Hurreratzeko keinua egin dute AEBetako eta Taiwango presidenteek

Ikusita Trumpek kolokan utzi duela armen salmenta bat, Laik esan du prest dagoela harekin hitz egiteko; AEBetako presidenteak ere hizpide izan nahi du «Taiwango problema». Bi herrialdeek 1979an eten zituzten harreman diplomatikoak.

Lai Ching-te Taiwango presidentea, atzo, Taipein egin zuen agerraldi batean. RITCHIE B. TONGO / EFE
Lai Ching-te Taiwango presidentea, atzo, Taipein egin zuen agerraldi batean. RITCHIE B. TONGO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 21a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasarte batek baino ez ditu banatzen Txina eta Taiwan; elkarrengandik ehun kilometro pasatxora egonagatik ere, norbere konbentzioei dagokienez ezin dute urrunago egon. Asia ekialdeko uharte hori beldur da munduko potentzia handienetarikoaren mehatxuez, zeren Txinak, bere lurraldetzat daukanez gero, esana baitu jarrera hori indarrez defendatuko lukeela. Erraldoiaren parean, Taiwanek inondik inora ere ez du nahi ñimiño geratu arlo militarrean, eta ohartarazpen gisa interpretatu ditu Donald Trumpek joan zen astean Pekinera egindako bisitaren ostean esandako hitzok: «Agian onartuko dut, agian ez».

Ameriketako Estatu Batuetako presidentea 14.000 milioi dolarreko arma salmenta bati buruz ari zen (12.000 milioi euro). Taiwanek irizten dio armategia beteta eduki behar duela Txinari kontrapisua egiteko, eta jakinarazi du Lai Ching-te presidentea prest dagoela Trumpekin hitz egiteko; hori ez da arinkeria, 1979tik etenda baitaude bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak, Washingtonek Txinako Errepublikaren ordez Txinako Herri Errepublika errekonozitu zuenetik, hain zuzen ere.

AEBetako presidenteak aitortu du baduela zer eztabaidatu «Taiwanen agintzen duenarekin»: «Harekin hitz egingo dut. Guztiekin hitz egiten dut. Jardungo dugu zerari, Taiwango problemari buruz», esan zien atzo kazetariei, Air Force One hegazkinera igo baino lehen. Ezein aldek ez du inolako bileraren berri eman, baina, halakorik balego, Taipeik dagoeneko iragarri du zer esango liokeen Laik besteari: gobernua «bare» dagoela itsasarteko statu quo-ari eusteko konpromisoari dagokionez, eta Pekinek jartzen dituela arriskuan eskualdeko «bakea eta egonkortasuna». Hori adierazi du Taiwango Atzerri Ministerioak Efe albiste agentziari gaur bidali dion ohar batean.

Hori bai, Taiwango Institutu Amerikarreko zuzendariak, Ramond Greenek, ziurtatu du AEBen atzerri politika ez dela aldatu —anbiguotasun estrategikoa delakoari jarraitzen diote; hau da, galarazi egin nahi dute Txinak hura kontrolpean hartzea, baita Taiwanek nazioartean estatu gisa aitortza izatea ere—. Washingtonek Taiwanen de facto ezarria duen enbaxada modukoa da institutu hori, eta hango zuzendariak CNA albiste agentziari adierazi dio Txinarekin «harreman egonkorra» eta Taiwanekin «lankidetza sendoa» edukitzeak ez duela zertan «gatazka» izan.

Trumpek joan zen astean botatakoek, ordea, urak harrotu dituzte. Iazko abenduan, AEBek Taiwani 11.000 milioi dolarreko arma salmenta bat egitea onartu zuen (9.400 milioi euro), orain arte herrialde horri egindako handiena; urtarrilean, berriz, Kongresuak oniritzia eman zion 14.000 milioi dolarreko beste bati (12.000 milioi euro). Baina Xi Jinping Txinako presidenteari egindako bisitaren harira, AEBetako presidenteak atzeratu egin du Kongresuak salmenta hori behin betiko berresteko egin behar duen bozketa, iritzita Pekinekin negoziatzeko «abantaila» dakarrela. Trumpek berak baieztatu zuen Xirekin «asko» hitz egin zuela Taiwani buruz, eta armen gaia atera ziola hark.

Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak AEBei ohartarazi die, gaur eman duen prentsaurreko batean, «tentu handiz» ibil daitezela Taiwango auzian, eta ez dezatela bidali irlaren independentziaren aldeko «seinale okerrik».

Pekin presio egiten ari zaio Washingtoni armen salerosketa dela eta. Finantial Times egunkariak gaur kaleratu duenez, horren arabera erabakiko du onespena emango ote dion AEBetako Gerra Departamentuko Defentsa Politiken saileko idazkariorde Elbridge Colby udan Pekinera egitekoa bisitari. Iturri batek egunkariari esan dio AEBek idazkariordearen bidaia baliatu nahi dutela Pete Hegseth Gerra idazkaria Txinako hiriburura itzultzea eztabaidatzeko —joan zen astean Trumpekin batera joan zen ordezkaritzaren parte izan zen—.

Taipei eta «autodefentsa»

Laik atzo nabarmendu zuen, karguan bi urte bete dituela-eta emandako prentsaurreko batean, «beharrezkoa» dela Taipeik armak erostea AEBei, zertarako-eta «segurtasuna» bermatzeko. Gastu militarra areagotzearen aldekoa da —herrialdearen barne produktu gordinaren %3,3ra ailegatzekoa da urtearen amaierarako—, gobernua «kontziente» baita zer «mehatxu» dituen parez pare: «Autodefentsa indartzen ari gara ez gatazka bat pizteko, baizik gerra bat saihesteko».

100.000

 

Taiwanek zenbat drone ekoitzi nahi dituen hilean. Taiwanek geroz eta drone gehiago produzitu nahi ditu: 2030erako, hilero 100.000 ekoitzi nahi ditu, herrialdeko Ekonomia Ministerioko goi kargudun batek gaur prentsaurreko batean iragarri duenez; asmoa da horien erdiak esportatzea. Gaur egun, Taiwanek 15.000 drone inguru produzitzen ditu hilero, eta horien bostenak baino gehixeago saltzen ditu kanpora, gehienbat Txekiara, Poloniara eta Ameriketako Estatu Batuetara.

Are, AEBei 40.000 milioi dolarren armak erosteko proposamena egin izan du azken hilabeteotan (34.400 milioi euro), nahiz eta azkenean herrialdeko parlamentuak maiatzaren hasieran erabaki 25.000 milioi dolar jarriko dituela horretarako (21.500 milioi euro); aintzat hartzekoa da Lairen alderdia, Alderdi Demokratiko Aurrerakoia, gutxiengoan ari dela gobernatzen. Hala eta guztiz ere, presidenteak «zuzenketak» egingo zituela iragarri zuen atzo.

Trumpen jarrera anbiguoa gorabehera, Taiwanek badu ez kezkatzeko arrazoirik: bata, AEBek 1979an onartutako Taiwanekiko Harremanen Legea, zeinaren bidez konpromisoa hartu zuten, urte horretan harreman diplomatikoak bertan behera utziagatik ere, irla «defentsarako armaz» hornitzeko; eta, bestea, AEBek 1982an onartutako atzerri politiken sorta bat, Sei Bermeak delakoa, zeinaren bidez konpromisoa hartu zuten Taiwanentzako armen salmentak Txinarekin ez kontsultatzeko. Dena den, azken armen salmentari buruz hizketan, Trumpek esan zuen «esperoan» dagoela Pekinek zer esango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE