. Gatazka hori dela eta, 40.000 pertsona inguru hil dira; gehienak, gerrillariak. Bakerako eta Gizarte Demokratikorako Taldeko 30 pertsonak —hamabost emakumezko eta beste horrenbeste gizon— Jasana kobazuloaren kanpoaldean egindako zeremonian azaldu dutenez, deliberatu dute «askatasunaren, demokraziaren eta sozialismoaren alde borroka egitea», horretarako «molde politiko demokratikoak» baliatuz, «integrazio demokratikoari» bide emateko. «Horregatik, borondate eta erabakitasun keinu gisa, zuen aurrean suntsituko ditugu armak». Reuters berri agentziari Turkiako goi funtzionario batek esan dionez, «atzera-bueltarik gabeko mugarri» bat da PKK armak suntsitzen hastea.

Kurdistango ANF Firat News berri agentziaren arabera, intelektualak, kazetariak, alderdi politikoetako kideak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeetako kideak aintzat hartuta, 150 pertsona inguruko ordezkaritza batek parte hartu du zeremonian. Han gutxi gorabehera 11:25 zirenean hasi da, hogei minutu inguru iraun du, eta, oharra irakurri ondoren —kide batek kurdueraz irakurri du, eta beste batek turkieraz—, gerrillariek armak eta gerrikoak erre dituzte.

(ID_15135953) (/EZEZAGUNA) 6019330832541533220
PKKren milizianoak armak suntsitzeko ekitaldian, gaur, ohar bat irakurtzen. ANF

DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdia ezkerreko indarra da ordezkaritza bidali dutenetako bat. Turkiako Asanblean parlamentari gehien duten alderdien artean hirugarrena da, kurduen aldekoa, eta bitartekari aritu da Ankararen eta PPKren artean. «Turkiaren demokratizazioa eta kurduen auziaren konponbide demokratikoa estuki lotuta daude», esan du DEMen talde parlamentarioaren presidenteorde Sezai Temellik, ANFk jaso duenez. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak sare sozialetan adierazi duenez, PKKren «urrats garrantzitsuak emaitza onak» ematea espero du. Bihar da armagabetzeaz hitz egitekoa, AKP Justizia eta Garapena haren alderdiaren bozeramaile Omer Celikek gaur iragarri duenez.

Eta Turkiako zenbait hedabideren arabera, armagabetze prozesuan ezinbestekoa izan den beste eragile bat Devlet Bahcel da, MHP Mugimendu Nazionalista alderdi ultranazionalistaren —Erdoganen aliatuaren— liderra. Duela hilabete batzuk borroka armatua uzteko eskatu zien gerrillari kurduei; «hitz egin ezazue parlamentuan», esan zien. Eta gaur komunikabideei adierazi die PKK-k hitza bete duela eta hartutako konpromisoei eutsi diela. Era berean, DEMen egitekoa txalotu du.

«Bozgorailuetatik eskatu badute ere esloganik ez oihukatzeko, gerrillariak agertu direnean Ocalanen aldeko leloak oihukatzen hasi da jendea»

IGOR ZULAIKAEH Bilduren Nazioarteko Politika eta Harremanetarako arduraduna

Ekitaldian parte hartu du EH Bilduk ere, eta han izan da Igor Zulaika legebiltzarkidea, koalizio subiranistaren Nazioarteko Politikarako eta Harremanetarako arduraduna. Telefonoz azaldu duenez, gerrillariak menditik jaitsi dira, bidexka batean zehar. Adierazpena irakurtzen amaitu dutenean, armak suontzi batean utzi dituzte, eta komandanteek su eman diete. «Ondoren, dagoeneko suntsitzen hasiak diren armen zerrenda bat eman diote giza eskubideen erakunde bati. Ekitaldia amaitu denean, mendira itzuli dira berriz». Ekitaldia «oso hunkigarria» izan dela nabarmendu du EH Bilduko legebiltzarkideak: «Bozgorailuetatik eskatu badute ere esloganik ez oihukatzeko, gerrillariak agertu direnean Abdullah Ocalanen aldeko leloak oihukatzen hasi da jendea, eta, joan direnean, txaloka».

DEM alderdiko kideak Sulaimaniya hirira heltzen, gaur goizean. ANF
DEM alderdiko kideak Sulaimaniya hirira heltzen, gaur goizean. ANF

Ez du jende askok izan gaurko ekitaldira sartzeko aukera; «oso mugatua» izan da. Zulaikaren arabera, bera eta Alemaniako Die Linke alderdiko ordezkari bat izan dira ekitaldia bertatik bertara ikusi duten nazioarteko ordezkari europar bakarrak. Ekitaldian zehar telefonoak kendu dizkietela ere esan du, eta soilik bi hedabidek izan dutela irudiak hartzeko aukera: Firat News berri agentziak eta Turkiako Kanal 8 hedabideak.

«Printzipioa betetzeko»

Milizianoek adierazi bezala, Ocalan PKKren sortzaile eta liderrak eskatu die armak entregatzeko. Herenegun kaleratutako bideo agerraldi batean, buruzagi kurduak berretsi zuen borroka armatuaren garaia amaitu dela eta «politika demokratikoaren eta zuzenbidearen» bidea ibiltzeko tenorea dela:  «Ez dut armen boterean sinesten, politikaren eta bakearen boterean baizik. Printzipio hori gauzatu dezazuela eskatzen dizuet», adierazi zuen. Hain justu, milizianoak «guztiz ados» daude hitz horiekin. «Harro gaude, beharrezkoa dena egiten ari baikara printzipio hori betetzeko», azaldu dute.

Eta erabakiari testuingurua eman diote: «Mundu osoan faxismoa goraldian dela eta horrek presioa sortzen duela aintzat hartuta, eta Ekialde Hurbileko gertakari odoltsuei erreparatuta, gure herriak, inoiz baino gehiago, bizimolde baketsu, aske, berdinzale eta demokratiko bat behar du». Horiek horrela, adierazi dute pauso «handia» eman dutela, eta «historikotzat» jo dute. Bide batez, kurduen «sufrikarioaren erantzuletzat» jota, eskualdeko eta nazioarteko indarrak deitu dituzte «gizarte demokratiko baterako bake prozesua» babestera.

pkk-ren ibilbidea

  • 1978. PKK erakundea sortu zuten ofizialki, Kurdistango estatu independente eta sozialista sortzea zuen helburu.
  • 1980. Estatu kolpe militarra eman zuten Turkian. Kenan Evrenek hartu zuen presidente kargua (1980-1989), eta kurduen eskubideak are eta gehiago zapaldu zituen; kurduera eta erakunde kurdu gehienak debekatu egin zituen.
  • 1984. PKK-k borroka armatuari ekitea erabaki zuen.
  • 1989. Turgut Ozalek hartu zuen presidente kargua (1989-1993), Evrenek politika utzi ostean.

  • 1991. Turkiak kurduera legeztatu zuen.
  • 1993. PKK-k su etena deklaratu zuen. Hiru hilabeteren buruan albo batera utzi zuen, Turkiako soldaduek erakundeko hamahiru kide hil ostean.
  • 1995. Gerrillak beste menia bat ezarri zuen, gobernu berriari negoziatzeko aukera emateko, baina ez zuen fruiturik eman.
  • 1997. AEBek «erakunde terroristen» zerrendan sartu zuten PKK.
  • 1998. PKK-k, lehen aldiz, Turkiaren osotasuna eta subiranotasuna aitortu zituen. Urte berean, Ankarak egindako presioagatik, Siriatik kanporatu zuten Ocalan —han bizi zen 1980tik—.
  • 1999. Turkiako agenteek Ocalan atxilotu zuten, Kenyan.
  • 2004. PKK-k bertan behera utzi zuen 1999tik indarrean zegoen menia. Garai horretan aldaketa sakonak egin zituzten: atzean geratu zen estatu kurdu independente bat osatzeko helburua, eta planteamendu politiko berri bat adostu zuten: konfederalismo demokratikoa deiturikoa.
  • 2013. Ocalanek menia ezarri zuen, eta gerrillariei Turkia uzteko agindu. PKK-ko kideak herrialdetik alde egiten hasi ziren, baina, hilabete batzuen buruan, bertan behera utzi zuten erabakia, Ankarari bake prozesua oztopatzea egotzita.
  • 2014. EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokara batu zen PKK, Siriaren menpeko Kurdistanen.
  • 2025. Otsailaren 27an, Ocalanek armak uzteko deia egin zion PKKri, eta, egun batzuk geroago, PKK-k su etena iragarri zuen. Maiatzaren hasieran, gerrillak jakinarazi zuen borroka armatua uztea eta taldea desegitea erabaki zuela.

Otsail amaieran, Ocalanek berak egin zuen armak uzteko deia, Imraliko kartzelatik (Turkia). Denera 26 urte daramatza han preso, 1999tik. Gerrillaren sortzaileak mezu hori kaleratu eta egun batzuk geroago, PKK-k su etena iragarri zuen. Maiatzaren hasieran, gerrilla kurduak 12. kongresua egin zuen, eta haren ostean, maiatzaren 12an, jakinarazi zuen borroka armatua uztea eta taldea desegitea erabaki zuela.

Iragan astean, Kurdistango hedabideek iragarri zuten armagabetze prozesua aste honetan hastekoa zela, eta DEMek baieztatu zuen gaur hasiko zela. Hain justu, kurduen aldeko alderdi horretako ordezkaritza bat Ocalanekin batzartu zen igandean, eta Erdoganekin astelehenean. Bilera horien ostean, herenegun, Firat News berri agentziak Ocalanen bideo agerraldia kaleratu zuen —ekainaren 19an grabatu zuten—.

Turkiak herri kurdua aitortu duela ziurtatu zuen Ocalanek; hala, betetzat jo zuen gerrillaren «oinarrizko helburua». Gainera, proposatu zuen armagabetze prozesua gainbegiratuko duen batzorde bat sortzea Turkiako Asanblean. Erdogan ere mintzatu zen herenegun, eta adierazi zuen Turkiak bermatu egingo duela armagabetze prozesua inork ez «sabotatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.