Atariko emaitzen arabera, egungo Afganistango presidente Ashraf Ghanik karguan jarraituko luke, herrialdeko presidentetzarako hauteskundeetan bozen %50,64 lortu ostean. Afganistanen duela hiru hilabete egin zituzten hauteskundeak, baina Hauteskunde Batzorde Independenteak gaur eman du emaitzen berri.
Egungo lehen ministro Abdullah Abdullahek bozen %39,52 lortu du. Lehen ministroak, ordea, ez ditu emaitzak onartu. "Ez-legitimoak eta iruzurrezkoak" direla nabarmendu du. Abdullahen alderdiak azaldu du "iruzurrezko" 300.000 boto inguru daudela, eta salatu du hauteskunde batzordeak ez dituela kontuan izan haiek aurkeztutako kexak.
Afganistanen irailaren 28an egin zituzten bozak, eta parte hartzeko eskubidea zuten 9,6 milioi herritarretatik 2,7k bozkatu zuten. Horietatik 1,8 milioi boto hartu zituen batzordeak legezkotzat.