Afganistango Emirerri Islamikoa jaio da. Hala aldarrikatu zuen herenegun gauean Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak. AEBetako azken soldadua hegazkinera igo eta minutu gutxira egin zituen adierazpenok, hogei urteko okupazioari amaiera eman zion hegaldia aireratu ostean. Afganistan «nazio aske eta subiranoa» dela ohartarazi zuen Mujahidek, eta nabarmendu, «Amerika garaiturik», nazioarteko harremanak sendotzeko garaia dela orain. Izan ere, aro berri bat hasi dute herrialdean, antzinako politiketan oinarritutako aldi bat, zeinak etsai zaharrei aurre egiteko harreman berriak bilatzen dituen. Hala, talibanen eledunak berretsi zuen miliziek —orain armada— estatuaren «independentzia eta askatasuna» defendatuko dituztela, eta, batez ere, balio islamikoak bermatuko.
AEBetako azken soldadua Kabuldik irten eta berehala jabetu ziren talibanak hiriburuko aireportuaz, eta AEBek bertan utzitako helikoptero, drone nahiz ibilgailuez. Etxe Zuriak sare sozialen bidez zabaldutako oharraren arabera, hala ere, aparatu guztiak indargabetuta leudeke —Washingtonek kritika andana jaso du azken asteetan, haiek Afganistango armadaren esku utzitako armen eta teknologiaren jabe egin direlako orain talibanak, arma berrienak dituen milizia bilakatuz—. Aireportua bera «datozen egunetan» zabalduko dutela iragarri dute talibanek, «arazo teknikoak» konpondu ostean. Aginte berria Qatarrekin eta Turkiarekin hitz egiten ari da, hegaldi komertzialak berriz hasteko. Turkiak eskaini die segurtasunaz arduratzea, baina talibanek ez diote horri uko egin nahi.
Ebakuazio militarra amaitu bada ere, Washingtonek zehaztu du misio diplomatikoak jarraitu egingo duela. «Amaitzetik urruti gaude», adierazi zuen Joe Biden presidenteak, erretiratzearen osteko lehen prentsa agerraldian, eta gaineratu: «Herri afganiarra babesten jarraituko dugu, diplomaziaren eta konpromisoaren bidez». Halaber, behar izanez gero, AEBetako armadak inguruko baseetatik erasoak egiteko gaitasuna duela ohartarazi zuen. Dena den, AEBen egungo erronkei begiratzearen alde mintzatu zen Biden, «2001eko mehatxuak» atzean utzita: «Bazen garaia gerra hau amaitzeko».
Herritarrak ateratzeko lanean ere jarraituko dutela ziurtatu zuen, nahiz eta nabarmendu zuen herrialdetik irten nahi zuten estatubatuarren %99k lortu zuten. Etxe Zuriaren datuen arabera, 79.000 zibil eta beste nazionalitate batzuetako 73.000 afganiar eta laguntzaile atera dituzte Afganistandik. Frank McKenzie armadaburuak aitortu du ez dutela lortu nahi zuten jende guztia ateratzea, baina zehaztu du hamar egun gehiago geratuta ere ez zuketela lortuko.
AEBetako tropek atzokoa zuten hogei urtez okupatu duten herrialdetik ateratzeko azken eguna. Maiatzean hasi zuten erretiratzea ofizialki, nahiz eta aurreko urteetan han zituzten soldaduen kopurua apurka murriztuz joan. Biden saiatu zen ebakuazioetarako epemuga luzatzen, baita horretarako CIAko arduraduna talibanekin hitz egitera bidaliz ere, baina miliziek eutsi egin zioten jarritako datari, eta ohartarazi zioten «ondorioak» egongo zirela okupazioa luzatzen bazuten. Hala, estatuburuak ez zuen izan amore eman beste aukerarik.
Kezka eta beldurra
Gobernu berria ahalik eta azkarren osatzeko «ahalegin oro» egingo dutela esan zuen beste behin Muhajidek, eta berretsi hura «inklusiboa» izatea dela haien helburua. Talibanen bozeramailearen hitzek, baina, ez dituzte herritarren kezkak baretzen. Askok SIM txartelak erre eta sare sozialetako kontuak itxi dituzte, mendekuaren beldur. «Beldur direnak ez dira bakarrik gobernuaren gertukoak, baita kazetari, idazle eta artistak ere», zioen Frud Bezhan kazetariak.
Bitartean, Kabul iparraldeko Panjxir probintzian borrokak lehertu ziren atzo. Ahmad Massudek zuzendutako eskualdea Erresistentzia Indar Nazionala miliziaren menpe dago —haren aita, Ahmad Shah Massud, Iparraldeko Aliantzako buruetako bat izan zen—, eta mugimenduak ohartarazi du talibanen aurka egiten jarraituko dutela. Miliziaren arabera, azken borroketan zazpi taliban hil zituzten, eta beste hainbat zauritu.
Afganistan
Aro berri bat hasi da
AEBetako azken militarrak erretiratuta, Afganistan «nazio aske eta subiranoa» dela aldarrikatu dute talibanek. Kabulgo aireportua miliziaren esku geratu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu