«Borroka armatuaren» garaia amaitu dela eta «politika demokratikoaren eta zuzenbidearen» bidea ibiltzeko tenorea dela berretsi du Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren sortzaile eta liderrak. Ekainaren 19an egin zituen adierazpen horiek, Imraliko kartzelan (Turkia), eta Kurdistango ANF Firat News berri agentziak gaur kaleratu du bideoa. Turkiak herri kurdua aitortu duela ziurtatu du Ocalanek; hala, gerrillaren «oinarrizko helburua» betetzat jo du, eta PKK-ko kideei armak entregatzeko deia egin die berriz ere: «Ez dut armen boterean sinesten, politikaren eta bakearen boterean baizik. Printzipio hori gauzatu dezazuela eskatzen dizuet».
Ocalanek 26 urte daramatza preso; otsail amaieran hark egin zuen armak uzteko deia. Egun batzuk geroago, PKK-k su etena iragarri zuen. Maiatzaren hasieran, gerrilla kurduak 12. kongresua egin zuen, eta, haren ostean, maiatzaren 12an, jakinarazi zuen borroka armatua uztea eta desegitea erabaki zuela. Herenegun, Ocalanekin Imraliko kartzelan batzartu eta biharamunean, DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiaren ordezkaritza bat Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin bildu zen Ankaran.
Azkeneko hilabeteetan, DEM bitartekari lanetan ari da, PKKren eta Turkiako Gobernuaren artean. Ezkerreko alderdi bat da, Turkiako Asanblean parlamentari gehien duten alderdien artean hirugarrena. Ocalanekin bilerak egin izan dituzte azken hilabeteetan Imraliko espetxean; buruzagi kurduak adierazi duenez, bilkura horiei esker eman dira emandako aurrerapausoak.
Kurduen aldeko alderdi horretako ordezkarien arabera, PKK etzi da armak entregatzen hastekoa. Rudaw hedabide kurduak kaleratu duenez, Iraken menpeko Kurdistanen hasiko dute armagabetzea, Sulaimaniya hirian. PKKren miliziano gehienak Irak iparraldeko mendietan daude. Haietatik da jaistekoa armak utziko dituen lehen gerrillari taldea; Rudawren arabera, 30 edo 40 miliziano inguruk osatzen dute. Aysegul Dogan DEMeko bozeramaileak elkarrizketa bat eman dio Rudaw hedabideari gaur, eta jakinarazi du lehen entrega ez dutela telebista bidez igorriko. Baina gaineratu du posible dela Ocalanek bideo agerraldi bat egitea armagabetzea hasten den egunean.
Armagabetze prozesua ez duela inork «sabotatuko» bermatuko du Turkiak; hala adierazi du gaur Erdoganek. AKP Justizia eta Garapena bere alderdiko diputatuen aurrean Turkiako Asanblean egindako agerraldian ziurtatu du datozen egunetan aurrerapausoak emango dituztela, «izuaren harresia» erori egingo dela, eta prozesua arrakastaz amaituko dela.
Ocalanek azpimarratu du armagabetze prozesuak «gardena» izan behar duela eta Turkiako Asanbleak eta herritarrek gainbegiratu behar dutela; DEM alderdiak horretan lagunduko duela gehitu du. Eta proposatu du gainbegiratzeaz arduratuko den batzorde bat sortzea Turkiako Parlamentuan. «Armagabetzerako mekanismo bat ezartzeak bide emango dio prozesuak aurrera egiteari», adierazi du PKK-ko liderrak.
Estatu kurdua, albo batera
Ocalanek gehitu du PKK-k albo batera utzi duela «nazio estatu bat» eraikitzeko asmoa, eta ziurtatu egindako urratsa ez dela «galera» bat, «garaipen historiko bat» baizik.
Gerrilla kurdua 1978an sortu zuten, eta 1984an erabaki zuten borroka armatuari ekitea; azkeneko berrogei urteetan 45.000 hildako inguru eragin ditu gatazkak —gehienak kurduak—. Hasieran PKKren helburua estatu kurdu independente eta sozialista bat osatzea bazen ere, azken hamarkadetan Turkiako kurduen autonomia areagotzera bideratu du bere borroka. Bai Turkiak, bai EB Europako Batasunak, bai AEBek «talde terroristatzat» daukate gerrilla.
Estaturik gabeko nazio guztietan handiena da Kurdistan. Turkia (30 milioi), Iran (14 milioi), Irak (zazpi milioi) eta Siria (bi milioi) artean 53 milioi kurdu inguru bizi dira.
turkiak esan du ocalanek preso jarraituko duela
Turkiako Gobernuak Europako Kontseiluari bidalitako ekintza planaren arabera, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren sortzaileari ez diote «itxaropenerako eskubidea» aplikatuko; beraz, buruzagi kurduak Imraliko espetxean jarraituko du, Turkian. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak azken hamar urteetan zenbait epai eman ditu, eta ebatzi Ankarak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu duela, bizi guztiko kartzela zigor larriagotua ezarri izan baitie hainbat presori, besteak beste Ocalani. Hala, auzitegiak ebatzi zuen preso horiei ukatu egin zaiela baldintzapeko askatasunerako eskubidea, «itxaropenerako eskubidea». Legedia aldatzea exijitu zion Turkiari, baina Ankarak ez du horretarako asmorik, ekainaren 27an Europako Kontseiluari bidali zion ekintza planaren arabera: «Delitu oso larri batzuk aukera horretatik salbuetsita daude».
Buruzagi kurdua 1999tik dago espetxeratuta, eta urteotan guztiotan bakartuta egon da. Gaur kaleratu duten bideoan, Ocalanek adierazi du bera aske uztea ez duela inoiz «kontu pertsonal» gisa ikusi: «Filosofikoki, pertsona baten askatasuna ezin da gizartearen askatasunetik bereizi».